Gasteizko Jazzaldia ez da egingo azkenean

Uztailaren 13tik 18ra bitarte zen egitekoa 44. aldia. Branford Marsalis, The Charlie Parker Legacy Band, Anne Paceo eta Antonio Sanchez ziren aritzekoak.

Omara Portuondok iaz Gasteizen emandako kontzertua. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2020ko ekainaren 5a
12:26
Entzun

Gasteizko Jazzaldia ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Uztailaren 13tik 18ra bitarte zen egitekoa jaialdiaren 44. aldia, baina bertan behera utzi behar izan dute, osasun larrialdiak baldintzatuta. Antolatzaileek azaldu dute «azkeneraino» saiatu direla, eta epeak «ahalik eta gehien estutu» dituztela, baina ez dutela beste aukerarik izan jaialdia datorren urtera atzeratzea baino. 

Antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dute urte hasieran jaialdia «ia itxita» zeukatela: «kartel eder bat eta lehen lerroko musikariak» prest zituzten uztailerako. Lehen emanaldiak ere iragartzen hasiak ziren: Branford Marsalis, The Charlie Parker Legacy Band, Anne Paceo eta Antonio Sanchez ziren Gasteizen aritzekoak, hain zuzen. Baina sarrerak salgai jartzeko egun gutxi falta zirela iritsi zen COVID-19aren krisia.

Osasun larrialdiak baldintzatuta alternatiba bila hasi zirela azaldu dute idatzian. «Lau proiektu prestatu genituen. Uztailean dena ondo joanez gero, jaialdia Gasteizek merezi zuen poztasun txikia izatea nahi genuen. Eta inoiz baino irekiagoa izatea. Dena streaming bidez ikustea, ia dena doakoa izatea eta, osasun neurri posible guztiekin, Gasteiz jazzaren festa bihurtzea».

Azken egunetako egoera aztertuta eta hilabete eskas falta dela kontuan hartuta, ordea, adierazi dute ez dutela jaialdia egiteko berme nahikorik: «Ezin dugu bermatu proiektu bakar bat ere egitea, Jaialdiaren etorkizuna arriskuan jarri gabe». Izan ere, antolatzaileek aitortu dute egungo testuinguruak «egoera zailean» jarri duela jaialdia.

Hala, datorren urteko jaialdia prestatzen hasiak direla aurreratu dute. Ez dute esan, ordea, dagoeneko iragarrita zeuzkaten artistei eutsi zaien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.