Musika

Florian Schneider hil da, Kraftwerk taldeko kidea

Musika elektronikoaren egile, eragile eta sustatzaile nagusietakoa izan da azken mende erdian. 73 urterekin zendu da.

Florian Schneider. BERRIA
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 6a
18:50
Entzun

Ralf Hutter Kraftwerk taldean lagun eta kide izan zuenak eman du, gaur arratsaldean, Florian Schneiderren heriotzaren berri. Hark baieztatu du azken orduetan sare sozialetan zabaldutako zurrumurrua: «Florian Schneider, hamarkadatan lagun eta lankide izan dudana, gaixotasun azkar baten ondorioz hil da, 73 urte eta egun batzuetara».

1947an jaioa, Schneiderrek 1970ean sortu zuen, Hutterrekin batera eta Dusseldorfen (Alemania), Kraftwerk, musika elektronikoa ezagun bihurtzera eraman zuen taldea. Hamarkada hartan musika elektronikoaren oinarriak jarri zituen taldeak, sintetizadoreen erabilera zenbaitetan pop melodien zerbitzura jarrita. Kraftwerk (1970), Kraftwerk 2 (1972) eta Ralf und Florian (1973) diskoek ezarri zituzten taldearen nortasun zeinuak, eta Autobahn (1974) lanarekin mundu mailako oihartzuna izatera iritsi zen Kraftwerk.

[youtube]https://youtu.be/iukUMRlaBBE[/youtube]

Gero iritsiko ziren beste hainbat disko esanguratsu: Radio-Aktivität (1975) eta Trans Europa Express (1977), besteak beste.

80ko hamarkadan erritmoa baretu zuen taldeak, baina segitu zuen diskoak grabatzen, eta zuzenean emanaldi ikusgarri eta bereziki bisualak lantzen. Schneiderrek 2008an utzi zuen taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.