Cira Crespo.
Lauhazka

Feminismo espainolista (II). Atxiloketa baten irakurketa

2026ko otsailaren 15a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den artikulu batean 1918ko abenduko emakume espainolisten idatzi bat aipatu nuen, Espainiako Kongresuan Kataluniako Autonomia Estatutuaren inguruan eztabaidan ari zirela-eta argitaratu zutena, «dislokazio nazionalaren» aurka. Bada, testuinguru hartan, irizkiderik ez baitzuten faltan, errepresioa areagotu egin zuten. 1919ko ekainean Euzkadi egunkariari aldez aurreko zentsura prozedura ezarri zioten. Horrek esan nahi zuen argitaratu baino lehen ale guztiek zentsuratik pasatu behar zutela. Zirrara gogorra eragin behar zuen Euskal Herriko egunkaririk irakurriena irekitzean orrialdeak irakurtzera joan eta han eta hemen, testuak aurkitu beharrean, hutsuneak aurkitzeak. Adibidez, Kirikiñoren ekainaren 9ko zutabeak Ipuin bat zuen izenburua, baina testurik ez zekarren lerroek behar zuten espazioan. Eusko Gaztedia eta bere inguruko Aberri astekaria ere itxi zituzten. Eta garrantzitsuena... gazte asko zeuden kartzelan.

Testuinguru errepresibo hartan, abuztuaren amaieran, guk dakigula lehenengoz, emakume abertzale bat atxilotu zuten —ondo dakigunez, ez zen azkena izango—. Biktimak Maria Aizpuru zuen izena eta atxilotu zuten «gora Euzkadi askatuta» oihukatzen entzun zutelako. Garai hartan, aurrekari gutxiko gertaera zen emakumeak arazo politikoengatik atxilotzea, eta Maria Aizpururen atxiloketak hautsak harrotu zituen.

Euzkadi egunkarian, 1919ko irailaren 8an Getxoko emakumeek idatzitako testu garrantzitsu bat agertu zen, Euskal emakumeei deia (Llamamiento a las mujeres vascas) izenburupean. Zera esaten zuen, besteak beste: «Ezin konta ahal etxetan negar egin dute senide maiteen hutsuneagatik. Bazter guztietan ereindako minak gure arimetan garaipen-egarri zorrotza areagotu baino ez du egin. Neska gazte maiteok: Maria Aizpuru, kartzelan dagoen lehen euskal neska gaztea, sinbolo bat izango da guretzat berarekin egindako eskarnioa gogorarazteko. [...] Euskadiri egindako sakrifizioa gogorarazteko opari bat oparitzeko asmoz, euskal emakumeen artean harpidetza bat irekitzea erabaki dugu, gogo biziz lagunduko duzuelakoan».

Eta amaieran, egitasmoaren arduradunen izen eta abizenak.

«Algorta (Getxo), 1919ko irailaren 17a. Maria Aizpuru omentzeko batzordearen izenean: Maria de Gastellurrutia, Maria de Aranoa, Carmen Baque de Isusi, Blanca de Amezaga, Aurea de Aranoa».

Ez dakit konturatzen zareten, errepresio giro hartan, zer transzendentzia zuen neska gazte horien ekimenak. Arduraz, kontzientziaz, elkartasunez, bildu ziren errepresioaren aurkako ekintza bat egiteko; ekintza guztiz politikoa burutu zuten.

Testuinguru errepresibo hartan, abuztuaren amaieran, guk dakigula lehenengoz, emakume abertzale bat atxilotu zuten —ondo dakigunez, ez zen azkena izango—. Biktimak Maria Aizpuru zuen izena eta atxilotu zuten «gora Euzkadi askatuta» oihukatzen entzun zutelako

Getxoko emakumeen testuak gizon abertzaleen artean ere eragina izan zuen, eta handik bi egunera, Euzkadi egunkariaren azalean beste testu garrantzitsu bat argitaratu zen: Feminismo nacionalista izenburuduna. Gizon batek idatzi zuen, argi eta garbi adieraziz emakume horiena ekintza feminista izan zela. Goiz edo berandu emakumeei gizonezkoen eskubide politiko berberak aitortu beharko zitzaizkiela ere aldarrikatzen zuen. Gustatuko litzaidake garai hartako Madrilgo egunkariren bateko azalean feminismo hitzaren txintik aurkitzea. Izango da nonbait, agian.

