Gabriel Aresti agertzen deneko filmazio bat aurkitu du Jon Kortazarrek

Ibon Sarasolarekin eta Juan San Martinekin solasean ageri da Aresti, 1969ko abuztuaren 4an Espainiako telebistako kultur programa batean egindako saioan. Poesiaren funtzioaz eta 'Harri eta Herri' poema liburu orduan argitaratu berriaz mintzo dira.

Gabriel Aresti, artxiboko argazki batean.
Gabriel Aresti, artxiboko argazki batean.
garbine ubeda goikoetxea
2026ko uztailaren 25a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako diktadura ezagutu zutenek gogoan izango dutenez, urtegi asko inauguratu zituen Francok bere 40 urteko agintaldian, eta, hain justu, hark inauguratu nahi izan ez zuen batek eraman du Jon Kortazar idazle, kritikari eta literatura katedraduna Gabriel Aresti agertzen deneko filmazio bakarra aurkitzera. Gaurdaino ez zen halakorik ezagutzen.

RTVE Espainiako telebista publikoaren bigarren kateko Ateneo kultur programan azaldu zen Gabriel Aresti, Ibon Sarasola eta Juan San Martinekin batera, 1969ko abuztuaren 4an —ikus hemen laburpena—. Arestik plazaratu berri zuen Harri eta Herri poema liburuaz ari dira solasean, baita poesiaren funtzioaz ere. Bederatzi minutu eta erdi irauten du.

Funtsean hiru idazleen arteko elkarrizketa bat izan zen telebistako agerraldi hura. Kortazar: «Juan San Martinek darama berba gidaritza, eta, zoritxarrez, ikusten da zati batzuetan ez duela ongi prestatua. Baina Arestik oso garbi dauka zer esango duen, baita zer irakurriko duen ere. Bi poema errezitatzen ditu, horietariko bat Irrintzi gorri batekin, euskaraz, eta ez da inolako kasualitatea aukeraketa hori».

Gabriel Aresti «hain bizirik» ikusteak emozio berezia eragin zion Kortazarri: «Duintasun handiarekin agertzen da Aresti, keinuak egiten, burua mugitzen, ilusioz beteta 35 urterekin. Emazteari deitu nion, urduri [Miren Billelabeitia]: 'Horra nor sartu zaigun etxean!', esan nion. Liluratuta gelditu ginen biok».

«[Grabazioan,] Arestik oso garbi dauka zer esango duen, baita zer irakurriko duen ere. Bi poema errezitatzen ditu, horietariko bat Irrintzi gorri batekin, euskaraz, eta ez da inolako kasualitatea aukeraketa hori»

JON KORTAZAR Katedraduna

Une horretara iritsi arterainokoa ere «bitxia eta emozionantea» izan dela adierazi du katedradunak. «Karanbolaz karanbola» heldu dela dio, beren-beregi egindako ahalegina disimuluan pasatuko delakoan.

Manuel Maria poeta galiziarrari jarraikiz gertatu zitzaion lehendabiziko ezustea. «Banekien gutunak idatzi zizkiola Arestiri, eta, hortaz, pentsatu nuen Arestik ere idatziko ziola hari. Manuel Mariaren ondarea jasota dagoen museora jo nuen, Arestiren gutunak plazaratu gabe zeudelakoan». Usteak erdia ustel, baina. Arestik Mariari erantzunez idatzitako «jatorrizko» hiru gutun bidali zizkioten museotik Kortazarri, eta haiekin batera ohar bat, esanez idatziok argitara emanak zirela lehenagotik; hain zuzen, Xurxo Martinezen eta Raul Rioren Galegos en Bizkaia – Galiziarrak Bizkaian liburuan (2007). 

«Liburu hori etxean izan nuen nik, baina ondo zaindu ez, eta desagertu egin zen», esan du Kortazarrek bertan datorrenaren berri ez jakitea desenkusatuz eta penaz. Nolanahi dela ere, Mariaren museotik jasotako gutun horietako bat irakurtzen ari zela izan zuen Ateneo programako agerraldiaren berri. Zera idatzi zion Arestik Mariari gutunetako batean: «Gero eta alferrago nago: aspaldian ez dut hitz egin edo errezitatu jendaurrean, atzetik sortzen diren istiluek oso urduritzen bainaute. [...] Ateneo programarako saio bat besterik ez dut egin. Zorionez, oharkabean pasatu zen». Kortazarri tximeletak egin zitzaizkion sabelean. Gutuna 1969ko abuztukoa izanik, bazuen filmazioaren gutxi gorabeherako data bat. RTVErako sarbidea emango zion norbait besterik ez zuen behar.

