Literatura

Garraio publikoan irakurtzen direnak jaso ditu Miren Billelabeitiak bere nobela berrian

Urtebetez, trenean eta metroan irakurtzen zebiltzan pertsonen testigantzak jaso ditu idazleak. Eguneroko gisako horretatik jaio da irakurketari buruzko haren hirugarren eleberria, 'Ezezagunak trenean... irakurtzen'. Consonni argitaletxearekin kaleratu du.

Miren Billelabeitia, 'Ezezagunak trenean... irakurtzen' liburua eskuan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Billelabeitia, 'Ezezagunak trenean... irakurtzen' liburua eskuan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2026ko azaroaren 13a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hala esan zion behin elkarrizketatu batek Leila Guerriero kazetari argentinarrari, kazetariak idatzi egiten zuela esan eta gero: «Idazketaren sorrera edo pizgarria kezka bat da». Miren Billelabeitia idazleak ekarri du gogora pasartea, jarraian azaltzeko jendeak garraio publikoan zer irakurtzen duen jakiteko gogoak piztu ziola berari liburu berria idazteko grina. Joan den ekainean hasi zen biltzen jendeak metroan eta trenean irakurtzen zituenak, eta, urtebeteren ostean, liburu bilakatu dira behinola eskuz hartutako ohar horiek guztiak. Ezezagunak trenean... irakurtzen deitzen da liburua, eta Consonni argitaletxearekin kaleratu du.

Lagun batek esan zion iritzi batetik abiatu zen dena. «Haren ustez, jendeak ez du irakurtzen ez duelako nahi, eta argudiatu zuen garraio publikoan bidaiatzen zutenei begiratzea besterik ez dagoela, denak mugikorrari begira joaten omen direlako», kontatu du idazleak. «Ukituta» utzi zuen elkarrizketa hartatik egun gutxira, Bilboko metroa hartzera joan eta Billelabeitiak emakume bat ikusi zuen metroaren zain liburu bat irakurtzen. Hurrengo egunean, metroan irakurtzen ari ziren beste bizpahiru lagun aurkitu zituen. «Gerora lagunari erakusteko asmoz, soinean nuen erosketa baten ordainagiriaren atzealdean apuntatu nuen jendea irakurtzen topatu nuela metroan», esan du idazleak.

«Jakin nahi nuen zer ari ote zen irakurtzen nigandik hiru eserlekura leiho ondoan irakurtzen zebilen pertsona hori»

MIREN BILLELABEITIA Idazlea

Ekintza soil bat izan zitekeen egun hartakoa, baina idazleak bere errutinaren parte bilakatu zuen. Iazko ekainetik aurtengora arte, astero gutxienez behin ibili da garraio publikoan, eta aldiko apuntatu du inor irakurtzen ari ote zen. «Inoiz baino gehiago bidaiatu dut trenean, metroan eta autobusean, eta inoiz baino gehiago irakurri dut bertan». Eguneroko baten antzekoa da liburua; oharrak bata bestearen atzetik, bakoitza bere datarekin eta orduarekin. 

Urte luzez irakaskuntzan aritutakoa, literaturaren munduan ibilbide luzea du Billelabeitiak. Batez ere irakurketari buruzko lanak idatzi ditu, eta hau ere halakoxea da. Zehazki, irakurketari buruz idazten duen hirugarren liburua da. Ordea, lehena da irakurketaz gain irakurleez ere mintzo dena. Jakin-minak bultzatuta hasi zen liburua idazten; hasieran ez zuen asmoa liburu bat idaztea: «Jakin nahi nuen zer ari ote zen irakurtzen nigandik hiru eserlekura leiho ondoan irakurtzen zebilen pertsona hori».

Horrela, «elkarrizketa luzean» aritu da bidean topatu dituen irakurleekin, zer ari ziren irakurtzen galdetu eta bueltan gomendioak jasoz. «Jendea uste baino adeitsuagoa da», azpimarratu du idazleak irribarretsu. Bitxikeria moduan, nabarmendu du irakurtzen topatu dituen pertsona gehienak eleberriak irakurtzen zebiltzala, apenas aurkitu duela poesia irakurtzen zebilenik, eta aurkitutako eleberrietako asko misteriozkoak direla. 

«Liburua ez da soilik irakurketari buruzkoa; begiratzeari, entzuteari, gogoratzeari eta beste pertsonekin harremanak sortzeari buruzkoa da»

MARIA MUR Consonni argitaletxeko editorea

«Liburua ez da soilik irakurketari buruzkoa; begiratzeari, entzuteari, gogoratzeari eta beste pertsonekin harremanak sortzeari buruzkoa da», azaldu du Maria Mur Consonni argitaletxeko editoreak. «Batzuetan, paisaia bat ikusteko modua aldatu du; besteetan, haurtzaroko oroitzapen bat piztu du, edo duela urte asko irakurritako testu bat beste begi batzuekin irakurtzera eraman». Editorearen hitzetan, liburu berriak egun pil-pilean dagoen irakurzaletasunaren inguruko kezka eraldatu du: «Gero eta gutxiago irakurtzen dugula esaten da sarritan, baina Billelabeitiak begirada hori zabaldu du, aurreiritzia nolabait apurtu».

Argazkien garrantzia

1990eko hamarkadan sortu zen Consonni argitaletxea, arte garaikidearekin lotutako ekoizpenak egiteko. Gaur egun, literatura egiten dute, baina ez dira ahaztu hasierako ideia hartaz. Alde horretatik, liburuan Espainiako Trenbideen Fundazioaren artxiboko argazkiak azaltzen dira, XX. mendekoak, lehen hamarkadatik hasi eta azkeneraino. 

Trenen barruan ateratako hamabi argazki dira, liburuko hilabete bakoitzeko bana. Jendea hitz egiten, irakurtzen eta lotan ageri da. Horrela azaldu du Murrek argazkiak eta testuak batzeko asmoa: «Billelabeitiak egungo bidaiariei begiratzen dien bitartean, irudiek beste garai batzuetako trenetara eramaten dute irakurlea. Horrela, egunerokoaren kontakizun pertsonala eta tren bidaien memoria kolektiboa elkarrizketan jartzen dira. Guretzat funtsezkoa da arte garaikidea, literatura, irudia eta memoria lotzea».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA