Jazz musikak Gasteiz hartuko du berriro ere uztaileko hirugarren astean. Gasteizko 49. Jazzaldia aurkeztu dute gaur antolatzaileek, eta aurten ere ohiko agertokietatik harago zabalduko dute egitaraua. Guztira 50 kontzertu izango dira uztailaren 13tik 18ra bitartean, eta horietatik hamalau bakarrik izango dira ordainpekoak. Gainerakoak, kalean, plazetan, parkeetan, tabernetan eta Arabako hainbat herritan egingo dituzte.
«Musika zuzenean entzutearen pribilegioa ahalik eta jende gehienari helarazi nahi diogu», azaldu du Iñigo Zarate jaialdiko zuzendariak. Haren esanetan, Gasteizko Jazzaldiaren xede nagusietako bat da hiria oso-osorik inplikatzea eta jazza kontzertu aretoetatik ateratzea.
Mendizorrotzeko agertoki nagusian izango dira nazioarteko izen handienetako batzuk. Uztailaren 15ean Gretchen Parlato eta Take 6 ariko dira; biharamunean, berriz, Sun Ra Arkestra talde historikoa igoko da oholtzara. Edizio honetako izar nagusia, ordea, Ruben Blades izango da. Saltsa eta musika latinoaren erreferenteak uztailaren 17an emango du kontzertua, Roberto Delgadoren Big Bandarekin batera. Jaialdia uztailaren 18an itxiko dute The Bad Plus eta Snarky Puppy taldeek.
Mendizorrotzetik harago, Europa jauregia jazz garaikidearen eta proposamen berritzaileenen bilgune nagusia izango da berriro ere. Han ariko dira, besteak beste, Amaro Freitas pianista brasildarra, New Jazz Underground hirukote estatubatuarra, Kris Davis pianista kanadarra eta Isaiah Collier saxofoi jotzaile gaztea. Tokiko talentuek ere izango dute lekua: Iosu Izagirre kontrabaxu jotzaile arabarrak Ilusio diskoa aurkeztuko du bere seikotearekin.
Hiria agertoki bihurtuta
Jazzaldiak, hala ere, Mendizorrotza eta Europa jauregitik kanpo ere izango du oihartzuna. Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute kaleko programazioa. Jazz UP egitasmoaren bidez hamar kontzertu eskainiko dituzte Gasteizko hainbat txokotan: Andre Maria Zuriaren plazan, Aihotz plazan, Foru plazan, San Bizente aldapan eta Florida parkean, besteak beste.
Bestalde, uztailaren 11n Prado parkeak hamabi orduko musika eguna hartuko du Jazza Parkean egitasmoaren barruan. Gasteiz Big Band, Sedajazz Jove Big Band, Bea Asurmendi, Gilipojazz eta Michelle David & The True Tones ariko dira egun osoan zehar. Gaueko eskaintza ere ez da faltako. Mendizorrotzeko kontzertuak amaitutakoan, Gauerdiko Jazza zikloa egingo dute Silken Ciudad de Vitoria hotelean, eta jam session irekiak izango dira.
Jazzak hiriko ostalaritza guneetara ere egingo du jauzi. Hainbat tabernak eta aretok doako kontzertuak hartuko dituzte, tokiko eta inguruko musikarien eskutik. Horrez gain, Jazza Kuadrillan programaren bidez Arabako landa eremura ere iritsiko da jazzaldiaren musika: Quintanilla Gobiaranen, Pipaonen eta Lagranen egingo dituzte emanaldiak, jazzaren presentzia hiriburutik harago zabaltzeko asmoz.
Jazzinema zikloaren barruan, berriz, jazza eta zinema uztartzen dituzten bost film emango dituzte Artiumen, uztailean. Horrez gain, Hibridalabekin elkarlanean hitzaldi sorta antolatu dute, eta Jesus Guridi kontserbatorioan hainbat eskola magistral eskainiko dituzte jaialdian parte hartuko duten artistek.
Sarreren salmenta erritmo onean doala esan du jazzaldiko zuzendariak, batez ere Bladesen emanaldirako. Gasteizko jazzaldiaren webgunean eskuragarri daude sarrerak.