Zinema

Film laburren Huhezinema jaialdiak 30 lan erakutsiko ditu aurten

Asteazkenetik ostiralera egingo dute jaialdia, eta egile eskarmentudunen zein hasiberrien lanak bilduko ditu. Guztira, hogei film labur eta hamar bideoklip lehiatuko dira.

(ID_13331862) Betiko gaua
Eneko Sagardoiren 'Betiko gaua' filmeko fotograma bat. BERRIA
itziar ugarte irizar
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

«Luxu bat» eta «sormen eztanda» berbak erabili dituzte Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiko arduradunek aurten jaso dituzten lan guztien artetik aukeratutakoak utzi dien sentsazio deskribatzeko. Denera, 81 ikus-entzunezko pieza jaso, eta horietatik 30 hautatu dituzte finalerako: hamar izango dira Sail Ofizialean ikusgai eta lehian, eta beste hamarna Ikasle Sailean eta Bideoklipen Sailean. MU Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateak antolatzen du jaialdia, Aretxabaletan (Gipuzkoa); hamazazpigarrenez aurten. Asteazkenean emango diote hasiera, Paul Urkijoren eta Mattin Aierberen eskola magistralekin —azken hori soilik MUko ikasleentzat izango da—, eta ostiralean amaituko dute, sari banaketarekin eta DJ Rosamariren emanaldiarekin.

«Oso handia». Hala sumatu dute aurtengo Sail Ofizialaren maila antolatzaileek. Gehienbat, fikziozko lanak jaso dituzte, baina finalisten artean badira dokumetanlak eta animaziozko lanak ere. Ondorengo film laburrek osatzen dute zerrenda: Normas de higiene (Amaia San Sebastian), Txotxongiloa (Sonia Estevez), Prioridades (Tamara Lucarini), Agur Artzai (Julen Zubiete), Betiko gaua (Eneko Sagardoi), Influencer (Nerea Torrijos), Ximinoa (Itziar Leemans), Arnasa (Raul Barreras), Deadly Draw (Nitya Lopez) eta Encajada (Lle Godoy).

Ikasle Sailak bigarren edizioa izango du aurtengoa, eta antolatzaileek diote «ahalegin berezia» egin dutela euskal zinema ikasle guztiengana iristeko. Izan ere, jaialdiaren lehen hamabost edizioetan soilik MUko ikasleei mugatuta egon da atal hau, baina azken bi urteetan beste eskola batzuetako lanak ere onartu dituzte. Sail honetan erakutsiko dituzte, besteak beste, Oier Markotegiren Bakarrik, Ane Cuestaren Zirrara, Irene Royoren Matamoscas eta Mikele Landaren Noizko basoa? filmak.

Bideoklip Saila, berriz, hirugarren urtez antolatu dute, eta Huhezinemako lantaldearentzat garrantzi berezia du atal honek, haien esanetan, «gaur egun gazteen artean gehien kontsumitzen den ikus-entzunezko formatua baita». Besteak beste, Bele, Apotheke eta Txopet taldeen kantuei egindako bideoklipek osatuko dute aurten jaialdiaren adar hau.

Epaimahai lanetan, berriz, Maider Oleaga, Izibene Oñederra eta Ramon Agirre aktorea arituko dira. BERRIA, bigarren urtez, jaialdiaren babesleetako bat izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.