Francok lapurtutako artelanak eta Francoren aldeko artistak

Frankistek lapurtutako Ramon de la Sota enpresariaren arte bilduma berreskuratzeko prozesua azaldu du Patricia Fernandez historialari eta abokatuak Gernikan. Ignacio Zuloagak Francoren erregimenarekin izandako harremana ere aztertu du Javier Novok.

Patricia Fernandez Lorenzo, Gernika-Lumon emandako hitzaldian, atzean Ibaigane jauregiaren irudia duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Patricia Fernandez Lorenzo, Gernika-Lumon emandako hitzaldian, atzean Ibaigane jauregiaren irudia duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Gernika-Lumo
2025eko apirilaren 30a
18:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilbon sartu eta bi hilabetera, tropa frankistek jadanik amaituta zeuzkaten Ramon De La Sota enpresari eta EAJko diputatu izandakoaren Ibaiganeko jauregiko ondare osoaren erregistro eta arpilatze lanak. 197 artelanez osatutako antzinako arte bilduma konfiskatu zuten bertatik. Familiak 1940ko hamarkada erdialdean bertan abiatu zituen lan haiek guztiak berreskuratzeko eskariak, eta, tantaka haietako hainbat bueltan jaso dituzten arren, gaur egun, 88 urteren buruan, oraindik ere 60 artelan inguru topatzeko lanetan jarraitzen dute haren senideek. Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenaren harira, gerra garaian ondare artistiko eta kulturalarekin gertatutakoari buruzko bi eguneko kongresu akademiko zabala antolatu dute Gernikako Bakearen Museoak eta Gernikako Bonbardaketari Buruzko Dokumentazio Zentroak, eta bertan eman du De la Sotaren bildumari buruzko hitzaldia Patricia Fernandez Lorenzok. Historian doktorea eta Zuzenbidean lizentziaduna izateaz gainera, Ramon y Cajal abokatu etxeko arte eta kultur ondarearen adarreko bazkidea ere bada Fernandez, eta, hain zuzen ere, bera izan da Ramon de la Sotaren ondarearen berreskurapena lantzen aritu den abokatu taldeko kideetako bat. Eta, Gernika-Lumon (Bizkaia) egindako hitzaldian esan duenez, oraindik ere nabarmena da informazioa lortzeko gardentasun falta.

«Ministerioaren eta organismoaren arabera, bilatzen ditugun pieza batzuetara heltzeko zailtasunak izaten ari gara»

PATRICIA FERNANDEZ LORENZO Historian doktorea eta abokatua

«Mugarri bat ezarri du kasu honek», laburbildu du Fernandezek. Izan ere, oraindik ere, gaurkotasun handikoa da De la Sotaren kasua, eta hainbat albiste eman ditu azken urteetan. 1937az geroztik desagertutzat jotzen zituzten bi koadro topatu zituzten 2019an Espainiako paradore batean, eta hiru urteko prozesu judizialaren ondoren eskuratu ahal izan zituzten berriz ere, 2022an. Cornelis van der Voort artistaren 1623ko Gizon gazte baten erretratua eta Luis de la Cruz y Riosen eta haren lantegiak 1833an Maria Kristina Borboikoari egindako erretratua ziren bi lan haiek. Eta, iazko udaberrian, Anton Raphael Mengs artistak margotutako erretratu bat ere bueltatu zien Burgosko Udalak (Espainia).

Berreskuratze lan horiek lekuan lekuko eta aldian aldiko administrazioen borondatearen araberakoak direla azaldu du Fernandezek Gernika-Lumon. Eta hainbat erakundek oraindik ere «gardentasunik gabe» jarduten dutela esan du. «Ministerioaren eta organismoaren arabera, bilatzen ditugun pieza batzuetara heltzeko zailtasunak izaten ari gara».

De la Sota familiako kideak, iaz, Bilboko Arte Ederren museoan, Ramon de la Sotaren bildumari eskainitako erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
De la Sota familiako kideak, iaz, Bilboko Arte Ederren Museoan, Ramon de la Sotaren bildumari eskainitako erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Fernandezek gogora ekarri duenez, 1936ko gerra hasi eta hilabetera hil zen Ramon de la Sota, eta, beraz, hila zen jadanik errepublikaren aurkako tropek Bilboko jauregiko bilduma konfiskatu ziotenerako. Historialariak dioenez, ordea, altxatutakoek lehenagotik ere «fokupean» jarria zuten enpresaria, eta haren aurkako jarreraren erakusle da haren ondarea arpilatzeko izan zuten presa. Are gehiago: akusazio eta kondena zehatzik izan baino lehen egindako «badaezpadako konfiskazioak» izan ziren 1937koak, eta denbora baten burura heldu zen enpresariaren aurkako zigor eskaera zehatza. Hilda egonik ere, 100 milioi euroko isuna jarri zion erregimenak, eta aurrez lapurtutako ondare hura guztia hartu zuten ordaintzat.

Gordailuan utzita

Baina badira De la Sotaren kasua esanguratsu egiten duten datu gehiago ere. Eta, hain zuzen ere, berezitasun horiengatik lortu dute senideek frankistek lapurtutako obrak berreskuratzea. 

Konfiskatu eta gutxira, frankistek Burgosera eraman zituzten artelan haiek, eta, haietako batzuk erregimeneko goi karguen bulegoak apaintzeko baliatu zituzten arren, lekuz leku eraman zituzten beste asko. Zaildu egin du horrek bilaketa prozesua, baina badaude berreskuratze prozesuaren alde egin duten beste faktore batzuk. Familiak artelanak berreskuratzeko eskaria egiteko izan duen konstantzia da haietako bat; senideek 1945ean jarri baitzuen artelan bilduma hura berreskuratzeko lehen helegitea. Eta frankistek artelanak Burgosen «gordailuan» uzten zituztela zehaztu izana da beste datu esanguratsua, hain zuzen ere. Artelan haiek euren jabetzakoak izan beharrean, aldi baterako utzita zeudela interpretatu ahal izan dute auzitegiek. Hori gertatu zen, esaterako, sendiak jarritako lehen erreklamazioan, eta, horri esker, 1946an jaso zituzten bueltan bildumako lehen piezak.

Baina, Fernandezek azaldu duenez, erakundeek eta legelariek ez dute interpretazio horren alde egin. Eta hor sartzen da ikerlariak aipatutako erakundeen borondatea.

«Desagertutako artelanen irudirik eduki gabe, oso zaila da pieza horiek erreklamatu ahal izatea»

PATRICIA FERNANDEZ LORENZO Historian doktorea eta abokatua

Oraindik ere falta diren artelanen bila jarraitzen dutela esan du Fernandezek, baina onartu du «oso zaila» izango dutela bildumako azken 50 edo 60 artelan horiek berreskuratzea. Zehaztu duenez, ez dago pieza horien argazkirik, eta, gainera, lausoak dira haiei buruzko deskribapenak ere, bai De la Sotaren ondarea biltzen duten familiaren paperetan, bai eta altxatutako tropen erregistroetan ere. «Irudirik gabe oso zaila da artelan horiek erreklamatu ahal izatea».

Zuloagaren frankismoa

Ignacio Zuloaga euskal artistak frankismoarekin izandako harremanari buruzko hitzaldia ere egin du Javier Novo ikerlariak Gernika-Lumon. Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzailea da Novo, eta, horrez gainera, bera izan zen 2019an museoak artistari eskainitako atzera begirako zabalaren arduraduna ere, Mikel Lertxundi lankidearekin batera.

