'Free tour' bat, turistifikazioa salatzeko

Bilbo Eszenaren laguntzak jaso dituzten hiru pieza aurkeztu dituzte BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian: Ibon Salvadorren ‘Gaua ahoa’, Tripak kolektiboaren ‘Encounters’ eta Nuria Hernandok sortutako ‘Free tour’ lana, hain zuzen.

Bilbo Eszenaren laguntzak jaso dituzten sortzaileak, Bilboko La Fundicion aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo Eszenaren laguntzak jaso dituzten sortzaileak, Bilboko La Fundicion aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko urriaren 23a
16:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin Lisboara turismoa egitera joan, eta han «egin behar ez den guztia» egin zuela onartu du Perpetua Vastarda kolektiboko Nuria Hernando sortzaileak. «Halako batean autobus batera igo eta emakume bat entzun nuen gidariari oihuka: 'Utzi kanpoan turista puta horiek! Beste behin ere berandu helduko naiz lanera!’. Eta emakume hark arrazoia zuela pentsatu nuen; zer ari nintzen ni han?». Une zehatz hartan piztu zitzaion turistifikazioaren gaia landuko zuen antzezlan bat sortzeko ideia. Free tour izeneko bisita gidatuen formatua baliatu du horretarako, eta izen bera jarri dio proiektuari. Guztiz amaitu gabe du oraindik pieza, baina Madrilen eta Iruñean egin ditu jada lehen proba batzuk, eta aurreko igandean egin zuen ibilaldi turistikoa BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian ere. Turistifikazioa sustatzen duen formatu hori turistifikazioa azaleratzeko baliatzea da sortzailearen helburua, eta lekuan lekuko elkarteekin eta artistekin egiten du lan horretarako.

Aurreko ostegunean hasi zen aurtengo BAD jaialdia, eta hurrengo igandean amaituko da. Tarte horretan, guztira, hamazazpi konpainiaren lanak eskainiko ditu egitarauak. Erabateko estreinaldiak ez ezik, ordea, erabat bukatu gabeko pieza batzuen emanaldiak ere izan dira tartean. Hernandorena, kasurako. Bilbo Eszena baliabide eszenikoen zentroak bultzatutako Artistak Egoitzan izeneko laguntza jaso du Hernandok pieza osatzen jarraitu ahal izateko. Eta, hark bezala, laguntza bera jaso duten beste bi proiektu ere aurkeztu dituzte jaialdian, La Fundicion aretoan egindako aurkezpenean: Ibon Salvador koreografo eta dantzariaren Gaua ahoa, eta Tripak kolektiboaren Encounters proiektua, hain zuzen ere.

Bilbo Eszenak ematen ditu laguntzak, berez, baina aurkeztutako hiru proiektuek lotura estua dute BAD jaialdiarekin. 4.000 euro jasotzen dituzte hautatutako taldeek, eta, beharren arabera, alor teknikoa landu ahal izateko egoitzak ere izaten dituzte eskura. Prozesu horretan, ordea, BAD jaialdiarekin hartu-emana izaten dute laguntza jasotzen duten konpainia horiek, eta proiektua prest dutenean egin ohi dituzte hala estreinaldiak nola publiko aurreko lehen probak.

Ibon Salvadorrek, esaterako, asteazkenean egin zuen Gaua ahoa proiektuaren erabateko estreinaldia Campos Eliseos antzokian, eta «oso pozik» azaldu da emaitza eta izandako harrera direla eta. «Ez nuen espero hainbeste jende bilduko zenik».

«Ikusmenaren zentraltasuna da nire lanetan zalantzan jarri nahi izaten dudan beste elementuetako bat»

IBON SALVADOR Dantzaria eta koreografoa

Gorputza «normatibizatzeko» joerak aztertuz hasi zuen bidea sortzaileak, eta «gorputzaren munstrotasuna» ikertzera jo zuen gero. Hala hasi zen Munstro erritualak izeneko proiektua ontzen, eta haren parte da orain estreinatu duen pieza ere. «Ikusmenaren zentraltasuna da nire lanetan zalantzan jarri nahi izaten dudan beste elementuetako bat. Horregatik, nire aurreko pieza ere, Blur, ia-ia ilunpetan egiten nuen. %80ko iluntasuna behar nuen, baina antzokien egungo araudiarekin oso zaila izan da hori lortzea».

Teoria kantatua

Oraingoan, teoria liburuak izan ditu Salvadorrek pieza sortzeko lehen iturburu. Irakurtzen ari zen liburuetatik abiatuta poemak idazten hasi zen lehenik, euskaraz, ingelesez zein gazteleraz. Egun batez estudioan bakarrik zegoela poema horiek kantatzen hasi, eta lehen hari horri tiraka heldu da Gaua ahoa sortzera. «Munstro gorpuztasunaren eta teoriaren kantu horien arteko harremanak hainbat elementu sortu zituen, eta, egun batez, munstroen kontzertu koreografiko bat egin behar genuela bururatu zitzaidan». Eta, dioenez, gutxi gorabehera hori da piezaren muina. «Kontzertu baten eta koreografia baten lengoaien arteko nahasketa bat izan da».

Estreinalditik urrun, sorkuntza prozesuaren lehen urratsetan da oraindik Tripak kolektiboa. Haiek ere jaso dute Bilbo Eszenaren laguntza, eta hasi berri dira Encounters izeneko pieza izango dena sortzen. 2026an edo 2027an estreinatuko dute, baina, Alicia Otxandotegi BAD jaialdiko zuzendariaren hitzetan, aurrez ere zabalik izango dituzte festibalaren ateak, lana work in progress modura erakutsi nahi badute, adibidez.

2013an sortu zuten Tripak kolektiboa, eta bost kide ditu egun: Marina Suarez, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarena. Bilboko Rekalde auzoko Kanpai gunea du egoitza nagusi orain, eta bertan ari dira euren hurrengo lana prestatzen. Seinale batzuei jarraituz gune horretan topo egiten duten hainbat pertsonaia dira lanaren ardatza. Marina Suarez eta Mayi Martiarena kolektiboko kideek eman dituzte azalpenak, eta oraingoz pertsonaia horiekin eta haien arteko harremanarekin esperimentatzen ari direla esan dute. Iragarri dutenez, euskara eta gaztelera uztartuz ari dira lana sortzen, baina baliteke gero emanaldiaren arabera bata zein bestea nagusitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.