Sorkuntza eszenikoaren prozesuak, pieza laburrak eta artista gazteen lanak izango dira ardatz berriz ere Scratxe Gauak jaialdian. Gaurtik igandera bitarte, jaialdiaren hogeigarren aldia egingo dute Gasteizko Baratza aretoan eta Artium museoan. Dantza, antzerkia eta performancea uztartuko dituzten sei obra taularatuko dituzte, eta, horietaz gain, tailer bat eta sormen prozesuak barrutik ezagutzeko laborategi bat ere prestatu dituzte.
Jaialdiak hogei urte betetzea mugarri bat dela uste dute antolatzaileek. «Honaino iristeak erakusten du jaialdi honek funtzionatu egiten duela», azaldu dute Amaia Bonok eta Hannah Whelanek, jaialdiaren antolatzaileek. Publikoak urtez urte aretoak betetzen jarraitzea eta artistak beren proiektuak aurkezteko gogotsu egotea dira, haien hitzetan, urtemuga ospatzeko arrazoi nagusiak.
Sorreratik bertatik, hau izan da Scratxe Gauak-en xedea: artista gazteei lehen urrats profesionaletan beren lan eszenikoak garatzeko eta erakusteko tokia eskaintzea. Pieza laburrak izan behar dute —gehienez hogei minutuko lanak—, eta azken helburua da sorkuntza prozesua bera jendaurrean erakustea eta ikuslea esperientziaren parte bihurtzea.
Hogei urteotan eutsi egin diote sorrerako esentziari: «Zirkuitu propioa ez duten prozesu esperimental eta ausartei lekua ematea izan da beti gure asmoa». Azken urteotan, gainera, bitartekaritza prozesuei leku handiagoa ematen saiatu direla gaineratu dute antolatzaileek.
«Zirkuitu propioa ez duten prozesu esperimental eta ausartei lekua ematea izan da beti gure asmoa»
AMAIA BONO eta HANNAH WHELANScratxe Gauak jaialdiko antolatzaileak
Behar horrek badu zerikusirik arte eszenikoen egungo egoerarekin. Antolatzaileen ustez, antzerkiaren eta dantzaren zirkuitu hegemonikoa aldatu bada ere, «hermetikoa» da oraindik ere zenbait proposamen «transgresorerentzat». Alde horretatik, jaialdian geroz eta toki handiagoa dute eduki politiko esplizituak dituzten lanek, eta sexu, jatorri edo klase aniztasunarekin lotutako gaiek. Hori hala izanik, jaialdiak bere lekua aldarrikatu nahi du sorkuntza prozesuak eta proposamen ez konbentzionalak garatzeko espazio gisa.
Prozesuari denbora eta jarraipena
Gaur abiatuko dute jaialdia, Artiumen, 17:00etan, Lara Brown eta Amalia Rodriguezek gidatuko duten Maitasunaren lanak tailerrarekin. Gorputzen, zaintzaren eta elkarrekin egotearen inguruko praktikak abiapuntu hartuta, parte hartzaileekin gune seguru eta atsegina sortzea izango dute helburu. Besteak beste, airearekin elkar ukitzea, beste gorputz bat sortzea eta distantzian ere elkarrekin egoten ikastea landuko dute. Doakoa da sarrera, baina tailerrean parte hartzeko aurrez eman behar da izena.
Baratza aretoko agertokiak hartuko ditu bihar lehen antzezlanak, 20:00etan hasita. Candela Garaziren Segundu batez pentsatu nuen lanaren bertsio luzearen estreinaldia egingo dute. Garazi Scratxe Gauak-en egoitzan izan zen iaz, eta orduan aurkeztutako piezatik abiatuta garatu du oraingo lana, Arroxbola Sormen Kolektiboarekin elkarlanean. Horixe da, hain justu, jaialdiaren apustua, antolatzaileek azaldu dutenez: «Prozesuari denbora eta jarraipena eskaini nahi dizkiogu, eta lehen erakustalditik harago lanak garatzeko aukera eman».
Larunbatean izango da jaialdiaren egun nagusia. 19:00etan hasiko da Baratza aretoan, eta deialdi ireki baten bidez hautatutako bost pieza aurkeztuko dituzte. Saioaren ondoren, artistek eta ikusleek solasaldia egingo dute.
Blau Pique Boschek, Barjaula Travesti izenarekin, Goizeko King fantasia hitzaldi performatiboa aurkeztuko du. Komedia, autofikzioa eta kultur eszenaren inguruko gogoeta uztartuko ditu, eta drag king unibertsoa baliatuta, identitateen inguruko isolamendua aztertuko du, baita sistemak identitate horiek nola etxekotzen dituen ere.
«Prozesuari denbora eta jarraipena eskaini nahi dizkiogu, eta lehen erakustalditik harago lanak garatzeko aukera eman»
AMAIA BONO eta HANNAH WHELANScratxe Gauak jaialdiko antolatzaileak
Maitasuna egiten bere itzalen azpian lanean, berriz, «bi emakume marroik gorputz arrazializatuen arteko samurtasuna jarriko dute erdigunean». La Garua konpainiak, bestalde, Apoaren amarratzea pieza aurkeztuko du. Micaela Minervinoren eta Vico Bilbaoren obra da, eta Bilbao bira eta Sofia Chao arituko dira eszenan.Â
Lur & Maruren We're All Fish lanak, berriz, ahalik eta intentsitate handienarekin maitatuak izateko ametsa partekatzen duten bi pertsonaia ditu ardatz. Azkenik, Thierno Ibrahimak Mug'ari pieza aurkeztuko du. «Nor garen eta non gauden galderei tiraka, mugimenduaren eta mugen arteko harremana aztertzen du lanak». Botereak nola zapaltzen, bereizten eta zuzentzen duen ere jorratuko du, dantza eta antzerkia uztartuz eta mugimendua «salaketa eta oihu» bihurtuz.Â
Igandean, Artium museoan, Idoia Zabaletak gidatuko duen Prozesuak barrutik irakurtzeko proposamena izeneko laborategia egingo dute. Lau orduko saioa izango da, 10:00etan hasita, eta sorkuntza prozesuan dagoen pieza baten atzean gertatzen denari erreparatzea izango du helburu. Artistei eta prozesuei ikusle gisa jarraitu dietenei zuzenduta dago. Sortze prozesuaren hasieratik amaierara bitarteko lurraldean murgiltzea proposatuko du Zabaletak, eta sortze prozesuan bizirik irauten duten ideiak, keinuak eta intuizioak aztertuko dituzte.Â