Literatura

Franco hil ondoren ereiten hasitako literatura ospatu dute Donostian

Erein argitaletxeak 50 urte bete ditu, eta ekitaldia egin dute Tabakaleran. Liburu baten atzean dagoen lanari eman diote ikusgaitasuna.

Erein argitaletxearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia, gaur, Donostian. EREIN
Erein argitaletxearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia, gaur, Donostian. EREIN
Odile Bourguignon Goñi
2026ko azaroaren 3a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Franco hil eta ia urtebetera sortu zuten Erein argitaletxea, 1976an. Trantsizio politiko betean; diktaduratik demokraziarako saltoa egin behar zen garaian, eta euskarak, oraindik ere, ofizialtasunik ez zuenean. Bada, testuinguru horretan, euskarari eta, are, euskal literaturari bide emateko sortu zuten Erein, zazpi lagunek: Edorta Kortadik, Xabier Letek, Anjel Lertxundik, Jose Manuel Castellsek, Asentxio Ondartzabalek, Julen Lizundiak eta Jexuxmari Mujikak. Duela 50 urte sortu zuten, eta 170 lagun inguru elkartu dira gaur, Donostiako Tabakaleran, hori bera ospatzeko: Berrogeita hamar urte etengabe ereiten. Elkarrekin eta elkarlanean izena jarri diote ekitaldiari.  

Baina iraganeko nostalgia zantzuak alboratuta, argitaletxeko kideek «liburu baten sorkuntzan eta hedapenean parte hartzen duten profesionalen lana» jarri dute fokupean. Eta, hala, ez dute soilik Erein argitaletxea bere horretan omendu, baita argitaletxearen ibilbidean parte hartu duten pertsona eta eragile guztiak ere; hala nola «idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak, liburu saltzaileak, komunikabideak, liburuzainak, inprentako langileak, banatzaileak, irakasleak, ikastetxeak, irakurleak eta bidelagunak». 

«Liburu baten atzean ez dago sortzaile bakar baten lana soilik, elkarlan sare oso bat baizik»

EREIN ARGITALETXEA

«Liburu baten atzean ez dago sortzaile bakar baten lana soilik, elkarlan sare oso bat baizik», adierazi dute ohar bidez. Horregatik, ospakizun ekitaldia liburu batek izan ohi duen «biziaren» arabera antolatu dute; alegia, lehen ideiatik, azken testua lantzen den arteko biziaren arabera. Eta, nola ez, kapituluka.
Lehen kapitulua: Hastapenak, eta hitza Jexuxmari Mujikak —gaur egun argitaletxearen administrazio kontseiluko lehendakaria da— eta Julen Lizundiak hartu dute. Bigarren kapitulua: Lehen hitza. Idazlearen eta editorearen arteko harremana izan dute hizpide, eta Uxue Razkin editorea eta Itxaso Martin idazlea aritu dira gaiaz. Hirugarrena: Esku askoren artean. Irakurleei bideo baten bidez gogorarazi zaie liburu bat argitaratzeak pertsona eta lanbide askoren ekarpena behar duela: «Azken emaitza lankidetza horren fruitua da». 

Azken kapitulua

Idazteko dagoena izeneko atalak amaitu du kontakizuna. Eta izenak berak bota du mahai gainera galdera: etorkizunean zer? Bada, argitaletxeko kideek «liburuak sortzen eta partekatzen jarraitzeko» konpromisoarekin segitzen dutela baieztatu dute. Horren adibide da datorren udaberrian argitaratuko duten ipuin liburu berezia. 30 egilek osatuko dute bilduma, kontakizun labur batekin bakoitzak. «Liburu horrek islatu nahi du argitaletxearen ibilbidean parte hartu duten sortzaileen lan guztia». 

Ekitaldian erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Jon Insausti Donostiako alkateak. «Gure sustraiei eutsi behar diegu, baina baita sorkuntzari, berrikuntzari eta ideia berriei bide eman ere», esan du Mendozak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA