Gatazka, egongelaraino

Saharar herriaren gatazkatik eta erresistentziatik ibilbide bat egitea proposatzen du Donostian jarri duten 'Ondasun lapurtua' erakusketak

Sukaldea irudikatzen duen instalazioa eta bideo proiekzioa. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Baliabide naturalak zaintzen jakin behar dugu. Ez dugu natura hurbiltzen zaion guztia irensten duen botere-sistemaren ahutzetan erortzen utzi behar. Sistema kapitalistak aurkitzen duen guztia jaten du. [...] Sistema honetan, errentagarria den guztia ona da, eta errentagarria ez den guztiak ez du existitzea merezi. Horrek planeta zozkatzera garamatza». Eduardo Galeanoren aipu hori topatuko du aurrez aurre bisitariak Lurra, kultura eta identitatea: Ondasun lapurtua erakusketara sartzean. Mostrak agerian jarri nahi du gehienetan interes ekonomikoak eta natur baliabideen espoliazioa daudela munduan zehar dauden gerren atzean, eta fokua jarri du horren adibide den kasu batean: Saharako herriaren gatazka. Herrialde horren azken hamarkadetako historian eta erresistentzian barrena ibilbide bat egitea proposatzen du Arabako SEADen Lagunen Elkarteak Donostia 2016rekin elkarlanean prestatutako erakusketak. Maiatzaren 21 arte egongo da Donostiako Okendo kultur etxean.

Gure etxeetan daudenen tankerako egongela eta sukaldea irudikatzen dituzten instalazioak dira ikusgai dauden lehen piezak, GKo eta FAK! artista taldeek onduak. Pez Limbo antzerki taldearen obra bat ikus daiteke telebistan, hedabideek gatazkei ematen dieten trataerari buruzkoa. Altzariak hainbat tonutan margotu dituzte, kolore bakoitzarekin natur baliabide bat islatu nahian: basoak, ura, mineralak... «Gatazkak beti kanpoan daudela dirudi, eta geure etxeetara ekarri nahi ditu lan honek, gure kontsumo ohituretan ere islatzen baitira», azaldu du Amagoia Murua Arabako SEADen Lagunen Elkarteko kide eta erakusketaren zuzendariak. Pareko horman proiektatuta, munduko mapa batean, beste herrialde batzuetan natur baliabideei lotutako gatazken kasuak azaltzen dira; sukaldeko mahaian, pantaila bat ukituz bilatu ahal da informazioa mapan.

Hortik aurrera, Saharako gatazka eta sahararren erresistentzia kronologikoki azaltzen duen ibilbide bat eskaintzen zaio bisitariari. Lurreko marra beltz bati jarraituz, gertakari historiko nagusien errepasoa egiten du ibilbideak; marraren bi alboetara dauden argazki, bideo eta objektuek azaltzen dituzte gertakariok.

Okupaziotik gaur egunera

Shukare Otero artistak argazkiz, mapaz eta sokaz sortutako instalazioak kolonizazio prozesuaren inguruko informazioa eskaintzen du. Aurrerago, frankismo garaiko etxe bateko egongela bat, non telebistan garaiko no-do albistegiko irudiak ematen ari diren. Aurreko horman, parez-pare, no-do-ak erakusten ez zuena, zuri-beltzezko dozena bat argazkitan: munduko zenbait askapen mugimendutako buruak ageri dira irudietan, eta handienean, Fronte Polisarioko sortzaile El-Uali Mustafa Sayed, Vo Nguyen Giap general vietnamdarrarekin hizketan, garaiko askapen mugimenduen arteko harremanen erakusgarri.

Fronte Polisarioa sortu eta ondorengo bi urteetako gertakariak, 1973tik 1975era artekoak, hainbeste izanik —Espainiak erreferenduma agintzea, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren diktamena, Martxa Berdea...—, bideo batean laburbildu dituzte. Gerrako zein exodoko argazkiak datoz gero, eta apur bat aurrerago, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapena (1976) irudikatzen duen grafitia. Errepublikak sortutako nortasun agiri eta txanponak ikus daitezke bitrina batean, Espainiak garaian banatutakoen ondoan.

Puntu horretan, bidegurutzea: lurreko marra beltza bitan banatzen da, Saharako herritarrei gertatu bezala. Ezkerrera eginez, lurralde okupatuetako errealitatea erakusten duten argazkiak ageri dira, 2010eko Gdeim Izikeko kanpalekuko gertakariak barne. Aurrerago, tortura gela bat irudikatzen duen instalazio bat ere badago. Bidegurutzean eskuin aldera joz gero, berriz, kanpalekuetako errealitatea dago ikusgai: kanpaleku nagusien mapa bat, biztanleen aurpegien argazkiak, nazioarteko laguntza irudikatzen duten irin zakuak...

Bidearen amaieran, hilobi bat, 2013an Paco Etxeberriak eta Carlos Martinez Beristainek gidaturik hobi batean topatutako zortzi lagunen gorpuzkiena irudikatuz. Argitzeko eta konpontzeko asko geratzen dela gogoraraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.