Chicuelo - Marco Mezquida: 'Del alma' / 'Paco de Lucía Legacy'
Musikariak: Marco Mezquida (pianoa), Juan Gomez Chicuelo (gitarra), Paco de Mode (perkusioa) / Josemi Carmona (gitarra), Chano Dominguez (pianoa), Duquende (kantua), Farru (dantza), Antonio Lizana (saxoa eta kantua), Alain Perez (baxua), Israel Suarez Piraña (kaxoia), Antonio Rey (gitarra), Antonio Sanchez (gitarra). Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: Uztailak 27.
Marco Mezquida dugu Jazzaldiaren lagun fidelenetarikoa, beti agertzen zaigu atsegin eta eskuzabal. Oraingo honetan Juan Gomez Chicuelo-rekin etorri zaigu, elkarrekin argitaratu duten hirugarren diskoa aurkeztera, Del alma izenekoa, hain zuzen. Flamenkoa eta fusioa izan dira nagusi, eta runba ederrak entzun ditugu. Musikari bikain horien proposamena sendoa da: flamenko gaurkotua, betiere jazz munduari eta inprobisazioari tartea emanez. Pianoarekin eta gitarrarekin batera, Paco de Mode perkusionista indartsu eta finaren laguntza ezinbestekoa izan da saltsa loditzeko; kutxa flamenkoarekin ondo baino hobeto moldatu da. Eurek sortutako musika jo dute, eta bikain uztartzen dituzte estilo ezberdinak. Carrer del perill-en erritmo sendoarekin jolastu dira; erromantizismoarekin El faro de los deseos eta Del alma jo dituztenean; eta jostagarriago aritu dira Alalimón aurkeztu dutenean. Elkarrizketa musikatu sakona, Katalunian ekoiztutako egitasmoak eskaini diguna.
Bestetik, Paco de Luciari eskainitako omenaldia entzuteko parada izan dugu. Musikarietako batzuk De Luciarekin aritu ziren oholtzan, Duquende esate baterako, bere ahots garratzarekin abesten. Denetarik izan dugu kontzertu berezi honetan. Farru dantzariaren taconeo izugarri bat ikusi dugu, kasta handikoa; Alain Perez kubatarra xarmagarri aritu da baxuarekin; Carmona, ondo gitarrarekin; Chano Dominguez, pianoarekin beti ekarpen sakonak egiten; Lizana, abesten eder, eta saxoarekin kementsu eta lazgarri. Distiragarriena, zalantzarik gabe, Antonio Rey izan da, gitarrarekin; ze indartsu, ze solte, zehatz baina zehatzago, zikloi bat! Cadiztik (Espainia) etorri dira musikari gehienak Trinitate plazara. Amaiera aldera, denak oholtza gainean batera jotzen ikusi ditugu. Festa bat izan dugu, Pacoren omenezko festa; flamenkoaren jainkoari oraindik zor zaizkionak kitatu nahian. Gau flamenkoa Donostiako 60. Jazzaldia agurtzeko.