1960an Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zen, Parisen (Frantzia), erbestean zelarik. 1975ean, berriz, Francisco Franco diktadorea hil zen. Bi efemerideen artean hamabost urte daude. Hamabost urte eta hamaika gertakari: Ikastolen mugimendua sortu zen, euskara batua, euskal kantagintza berria... Hizkuntzak eta kulturak debekatuta jarraitzen bazuten ere, nolabaiteko pizkundea sustatu zuten herritarrek. Loraldi horixe bildu du Pako Aristi kazetari eta idazleak 1960-1975: Herri bat berriz zutitzen liburuan. Zabal heldu dio garaiko testuinguruari, eta interesgarri bezain dibertigarri egiten saiatu da. Goiztiria kultur elkartearen eskariz idatzi du, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu.Â
Goiztiria elkarteak gazteenganako transmisioa bermatzeko asmoz egin zion liburua idazteko proposamena idazleari, eta Aristik, hasieran zalantza egin eta gero, azkenean baiezkoa eman zien. «Erronka handia iruditzen zitzaidan 60ko hamarkadaren kronika egitea. Hainbeste gauza gertatu ziren garai hartan. Izan liteke gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren oinarriaren zati handi bat garai hartan finkatu izana», onartu du idazleak.
1960ko hamarkadan zerbait mugitzen ari zen mundu mailan. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak azaldu du testuingurua: «Musikari dagokionez, rock eta punk doinuak sortu ziren. Politikan, aldiz, Arjeliako independentzia, Kubako Iraultza, Vietnamgo gerra, Paris, Praga, Mexiko... Halako mugitze bat zegoen, hori zen garaiaren espiritua». Baina, editoreak azaldu duenez, Euskal Herria da liburuaren ardatza. «Askotan nazioartearen ikuspegitik kontatzen dugu 1960ko hamarkada, baina Aristi Euskal Herritik abiatzen da».
«Dokumentaziorik gabe ez dago herri baten historia idazterik. Dokumentazio horrek ongarritzen du gerora etor litekeen ikertzailearen bidea»
PAKO ARISTI Idazlea
Asko eta askotarikoak dira orduko hartan Euskal Herrian gertatutakoak. Aristik zerrendatu ditu: «Euskara batua, alfabetatze kanpaina, Ikastolak, ETA, kooperatibak, euskal kantagintza berria edota dantza taldeak». Horiek guztiek «hiltzen eta iraungitzen» ari zen euskal tradizioaren elementuak berpiztu zituzten, eta bestelako zutabeak eraiki, eraitsi ez zedin. Aurkezpenean idazleak eta editoreak azpimarratu dute ez zela miraria izan, baizik eta «egarriz» zegoen herri batek egindako lana.
Hamaika lekukoren testigantzak jaso ditu idazleak liburua osatu ahal izateko, eta aurkezpenean izan dira haietako batzuk ere. Bertan izan dira, esaterako, Mari Karmen Garmendia kazetari, irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izandako bai eta Joxe Manuel Odriozola idazlea ere, eta haiei keinu eginez laburbildu du liburuaren funtsa Aristik. «Garmendiaren eta Arantxa Urretabizkaiaren hitzak ekarrita, dena egiteko zegoen, eta dena egin nahi zuten garaia zen».
1936ko Espainiako Gerraren ondorengo lehen Bertsolari Txapelketari buruzko pasarte bat dakar liburuak, beste askoren artean. Aristi: «Gaur egun, lau urtean behin antolatzen da. Garai hartan, ordea, zazpi urtetan lau txapelketa antolatu zituzten». Idazlearen hitzetan, eduki «orekatua» idazten saiatu da. Izan lurraldeei dagokionez: «Ipar Euskal Herria oso garrantzitsua izan zen, Hego Euskal Herrian gertatzen ari zen pizkundearen atzegoardia izan zen». Izan emakumeei dagokionez: «Historian beti isilean pasa dira. Bereziki saiatu gara erreskatatzen haien izenak eta aztarnak».Â
Dokumentazioa baino gehiago
Aristik hiru pausotan idatzi du liburua: dokumentazioa bilatu, bildutakoari ildo bat sortu eta formatua txukundu. Liburuak datu eta dokumentu historiko ugari ditu, eta idazleak dokumentazio lan zorrotza egin behar izan du horretarako. «Asko gustatu zati hori. Sentitzen dut liburuak aberastu egin nauela». Batik-bat, Wikipegia eta Ahotsak.eus webguneak erabili ditu. Horiei esker lortu ahal izan du informazioaren zati handi bat, eta eskertuta agertu da webgune horiek elikatzen dituztenekiko. «Dokumentaziorik gabe ez dago herri baten historia idazterik. Dokumentazio horrek ongarritzen du gerora etor litekeen ikertzailearen bidea».
«Askotan nazioartearen ikuspegitik kontatzen dugu 1960ko hamarkada, baina Aristi Euskal Herritik abiatzen da»
XABIER MENDIGUREN Elkar argitaletxeko editorea
Informazio hori guztia hari ikusezin batek lotzen ditu. «Saiatu naiz azaltzen zein harreman zeuden diziplina ezberdinen artean». Adibidez, honela lotu ditu kooperatiben sorrera, Ikastolen mugimendua eta zinemagintza: «Une batean, euskal zinema garatzeko Amalur dokumentala egin nahi zuten, baina ez zuten dirurik. Era berean, ikastolak sortu ziren. Laboral Kutxak eman zien dirua filma egiteko eta irakasleen soldatarako. Hor ikusten da euren arteko lotura. Hori errepikatzen da urte horietako egitasmo gehienetan, elkar lotuta daude».Â
Idazleak ez du txosten historiko hutsa egin nahi izan, ordea, eta bizitasuna lortzeko, atal motzetan antolatu du testua. «Ez nuen nahi dokumentazio gisa bakarrik funtzionatuko zuen lan lehor edota elitista bat egin. Nahi nuen irakurlea entretenitu», esan du. Eta Mendigurenek ontzat jo du erronka: «Liburu zabala bezain entretenigarria da, eta hori ez da meritu makala historiako liburu batentzat». Zubi lan bat ere izan liteke liburua, Aristiren hitzetan: «Liburuak balio du gure eta gaurko belaunaldiari gogorarazteko zer gertatu zen». Liburuaz gain, webgune bat eta dokumental bat ere ondu du Goiztiria elkarteak, gai beraren bueltan, baina aurrerago argitaratuko dituzte.Â