Literatura

Fokuek argitzen ez duten eremua

Anne Enrigh idazle irlandarrak Katherine O'Dell aktorearen ibilbidea eta tragedia kontatzen ditu 'Actress' eleberrian, haren alabaren ahotsean. Ospearen garroak, emakumeen aurkako indarkeria eta eguneroko bizitzaren antzezpena lerro artean.

Antzezlan batean erabilitako pistolarekin, Boyd O'Neill zinema ekoizle ezagunari oinean tiro egin zion haren bulegoan bertan Katherine O'Dell aktoreak. BERRIA.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bere amaren eromena zehazki noiz hasi zen galdetzen dio bere buruari Norahk, prozesu luze baten ondorioa izan ote zen ala bat-bateko kontua. Haren alaba izanda —bakarra, gainera—, espero izatekoa litzateke amaren gaineko guztia jakitea, eta badira berak bakarrik dakizkien eta bere jarraitzaile sutsuena ere zur eta lur utziko luketen zenbait datu biografiko. Baina, egia esateko, zalantzak ditu Katherine O'Dell irlandar aktore handiarentzat amatasuna bere ibilbidean zehar jokaturiko roletako bat izan ez ote zen; ezaguna zitzaion trebetasun eta ardura osoarekin jokatua, jakina. Amaren izaera merkuriarra ezagututa, hainbat hilabetez denen ahotan eta egunkari guztietako orrietan egon zen gertaera bera —antzezlan batean erabilitako pistolatzarra eskuetan, Boyd O'Neill zinema ekoizle ezagunari oinean tiro egin zion haren bulegoan bertan— bere antzezpenetako bat iruditu zitzaion. Jendeak barre egin zuen haren kontura. O'Neill ez zen gizon berez gaiztoa, baina ezta arras maitatua ere antzerki eta zinema zirkuluetan. Egiazki, drama merkea ematen zuen kontuak. Gertaerak, ordea, ondorio lazgarriak izan zituen bi parte hartzaileentzat. Balak eragindako zauria ez zen erabat itxi,eta, hainbat ebakuntzaren ostean, belaun azpiraino moztu behar izan zioten hanka O'Neilli.O'Dell, berriz, psikiatriko batean itxi zuten lau urtez, buruvahalmenak galduak zituela erabaki baitzuten haren kontrako epaiketan.

O'Dellek esan ohi zuen izar bat ez dela izar «pantaila handian edo taula gainean bakarrik, baita sukaldeko mahaiaren inguruan ere». Ohetik altxatzen zenetik oheratzen zen arte, une oro publikoaren aurrean ariko balitz bezala jokatzen zuen: keinu oro ondo aztertua eta ikasia zuen, hitz bakoitza bezala.

Tiroketaren ostean etorri zen guztia antzezpenaren definizioaren barruan bizi izan zuen Norahk. Polizia Katherine O'Dell atxilotzera etorri zenean, aktorea «asmaturiko hizkuntza batean hitz egiten aritu zen bi orduz, tarteka errepublikano kutsuko esaldiak eta leloak botaz». Bere burua iparraldeko kartzeletan preso zeuden IRAko kideen pare ikusi zuen Katherine O'Dellek une hartan, eta irlanderaz bakarrik mintzatuko zela esan zion bere abokatuari, nahiz eta ingelesez bakarrik hitz egiten zekien. Psikiatrikora bidali zutenean, benetako Katherine, inoiz existitu baldin bazen, desagertuz joan zen pixkanaka. «Gehienetan bera... ez dakit nola azaldu... kasualitatez baino ez zen nire ama», azaltzen du Norahk.

58 urte zituela hil zen ama, Anne Enrighten (Dublin, 1962) Actress (Aktorea, 2020) abiatzen denerako Norahk duen adin berarekin. Irlandar antzerkiko dama izandakoak lau hamarkada luzeko ibilbide oparoa izan zuen, Irlandan hasi eta Broadwayn eta Hollywooden egonaldiak egin ostean Irlandara bueltan ekarri zuena abangoardiako antzerki ekoizpenetan parte hartzeko. Glamourrez beteriko bizimodua eman zezakeen orduan, baina, gauzak ondo gogoratzen jarrita, arrakalak ikusten ditu orain Norahk bere amaren eta berea ere baden historia horretan. Ez zen bizimodu erakargarria, beldurgarriro bakartia baizik, besteek berarengandik espero zutena bete ez eta gogotik ordaindu behar izan baitzuen Katherinek.

Katherine O'Dell, Irlandako aktoreen artean irlandarrena, Ingalaterran jaio zela aitortzen digu Norahk, eta hitz egin ere ingelesen moduan hitz egiten zuen. Ama jatorriz irlandarra zuen; aita, berriz, Fitzpatrick abizenez, ingeles peto-petoa. Aktore konpainia ibiltari batean ziharduten biek, eta haren eskutik heldu zitzaion Katherineri, 10 urte besterik ez zuela, publiko aurrean antzezteko lehen aukera. 1939an, gerraren eztandak Irlandara eraman zuen familia, eta, zortzi urte geroago, Londresera itzulitako Katherine West Enden zebilen, zer eta irlandar moja baten rola antzezten. Antzezlana erabateko arrakasta izan zen, eta, urtebete geroago, New Yorken zen Norahren ama, taula gainean ez ezik eguneroko bizitzan ere irlandar emakumearena egiten. Haren hizkera aldatu egin zen; ilea, berriz, gorri biziz tindatu zuen. Haren agentearen ideia izan zen dena. «Amerikan zaude orain. Nahi duzuna izan zaitezke».

Alaba jokoan sartzea

Nahi zuena izan zitekeen Katherine O'Dell, betiere film industriako gizonen interesen kontra ez bazihoan nahi zuen hori. Industriak esan zion noiz eta norekin ezkondu, noiz dibortziatu. Berak men egin zuen. Irakurleak pentsa zezakeen bere kabuz ezer erabakitzeko aukerarik ez zuela Katherinek, eta akaso hala izango zen, baldin eta Norahz haurdun geratu eta, agenteak aholkaturikoaren kontra, umea eduki izan ez balu —aitaren izena ez zion inori sekula aitortu—. Amatasuna izan zen, beraz, sistemaren kontrako bere lehen ekintza. Hollywoodeko ateak itxi zizkion horrek, jakina, baina Irlandara itzuli zen, eta, iragarpen guztien kontra, antzerki munduan bere tokia lortu zuen. «Garai hartan, emakume batek, 30 urte betetzerakoan, etxera joan eta atea ixten zuen», azaltzen du Norahk. Ez Katherine O'Dellek, ordea. Ezerk ez zuen kikiltzen, eta, horregatik, gorrotoa zioten, ausarta eta azkarra zelako, baita ederra ere.

Bitxia iruditzen zaio orain Norahri etxean antolatzen zituen afari amaigabeetara nola azaltzen ziren horietatik gehienek ezin zutela O'Dell aguantatu. Baina han zeuden beti, beren alkohola eta janaria debalde hartzen. Aktoreak suntsiezina ematen zuen orduan, baina batzuek bazekiten alaba zela harengana heltzeko modua; Norah zen haren Akilesen orpoa. Batek probetxua atera zion horri: Norah bortxatu zuen, bi hamarkada lehenago zinema ekoizle ezagun batek Katherinerekin egin bezala. Hortxe hasi zen aktorearen gainbehera, O'Neillen ezbeharra eragingo zuena. Zinema ekoizlea ez zen erabat erruduna, ezta erabat errugabea ere, misoginia eta emakumeen kontrako indarkeria bultzatzen duen sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.