Katastrofe bat argibide

Eta orduantxe gertatu zen istorio honen hurrengo karanbola. Nestor Atxikallende adiskidearen laguntzaz bila eta bila ari zela, Torrejon el Rubion (Caceres, Espainia) gertatutako istripu bat adimen artifizialaren bidez berregiten duen dokumentala topatu zuen kasualitatez: Urbano Garcia Alonsoren Sueños anegados. Han, 1965ean Monfrague parke naturalaren alboan eraikitzen ari ziren urtegiko presak ezin izan zion uraren indarrari eutsi, eta, hura lehertuta, behargin mordo bat hil zen —ofizialki 57, eta dokumentalaren arabera ehun inguru—. Frankismoak estali egin zuen katastrofea, eta garai hartako prentsak ere ez zuen gauza handiren berri eman. Arestik, baina, soneto batzuk idatzi zituen ezbehar horren kontura, eta horiek oso gogoan zituen Kortazarrek. «Kasik isilpean egin zituen urtean berean, gaztelaniaz, eta bi urte geroago publikatu ziren gaztelaniaz eta euskaraz».

Dokumentalaren egilearekin harremanetan jartzeko moduaz arduratu zen gero. «Konturatu nintzen Garcia Alonso RTVEko Berrikuntza Saileko zuzendaria ez ezik ETBko kolaboratzailea ere bazela. Idatzi nion, eta Arestiren sonetoak oparitu nizkion. Ikaragarri eskertu zidan keinu hura. Trukean, Arestiren grabazioa lortzeko bidea egiten laguntzeko eskatu nion. Virginia Bazan RTVEko artxibategiko langilearen kontaktua eman zidan». Hari azalpen batzuk eman behar izan zizkion Kortazarrek, baina bi egunen buruan, baietz, Gabriel Arestik ere parte hartu zuela programa hartan. Helburu komertzialik gabe erabiliko zuela zin egin ostean, irudiak ikusteko aukera eman zion.

Bi poema errezitatzeaz gainera, maite zituen poetez eta izan zituen eraginez ere mintzatu zen Aresti filmean, baita euskal poesiaz orokorrago ere. Kortazar: «Aipatzen ditu Lizardi edota Mirande, baina baita Cesar Vallejo, Blas de Otero, Paul Eluard edota Paul Valery ere». Beharbada poesiaren funtzioaz ari den zatia da filmaren gailurra: «Esaten du bere poesia ez dela liburuetan gelditzekoa, eta poza erakusten du bere libururik —ez bestelako libururik euskaraz— irakurri ez dutenek ere buruz dakizkitelako bere poema batzuk, kantuari esker. Esaterako, Egun da Santimamiña».

Esan liteke Kortazarrek orain arte egindako ikerketez harago aparteko konexioa ere izan duela beti Arestirekin. Alta, behin bakarrik egin zuen topo harekin, «kontzientziaz» behintzat. 1972an izan zen hori, Manuel Mariak literatura eta poesia galegoari buruz Bilbon emandako hitzaldi batean. «Hitzaldia Mariarena zen, baina Arestik egin zuen aurkezpena, eta ondoren istilua izan zen. Besteak beste, esan zuelako Espainian errepresioa gogorragoa izan zela Euskal Herrian baino. Jesuita batek, Ablitasko Lopez delako batek, aurre egin zion. Ni mitomanoa nintzen orduan, Arestiren oso zalea, eta haluzinatu nuen». Grabazio bat ere badu egun hartakoa.

Baina litekeena da egun hura baino lehen Arestirekin topo egin izana. 16 edo 17 urte zituela mila motibo izan zituen egunerokoan harekin topo egiteko: «Unibertsitatera ikastera joan nintzenean, lehen hilabeteetan, izeba-osaba batzuek hartu ninduten etxean, hain justu, Aresti bizi zen kale berean». Eta lehenagotik ere suertatu zitzaion abagunerik. «Umetan, txistulari ibili nintzen Mundakan. Uda batean, Arestik eta Blas de Oterok ostatu hartu zuteneko etxetik ere pasatu ginen txistua jotzen, eta nire adiskideak esan zidan urte hartan bi lagun ikusi zituela etxe hartako balkoian guayaberaz jantzita. Haiek izango ziren, baina nik ez dut eszena hori gogoan». Nork esango zion ume hari halako tokia hartuko zuenik bizitza osoko ikerketetan eta peskizetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA