Lattice. Ziomara Hormaetxe koreografo eta dantzariak matematika kuantikoaren esparruko kontzeptu hori baliatu du bere hurrengo emankizuna izendatzeko, eta, azaldu duenez, kontzeptu hori bera izan da guztiaren abiapuntua ere. «Guk, berez, hutsik ikusten dugu unibertsoaren estruktura», azaldu du artistak, «baina badakigu puntuz beteta dagoela, eta puntu horietako bakoitzak bere informazioa du; grabitate eta dimentsio ezberdinak dituzte, adibidez, baina, era berean, puntu horiek guztiak elkarrekin konektatuta daude eta haietako ezaugarriren bat eraldatzen denean, eragin zuzena izaten du horrek besteengan ere». Eta, esan duenez, ideia horri tiraka sortu dute emanaldia. «Konexioaren gaia ikusten nuen nik horren atzean: gaur egun nola gauden erabat konektatuta eta, aldi berean, erabat deskonektatuta ere». Dantza eta teknologia berriak uztartuko dituen emanaldi bat sortu du horrela, eta teknologia berriei eta arte eszenikoei eskainitako Peripheries of Performing Arts & New Technologies izeneko sinposioaren itxiera ekitaldian estreinatuko du, Bilboko Azkuna zentroan. Hurrengo ostegunean izango da hori, auditoriumean, 19:00etan.
Beatriz de Paz dantzariarekin batera izango da oholtzan Hormaetxe, eta haiek egiten dutenaren arabera unean-unean eraldatuz eta moldatuz joango dira proiekzioetako irudiak ere. Girasomnis estudioko Paco Gramaje artistak du horretarako beharrezko programaren ardura, eta Miguel Marin Pavonek sortu du emanaldirako musika. «Asko esperimentatu dugu sorkuntza prozesuan, eta gero hautaketa ahalik eta zorrotzena egiten saiatu gara. Ez genituen gauzak sartzeagatik sartu nahi».
«Ez nuke teknologia erabili nahi ikusleak teknologia berriak erabili ditugula ikusteko moduan, baizik eta pieza sortzeko tresna bezala»
ZIOMARA HORMAETXEKoreografo eta dantzaria
Hain zuzen ere, eszenan biltzen diren elementu guztien arteko batasuna lortzea izan da Hormaetxeren obsesioetako bat. Ez zuen alde batetik teknologia eta beste alde batetik dantzariak aurkeztuko zituen emanaldi bat sortzeko gogorik, eta, horregatik, teknologia berri horiek ere sorkuntza prozesuaren muinean integratzea izan da haren erronka. «Ez nuke teknologia erabili nahi ikusleak teknologia berriak erabili ditugula ikusteko moduan, baizik eta pieza sortzeko tresna bezala. Hori izan da nire erronkarik handiena. Guztiak jarraitutasun bat izan zezala nahi nuen».
Eta emanaldia sortzeko baliatutako fisika kuantikoko kontzeptuak ere bere esperientzia pertsonalera eraman dituela esan du Hormaetxek. «Nik neuk barnean ditudan beldurren, ziurgabetasunen eta bizitzan izaten ditudan traben bitartez konektatzen dut publikoarekin, ez dut beste modurik».
Plastikoak eta aldamioa
Plastikozko oihal ia gardenek bilduko dituzte agertokiaren hiru ertzak, eta, elkartzen direnean, erdian hutsune borobil handi bat osatzen duten bi egitura handi ere ikusi ahalko ditu ikusleak. Baina interpreteek mugitu egingo dituzte elementu horiek eszenaren arabera, eta, horrez gainera, eserlekuen gunean kokatutako bi mailako aldamio bat ere baliatuko dute. Emanaldiko lehen eszenan, esaterako, bi dantzariak baino ez dira egongo oholtzan: argi kontran mugituko da De Paz erpin batean, eta Hormaetxe, berriz, eskuetan duen koadernoan apunteak hartzen arituko balitz bezala egongo da agertokiko beste erpinean, argi urdin ahul baten pean.
Ibilbide luzea du Hormaetxek dantzaren munduan. Zortzi urterekin hasi zituen dantza klasikoko klaseak Rosa Hierro eskolan, eta Matxalen Bilbaorekin trebatu zen gerora dantza garaikidean. Nizan (Okzitania) egin zituen unibertsitateko dantza ikasketak ondoren, eta freelance modura ibili izan zen denbora batez gero, hala New Yorkeko Martha Graham dantza garaikideko zentroan, nola Amsterdamen zein Bartzelonan ere. 2013an, ordea, bere konpainia propioa sortzea erabaki zuen, eta gaur egun Bilbon eta Miarritzen (Lapurdi) egiten du lan, nagusiki.
Lattice emanaldia osatzeko, oraingo honetan, Fabian Thome izan du laguntzaile hala zuzendaritzan nola koreografiak sortzeko orduan, eta Jesus Jauregik sortu du diseinu eszenografikoa.
Teknologia berriak eta arte eszenikoak aztertuko dituzte Bilbon
Europa osoko hamalau antzoki eta kultur erakunde batzen ditu ACuTe izeneko proiektuak, eta haren parte da Bilboko Azkuna zentroa. Horregatik hartuko du Peripheries of Performing Arts & New Technologies izeneko sinposioa hurrengo asteartetik ostegunera. Ziomara Hormaetxeren Lattice ikuskizuna ez ezik, beste hainbat performance eta instalazio ikusteko aukera ere emango dio programak publiko zabalari. Baina, horrekin batera, profesionalentzako hitzaldien eta mahai inguruen ziklo bat ere eskainiko du. Besteak beste, bertan izango dira hizlari Christl Baur Ars Electronica jaialdiko zuzendaria, Andres Beladiez eszena zuzendaria eta Marcos Pereira, Janire Etxabe eta Claudix Vanexis artistak.