Baina, etortzeko zena, nire aburuz, askoz handiagoa izan zen. Hainbat eta hainbat herritan dirua biltzen hasi ziren emakumeak. Are gehiago: Euzkadi egunkarian, hurrengo hilabeteetan, diru bilketaren kontakizuna egin zuten. Hain zuzen, herri bakoitzean dirua jarri zuten emakumeen zerrendak eman zituzten, izen eta abizen. Ondarroa, Galdakao, Mundaka, Astigarraga, Zestoa, Markina, Bergara, Deba, Durango, Gasteiz, Alonsotegi, Erandio, Las Arenas, Basauri, Bergara, Eibar, Algorta, Errenteria, eta askoz gehiago. Herri batzuetan 100 emakume baino gehiago atxiki ziren. Beste batzuetan 200 baino gehiago. Herri txikietako ehunekoak harrigarriak ziren. Badakizu zer den emakumeen %20k bere izen eta abizena ematea argitaratzekoa zen zerrenda baterako? «Gora Euzkadi askatuta» esate hutsagatik emakumeak espetxeratzeko baimena zabalik zegoela jakinik? Oraingoz, bildutako diruaz, honako zenbaki hau aurkitu dut: 3.428,30 pezeta. Garai berean baziren antzeko diru-bilketak atxilotuta zeuden gizon batzuengatik, baina ez zen urrutitik ere iristen hainbeste jende biltzera. Nabari da atzean beste zerbait zegoela. Zer? Bada, nire ustez, testuinguru historiko hartan politika egiteko euskal emakumeen gogo sutsua. Ageriko arrazoia Maria Aizpururi laguntzea zen; eta, horrekin batera, elkarrekin zerbait egiteko euskal emakumeen grina.

Are gehiago, dokumentazioa aztertzen ari naiz oraindik, baina nire aurretiazko ondorioak honako hauek dira: guztiak agentziadun neskak zirela, autonomoak, dirua erabiltzeko aukera zeukatela, eta ekintza guztiz politiko batean parte hartu zutela. Eta ez daukat dudarik astindu hartatik atera zirela geroago Emakume Abertzale Batza izango zenaren partaideak; izan ere, handik bi urtera eratu zen Emakume Abertzale Batza.

(ID_17678704781075) 1919ko abuztuaren 24ko EUZKADI egunkarian Maria Aizpuru emakumea
Maria Aizpururen atxiloketaren albistea. EUZKADI EGUNKARIA

Guztiarekin ere, Mercedes Ugaldek egindako tesian —Emakume Abertzale Batzaren sorrerari buruz idatzi den historiarik osoenean eta erreferentziatzat hartzen denean—, ez da kontuan hartzen Maria Aizpuruaren atxiloketaren ondoren agertu zen emakume mugimendu hori. Eta galdera da Ugalderi zergatik ez ote zitzaion iruditu aurrekari aski interesgarria. Nire ustez, hasteko, bere kontaketa guztiz lerrotuta dagoelako euskal errepresioa azaltzeko ohiko narratiba espainolistarekin: kontakizun horren arabera, errepresio espainola ez da inoiz izan sakoneko arazo bat, eta ez du eragin sakonik izan euskal gizartean; azaleko zerbait da, abertzaleek bere burua biktimizatzeko erabiltzen dutena. Horrela, Ugalderen ustez, Maria Aizpururen atxiloketak soilik erakusten zuen abertzaleek hura «propagandarako tresna gisa» nola erabili zuten. Maria Aizpururen inguruan eraiki zena —hau da, emakumeen arteko elkartasuna eta antolakuntza ahalmena—, berriz, ez zen aintzat hartzeko moduko ezer izan. Hain zuzen, mugimendu hori definitzeko «anecdĂ³tico» eta «espontĂ¡neo» hitzak erabiltzen ditu.

Emakume Abertzale Batzaren aurrekariak azaltzeko orduan beste zerbait interesatu zitzaion asko Ugalderi: Ropero Vasco ongintzarako erakundea. Emakume burgesak zebiltzan Ropero Vascon, behartsuenentzako dirua biltzen. Eta hori bai sartzen dela bere errelatoan: emakume dirudunak, politikan sartu nahi ez dutenak; baina, batez ere, batez ere, agentzia gabekoak, irizpide eta ekinbide propiorik gabekoak. Ukaezina da Roperoko emakumeek osatu zituztela, gero, Emakume Abertzale Batzako zuzendaritza-koadroak, horretan arrazoia dauka Ugartek; era berean, bistakoa da Ropero Vasco Bilboko erakunde bat izan zela, eta horrek ezin duela azaldu hamaikatxo hirixka eta herritan hilabete horietan egon zen emakumeen mobilizazioa, ezta herrietako emakume horien antolakuntza-ahalmena ere.

Egunkarian agertu ziren emakume zerrendak urregorria dira, zeharo zantzu esanguratsuak jakin ahal izateko zein ziren herrietako emakume-sareak, zein harreman mota zuten, zertan zen emakumeen agentzia politikoa, autonomia eta zentzu politikoa. Eta horiek ikertzen baditugu, agian, aurkituko ditugu zenbait erantzun inolaz ere ados ez datozenak feminismo jakin batek garai hartako euskal emakumeekiko dauzkan aurreiritziekin; bai, Euskal Herrian bertan sinetsi eta errepikatu ditugun aurreiritzi horiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA