FIAR jaialdia sortu dute, Arabako sormenaren jaialdi ibiltaria. Urriaren 8tik 12ra egingo dute, Araban barna, eta artea, herritarrak eta lurraldea elkarrizketan jartzea izango du helburu. Gasteizko Udalak sustatu du egitasmoa, Vital Fundazioarekin, Panta Rhei konpainiarekin eta Zigoitiko, Zuiako, Arraia-Maeztuko eta Kuartangoko udalekin elkarlanean. Hain justu ere, Arabako sei gunetan egingo dute jaialdia: Gasteizen, Arraia-Maeztun, Kuartangon, Ondategin, Murgian eta Entziako mendilerroan.
Sormena herritarrei hurbiltzeko asmoz sortu dute jaialdia, eta, horretarako, programa «bizia» ondu dute, «erakusleiho jaialdia» kontzeptutik aldenduta. Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultur zinegotziak azaldutakoaren arabera, diziplina arteko «oztopoak» apurtu nahi dituzte, eta kultura «modu partekatuan» eta «parte hartzailean» hurbildu herritarrei.
Arlo artistikoa eta komunitarioa lotzeko helburuz jaio da egitasmoa, finean, eta, halaber, bertako artista gazteen lana bultzatzeko, arte garaikidearen «kontsumoa» sustatzeko eta Arabako hainbat sormen espazioren arteko lankidetza hobetzeko anbizioa du, zinegotziaren esanetan.
Tailerrak, hitzaldiak, instalazioak, dantza, antzerki piezak eta tokian tokiko interbentzioak egingo dituzte Araban barna; kalean eta espazio naturaletan egingo dituztenak dohainik izango dira, eta aldez aurretik sarrerak erreserbatu beharko dira antzokietan eta aretoetan oholtzaratuko dituztenak ikusteko. FIAR jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke programa eta eros daitezke sarrerak.
Kulturari eta iraunkortasunari buruzko topaketa batek irekiko du egitaraua: Iara Solano eta Beatriz Lagartos jaialdiko arduradunek gidatuko dute gogoeta gunea, eta kultura ekosistema izango dute hizpide. Hurrengo egunetan, askotariko diziplinetako piezak ikusteko aukera egongo da: Panta Rhei konpainiak objektuen memoriari buruzko tailerra eta Objektutegia izeneko proiektua eskainiko ditu; Harreman antzerki konpainiak antzerkia eta dantza uztartzen dituen Enbor(r)ak ikuskizuna taularatuko du; Geosentikorrak egitasmoa aurkeztuko du Beatriz Lagartos zientzialariak —«ikerketa prozesu biokulturala» izango da, eta herritarren parte hartzea sustatuko du—; zaintza ardatz duen Gymkhana lan eszenikoa oholtzaratuko du Aurora Diego sortzaileak; Clara Garcia Fraile idazle eta artista eszenikoak Maitasun istorioak aurkeztuko du, eta Porpol Teatrok, Bizi den ahotsa antzezlana.