Javier Novo historialaria, atzo, Gernika-Lumon eskainitako hitzaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javier Novo historialaria, atzo, Gernika-Lumon emandako hitzaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Zuloagak 1900eko eta 1910eko hamarkadetan lortutako sona neurrigabea aipatu du lehen-lehenik ikerlariak hitzaldian. Lehen lerroko artista izan zen orduan nazioartean. Novok gogorarazi duenez, gaztaroan errepublikazalea izan zen Zuloaga, eta, are, Espainian «gorrotatu» egiten zuten, eta, herrialdearen alderik beltzenak nabarmentzeko zuen joeragatik, zaila zitzaion baita erakusketak antolatzea ere. 1936ko gerra hasterako, ordea, altxamenduaren alde lerratu zen erabat. Eta gobernu legitimoari aurka egiteko baliatu zuten aurreko hamarkadetan lortutako sona hori, bai artistak, bai eta Francoren aldekoek ere.

Novok gogoratu duenez, esate baterako, Francoren aldekoek bitan eman zuten pintorearen heriotzaren albistea, errepublikaren aurka egiteko. Berez, 1945ean hil zen margolaria, Madrilen, 75 urterekin, baina gerra piztu eta hilabete eskasera errepublikazaleek hil egin zutela zabaldu nahi izan zuen altxatutako militarren propaganda aparatuak. The New York Times aldizkarira ere bidali zuten oharra horretarako. Eta esanguratsua da data ere, zeren eta Francoren aldekoek Federico Garcia Lorca poeta fusilatu eta hiru egunera zabaldu nahi izan baitzuten Zuloagaren heriotzaren lehen albistea, baina saiakera hark ez zuen arrakasta handirik izan.

Baina, Novok ikertua duenez, artistaren heriotzaren berri emateko bigarren saio bat ere egin zuten altxatutakoek 1937ko martxoaren 14an. Eusko Jaurlaritzak pintorea hiltzera kondenatu zuela zabaldu zuten ordukoan, eta nazioarteko hainbat hedabidetara helarazi zuten abisua. Orduko hartan, ohar bidez gezurtatu behar izan zuen albistea Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, besteak beste, artista euren eskumenean ziren lurraldeetatik kanpo zegoela zehaztuz, eta, neurri hori hartu izana gezurtatuz.

Novok gogora ekarri duenez, ordea, Zuloagak berak ere aktiboki parte hartu zuen errepublikaren gobernuaren eta hari fidel zitzaizkion erakundeen aurkako difamazio kanpainetan.

«Gerra amaitu ostean, aparatu frankistaren margolari bihurtu zen Ignacio Zuloaga»JAVIER NOVO Arte historialaria

1937an Occident egunkarira bidalitako Una advertencia al mundo (Munduarentzako abisu bat) iritzi artikulua aipatu du horren frogatzat. Bertan, lehen lerrotik lerratu zen Zuloaga errepublikaren aurka altxatutakoekin, eta gobernu legitimoa artelanak suntsitzen ari zela ere salatu zuen artistak. Eta, haren nazioarteko sona kontuan harturik, Novoren hitzetan, kolpe gogorra izan zen hori errepublikazaleentzat. Behin eta berriz gezurtatu behar izan zuten Zuloagaren akusazioa. Novo: «Min handia egin zien artikulu hark, Zuloagak nazioarteko sona handia zuelako».

Altxatuen kausaren alde jarri zuen bere artea ere behin baino gehiagotan, eta, gerra amaitu eta altxatutakoek euren gobernua erabat ezarritakoan, Novoren hitzetan, «aparatu frankistaren margolari bihurtu zen Zuloaga». Francoren gobernuak, esaterako, Zuloagaren hiru koadro oparitu zizkion Adolf Hitlerri, eta bada artistak erregimenarekin zuen gertutasunaren beste froga eztabaidaezin bat ere: Francisco Franco diktadorearen erretratua, hain zuzen ere. Garaile. Espainiako banderarekin. Heroi itxuran.

Pasarte historiko horiek denak aipatuta ere, eta 1940ko hamarkadako haren ekarpen artistikoaren maila txikia izan zela esanda ere, pintorearen figura ez ahazteko aldarria ere egin du Novok hitzaldi bukaeran. «Mende aldaketan, pintore bikaina izan zela gogora dadin nahi nuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.