Feminismotik abiatuta, euskarazko kantagintzaren genealogia berri bati behatuko diote Kanterri ikastaroan

Uztailaren 2an eta 3an egingo dute, Oiartzunen. Bertan izango dira, besteak beste, Iratxe Retolaza, Iraia Cambra, Leire Casamajou, Jone Exposito eta Udane Barinagarrementeria. Izena emateko epea zabalik dago jada.

Iratxe Retolazak emango du ikastaroko lehen hitzaldia. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Retolazak emango du ikastaroko lehen hitzaldia. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko musikagintzaren genealogia berri bat izenburupean, orain arteko historiari begiratzeko ariketa bat egingo dute Kanterri ikastaroan. Feminismoa ardatz hartuta, emakumeek gidatutako hainbat hitzaldi antolatu dituzte, eta euskarazko musikagintzaren erreferente diren hainbat emakume musikariren kantuen doinupean itxiko dute egitaraua. Uztailaren 2tik 3ra egingo dute egitasmoaren bosgarren aldia, ohi bezala Oiartzungo udaletxeko batzar areto nagusian (Gipuzkoa). Ahotseneak, Bizardia kultur elkarteak, Soinueneak eta Oiartzungo Udalak antolatu dute.

Kanterriren komunikazio arduradunak, Gotzon Barandiaranek, azaldu du «aspalditik» zutela buruan euskarazko musikagintza ikuspuntu feministatik lantzeko ideia: «Badago ikuspegi feministatik musikagintza aztertzen ari denik; arte diziplina gehienetan ari dira egiten, gainera. Gaia oso zabala dela ikusi genuen, eta iruditu zitzaigun askorako eman zezakeela, eta emango du. Jabetu ginen hizlari dezente zeudela, edo behintzat nahikoa zirela guk gaiari heltzeko». Hala, Iratxe Retolazak, Iraia Cambrak, Jone Expositok eta Udane Barinagarrementeriak osatuko dute hizlarien zerrenda.

Orain arte euskal kantagintzan gizonek izan duten protagonismoaz mintzatu da Barandiaran: «Euskarazko musikagintzaren historian oso nabarmena da gizonezkoek eduki dugula protagonismoaren zati handi bat, erabatekoa ez esatearren. Uste dugu badela sasoia beste irakurketa bat egiteko. Hots, beste genealogia bat proposatzea da asmoa». 

Ikuspegi feminista

Iratxe Retolazak abiatuko du jardunaldia. Ahizpatasunetik amorru transfeministara: euskal kantagintzaren genealogia feministak hitzaldia emango du, uztailaren 2an, 09:30ean. Euskal kantagintzaren genealogia feministaren hainbat lerro «zirrimarratzeko lehen urrats batzuk» egingo dituela azaldu du Retolazak, eta hainbat galdera izango ditu hizpide: «Euskal kantagintzak zer genero rol eraiki izan ditu? Garaian garaiko musika estiloek zer genero logika eraiki dituzte? Kantagintzatik zer zubi dira euskal literaturako idazle eta jardun feministekin? Kantagintzatik zer zubi eraiki dira Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin?».

Iraia Cambrak jarraituko du ondoren; Leku baten bila: emakumeak euskal musika eszenan hitzaldia emango du, 12:00etatik 14:00etara. Barandiaranen esanetan, oholtzan eta eremu publikoetan emakumeek dituzten oztopoen inguruan mintzatuko da Cambra. Arratsaldean, berriz, hirukote bat bilduko da mahaiaren inguruan: Leire Casamajou, Maixa Lizarribar eta Franck Dolosor. Merezi duten tornuia izenpean, besteak beste, «herri kantagintzan isildutakoez, eta lekurik egin ez zaien emakumeez» mintzatuko dira, Barandiaranek azaldu duenez.

Uztailaren 3an, Jone Expositok emango dio hasiera eguneko egitarauen zerrendari. Elkarri begira ikusten gara. Ertzetatik, euskal musikagintzaren hausnarketa feminista bat izango du mintzagai, 09:30etik 11:30era. Udane Barinagarrementeriaren txanda izango da ondoren. Errebolta baten genealogia feministak: aktibismo feminista Euskal Herriko musika kontrakulturaletan solasaldia antolatu dute, 12:00etan. Nondik norakoak azaldu ditu: «Aktibismo feministak Euskal Herriko musika kontrakulturaletan dituen eta izan dituen ikuskera, aldarrikapen eta praktiketan arakatzeko proposamena da. Gogoeta kolektibo bat, egon diren eta dauden gogoeta kolektiboez».

Kantu saio baten bidez itxiko dute aurtengo egitaraua. Maider Bedaxagar, Maialen Alfaro eta Naia Roblesen eskutik izango da, eta euskal musikagintzan aitzindari izan diren hiru emakume izango dituzte ardatz: Estitxu, Lurdes Iriondo eta Maite Idirin.

Gaur irekiko da izena emateko epea, eta hilabete barru amaituko da: maiatzaren 28an. BERRIAlagunek abantaila izango dute: 30 euroan izango dute ikastaro osoa, eta 20 euroan egun bakarrekoa. Gainontzekoek, 40 euroan eskuratu ahal izango dute ikastaro osoaren matrikula. Egun bakarrekoa, berriz, 25 euroan. Hori soldatadunak badira; izan ere, soldatagabeek 20 euro ordainduko dute ikastaro osorako, eta 15 egun bakarrerako. 

EGITARAUA

UZTAILAK 2

09:30- 11:30. Iratxe Retolaza: Ahizpatasunetik amorru transfeministara: euskal kantagintzaren genealogia feministak.

Atsedenaldia

12:00-14:00. Iraia Cambra: Leku baten bila: emakumeak euskal musika-eszenan.

Bazkalordua

16:30-19:00. Mahai-ingurua: Merezi duten tornuia. Leire Casamajou, Maixa Lizarribar eta Franck Dolosor.

 

UZTAILAK 3

09:30- 11:30. Jone Exposito: Elkarri begira ikusten gara. Ertzetatik, euskal musikagintzaren hausnarketa feminista bat.

Atsedenaldia

12:00-14:00. Udane Barinaga-Rementeria: Errebolta baten genealogia feministak: aktibismo feminista Euskal Herriko musika kontrakulturaletan.

Bazkalordua

16:30-19:00. Kantu saioa, Maider Bedaxagar, Maialen Alfaro eta Naia Roblesekin. Hiru emazte kantari gogoan: Estitxu, Lurdes Iriondo eta Maite Idirin.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA