Gatibuk «mila doinu aidien» utzita esan du agur

Gernikako taldeak azken kontzertua eman du 25 urteko ibilbidearen ostean, Barakaldoko BECen. Malkoz eta emozioz betetako emanaldia izan da, eta ezusteko ugari izan dira oholtzan.

Alex Sardui, BECen, Gatiburen agurreko kontzertuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Alex Sardui, BECen, Gatiburen agurreko kontzertuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Barakaldo
2025eko abenduaren 14a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Modu hunkigarrian esan du agur Gatibuk. Gernikako taldeak larunbat gauean eman zuen bere azken kontzertua, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia); musika munduan 25 urte betetzea ez da batere erraza, baina Gatibuk lortu du, eta azken kontzertuan erakutsi duenez, maila ona emanez lortu ere. Abenduaren 6an eta 12an ere oholtza berean jo zuten, eta larunbat gauean eman zioten amaiera agurreko kontzertuen sortari. Zaila da han bildutakoek bizi izandako guztiak deskribatzea, baina ikusleek barru-barruan sentitu zituzten kantu guztiak, batez ere lehen hiru diskoetakoak, baina baita beste zenbait harribitxi ere, berriagoak.

Bozgorailuetatik The Black Keys taldearen Lonely Boy entzun da, justu Gatiburen Bixotza suten baino lehen. Sutan irten da taldea, hasieratik aretoa pizteko asmoz. Segidan jo dituzte aipatu kanta hori, Lorak eskaintzen eta Mila doinu aidien klasikoak, geldialdirik egin gabe.

Oholtzara ezin indartsuago atera dira, eta hasieratik zabaldu dute bizitzasuna ikus-entzuleen artean. Bolumena izugarri igota, Alex Sarduiren ahotsa ere bereziki indartsu eta ozen entzuten zen. Lehergailu gehiago: Inpernuen ate joka —Sarduik besoak alde batetik bestera mugitzen jarri du publikoa, eta Xabier Bengoaren koruak benetan ozenak izan dira bai kanta horretan baita beste batzuetan ere—, eta Zoramena, zeinetan Oiartzungo Bengo rapean aritzera eta breakdance-a egitera irten den. Itzela benetan.

Hil berri den Extremoduro taldeko Robe Iniestari keinua egin diote Kalekatue kantuan, Extremoduroren So payaso abestiaren zati bat jota. Musika munduan dabiltzanei omenaldia egin diete segidan, Hartu berriz gitarrie abestian.

Geldialdi taktiko bat

Argi zegoen lehen diskoa izango zela agurreko emanaldian lekurik handiena hartuko zuena, Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik-ekin batera, eta halaxe izan da. Zazpi kantoietan laneko lau ere jo dituzte, eta Euritan dantzan diskoko hiru. Azken bi diskoen arrastorik ez da izan, ordea, Barakaldon.

Festak Pailazo asmo adierazpenarekin jarraitu du: bertaratutakoen ahotsa bereziki ozen entzun da, gainera, eta, gero, lehen faseko azken txanpan, Bizitzeko gogoa motibatzaileari ekin diote. Burrunba izugarria ateratzen zuten bozgorailuek.

Beherakada erlatibo bat etorri da segidan. Zer da? eta Zumarragako trena ez dira gaizki geratu, batez ere bigarrena nahiko txukuna izan delako eta, gainera, Aitor Lakaren kolaborazioa izan duelako, baina goranzko bidea eten egin da nolabait.

Mikel Goñik taldeari agur esateko grabatutako bideoarekin eztanda egin du aretoak

Ondoren etorri den abestiak, Gaur gure gaba da ta-k, riff zirikatzailea du, eta Haimar Arejitaren soloa luzea bezain itzela izan da. Segidan geldialditxo bat egin dute, eta pantailetatik agurtu dute taldea Nerea Arruti aizkolariak, Amaia Uribe kazetariak, Aritz Erkiaga pilotariak eta Mikel Goñik. Azken horren bideoa jarri dutenean, eztanda egin du aretoak. Ikusgarria.

Erritmo jaitsierak lehen bederatzi kantuetako leherketa baretu du, eta taldekideei kosta egin zaie berriz ere halako intentsitatea lortzea. Nire ondoan bazina oholtzaren ertzean interpretatu dute: Arejitak akustikoa jo du, eta Gaizka Salazar bateria joleak, berriz, kaxa flamenkoa.

Diskoteketan egoten direnen moduko bi bola erraldoi jaitsi dira sabai aldetik, eta, segidan, Gatibukoek Bang-bang Txik-txiki Bang-bang jostalariarekin berotu dute BEC. Palestinako bandera atera da jarraian pantailetan, eta publikoa «Palestina askatu» oihuka hasi da Ez dot sinisten kantuan. Bulego taldeko Tom Lizarazuk Urepel kantatu du Sarduirekin batera, berriro ere oso ozen. Hori da ahotsa biena ere!

Pixkanakako goraldia

Salto! izan da ikus-entzuleak berriz pitzarazi dituzten abestietako bat —Sarduik saltoka jarri du publiko guztia—, eta, batez ere, Itziar Ituño aktorea Eztanda egin arte kantatzera atera denean izan da ikusgarria jendearen orrua. Dantza sentsualak egin ditu Sarduirekin, eta kantuaren efektua indartu. Gabak zerueri begire altxor bat da, eta besoak eskuin-ezker mugitzen jarri du pista osoa, baita harmailak ere.

Gero, Niko Etxarten taularatzeak harrera itzela izan du: Benito Lertxundiren Loretxoa kantatu du Sarduirekin. Pieza hori Exkixuk ere grabatu zuen bere garaian, baina country rock ukitu oso nabarmena eman diote oraingoan. Litekeena da rock kanta bat egokiagoa izatea Etxartentzat, baina, nolanahi ere, txukun gelditu zaie abestia.

La Oreja de Van Gogh-en ibilitako Leire Martinez ere oholtzara igo da Aske maitte kantatzera. Bai jarrera aldetik, baita ahotsez ere, ondo aritu  da. Sarduik bertso bat bota du gero, eta jarraian Agur kapitaina jo dute, berriz ere formatu intimoan, eta horrekin erretiratu dira.

Azken txanpa garaiezina

Bisetan berreskuratu dute hasierako energia. Gora kopak!-en, Sarduik kopa hartu eta zigarroa erre du. Publikoak edalontziak altxatu ditu musikaren erritmoan. Orduan, Sardui nabarmen hunkitu da; malkoei eutsi ezinda egon da. Emanaldiaren bukaerara hurbiltzen ari ziren, baita Gatiburen ibilbidearen amaierara ere, eta horrek zirrara eragin du bai musikariengan baita ikusleengan ere, baina batez ere Sarduiri nabaritu zaio.

'Musturrek sartunde' izan da Gatibuk zuzenean jo duen azken kantua

Zeu, zeu, zeu! gaueko onenetakoa izan da: jendearen poz izugarria, martxa bizia, eta errepika garaiezina (stadium rock totala) uztartu dira, eta milaka pertsonak kantatu dute lehen hitzetik azkeneraino. Sardui eta Arejita belauniko jarri dira, lehena kantatzen eta bestea gitarra solo hiltzailea jotzen eszenatokiaren ertzean, hard rock festa gogoangarrian. Arejitarena itzela da: Euskal Herrian estilo hori gehien landu duten taldeetako bat da Gatibu, eta, bereziki, aipatzekoak dira Arejitaren sei soken riff eta soloak.

Berriz erretiratu dira musikariak, eta, itzultzean, Euritan dantzan kantuari ekin diote. Sarduiren dantzak ikusgarriak izan dira berriz ere, kontzertu osoan bezala. Karisma eta kemena sobran ditu, baina, atzo, negarrak ere izan zuen tokirik. Musturrek sartunde izan da Gatiburen azken emanaldiari amaiera epikoa eman diona.

Akabo. Zaleen oroitzapenetan geratuko dira taldearen disko guztiak, baita noizbait itzuliko diren esperantza ere. Gora kopak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.