Osasun arazo ugari izan ditu Gabriel Garcia Marquez idazle eta kazetariak, batik bat, 1999az geroztik. Minbizia izan zuen orduan. Astelehenaz geroztik dago ospitalean, Mexikon; hala baieztatu du Efe berri agentziak, iturri ofizialak eta Mexikoko Osasun Idazkaritza aipatuz. Idazlearen emazteak ere Twitter bidez baieztatu du albistea, eta esan du "gripe arin" batengatik ospitaleratu dutela, eta gaixotasunetik osatzeko "lekurik onenean" dagoela.
Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak ere baieztatu du idazlearen ospitaleratzea, txio baten bidez; "ahalik eta azkarren" osatu dadila espero du Nietok. Europa Press agentziak Mexikoko Azteca Noticias hedabidea aipatuz jakinarazi duenez, ez-ofizialki zabaldutakoaren arabera, pneumonia bat izan daiteke ospitaleratzearen arrazoia. Dena den, oraingoz ez dute eman haren osasun egoeraren adierazpen ofizialik.
Kolonbiarra da izatez Garcia Marquez, baina badira urte batzuk Mexikon bizi dela. 2012ko udan ere ospitaleratu zuten, haren anaiak adierazi zuenez, "zahartzaroko dementzia" nozitzen hasia baitzen. 87 urte ditu.