Musika

Gabriel Arestiren omenezko bi ikuskizun egingo dituzte datorren astean Bilbon

Joxan Goikoetxeak eta Euskameratako kideek 'Gabriel Aresti Mug(H)arri' emango dute abenduaren 4an, BBK aretoan. Hilaren 10ean, berriz, euskal kantutegiko hainbat abesti interpretatuko dituzte Arriaga antzokian. Euskaltzaindiak antolatu ditu bi ekitaldiak.

Gaur aurkeztu ditu Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren omenezko bi kontzertuak. EUSKALTZAINDIA
Gaur aurkeztu ditu Euskaltzaindiak Gabriel Arestiren omenezko bi kontzertuak. EUSKALTZAINDIA
mikel lizarralde
Bilbo
2025eko azaroaren 26a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten bete dira 50 urte Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zenetik, eta, urtemuga hori baliatuta, haren omenezko ekitaldi ugari antolatu ditu Euskaltzaindiak urte osorako. Hain zuzen ere, programazio horren parte dira Euskaltzaindiak gaur aurkeztu dituen bi ikuskizunak; abenduko lehenengo bi asteetan izango dira, Bilbon, eta, Arestiz gain, musika izango dute protagonista.

Lehenengo ekitaldia Gabriel Aresti Mug(H)arri deiturikoa izango da, eta abenduaren 4an egingo dute BBK aretoan. Beren-beregi Aresti omentzeko ikuskizuna da Gabriel Aresti Mug(H)arri, Joxan Goikoetxea musikariak gaur Bilbon eginiko aurkezpenean azaldu duenez: «Sorkuntza eszenikoan hitzen eta melodien arteko elkarrizketa garaikidea gertatuko da, Gabrielen pentsamendua, estetika eta iruditeria ideologikoa biziberritzeko asmoz». Oholtzan, Goikoetxearekin berarekin batera, Euskameratako kideak izango dira: Beñat Egiarte, Amaia Azkue, Xabier de Felipe eta Xabi Paya. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da. 

Bigarren kontzertua abenduaren 10ean izango da, Arriaga antzokian, 19:30ean. Bertan euskal kantutegiko abesti ugari interpretatuko dituzte, eta horien artean izango dira Arestik berak idatzitako zenbait. Agertokian Jon Maia bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatza izango dira. Gaur jakinarazi dutenez, Maiak Arestiren Nire aitaren etxea poeman inspiratutako bertsoa kantatuko du, eta Euskeria abesbatzak euskal kantutegiko abesti ezagunak interpretatuko ditu: Zeruan eder ilargia (Aita Donostia), Maitia nun zira (Jose Uruñuela), Aitarik ez dut (Errobi) eta Lau teilatu (Itoiz), besteak beste. Rafa Ruedak, berriz, Arestiren hitzekin eginiko lau kanta joko ditu: Preso gaudenon ahoetatik, Nire izena, Bilbaoko kaleak eta Egia bat esateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.