Gatibu taldeko gitarrista

Haimar Arejita: «Gure musikak hainbat belaunaldirekin konektatu du, eta hori kristoren saria da»

Mende laurdeneko ibilbideari amaiera emango dio Gatibuk, gaur eta bihar BEC erakustazokan emango dituen kontzertuen bidez. Egindako bidearekin pozik eta zaleekin oso eskertuta igoko da Arejita oholtzara.

Gatibuk abenduaren 6an eman zuen despedidako hiru kontzertuetatik lehena, BECen. Irudian, Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita. MARIO LEZAUN
Gatibuk abenduaren 6an eman zuen despedidako hiru kontzertuetatik lehena, BECen. Irudian, Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita. MARIO LEZAUN
Ainhoa Sarasola.
2025eko abenduaren 12a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agur esan barik deitu dio Gatibuk bere azken birari. 25 urteko ibilbidearen ondotik, kantuan esango die agur taldeak oholtzei eta zaleei. Joan den asteburuan eman zuen despedidarako antolatu dituen hiru kontzertuetako lehena, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), eta toki berean izango dira hurrengoak, gaur eta bihar. Azkenak. Bezperako egunetan, «lasai» sumatu du bere burua Haimar Arejita taldeko gitarristak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1976). «Beti dago urduritasun puntu bat, gauzak ondo aterako ote diren, beti daukazu ardura hori, baina, egia esan, ni lasai nago; badakit zer egin dezakegun, eta dena prest dago». Egunotako emozioak bizi-bizi dituela mintzatu da BERRIArekin, eta, beste ezeren gainetik, zaleekiko esker onez. 

Dagoeneko eman duzue hiru kontzertuetatik lehena. Zer sentsazio utzi dizue datozenei begira?

Lehenengoa izan zen, urduri geunden, eta bota behar genuen hori, geneukan tentsio guztia askatzeko. Eta, egia esan, ondo joan zen, guk uste genuen baino hobeto. Emozio asko egon ziren, gauzak ondo joan ziren, ez zen halako ezustekorik gertatu, gero jendearen feedback-a oso ona izan da, eta pozik.

Despedidako kontzertu bat iragarri zenuten, eta hiru izango dira azkenean. Nola hartu duzue zaleen erantzuna?

Ba, harrituta, egia esan. Bene-benetan, ez da apaltasun faltsua, benetan esaten dizut BEC betetzea guretzat amets bat zela, beraz, hortik gorakoak zer esanik ez.

(ID_17654523138935) GATIBU
Joan den asteburuan Gatibuk BECen emandako kontzertuko irudi bat. MARIO LEZAUN
Urtebete baino gehiago igaro da azken kontzertua iragarri zenutenetik. Despedida zaporeko une ugari bilduko zenituzten ordutik, han-hemenka, kariñozkoak batez ere, baina, iazko udazken hartantxe, polemikarik ere izan zen zuen inguruan. Hautsak harrotu zituen Alex Sarduik musika eszenan «genero diskriminaziorik» ez dagoela esan izanak. Talde gisara, nola bizi izan zenuten hori?

Momentu gazi-gozoa izan zen; gure kontzertuen sarreren salmenta martxan jarri zenean atera zen albistea, eta gauza gazi bat izan zen. Azkenean, gertatu arte ez dakizu zelan kudeatu behar den halako kasu bat. Erreakzio masibo bat izan zen, eta ez da erraza, ez baikaude ohituta. Baina bueno, ahal izan genuen bezala kudeatu genuen, eta gure intentzio on guztiarekin; gure aldetik, behintzat, bideratu genuen.

Aurten kontzertu ugari eman dituzue herriz herri, eta haiek ere despedida kutsurik izango zuten...

Bai, noski, denak izan dira despedidak. Iparraldean kontzertu pila bat eman ditugu, udan jai handietan aritu gara... Despedida moduan hartu ditugu, eta uste dut jendeak ere hala hartu dituela.

Zuzeneko diskoa ere atera berri duzue, ekainean Gernikan emandako kontzertua grabatuta; hura ere berezia izan zen seinale?

Noski, azkenean herrian eta herriko jendeak babestuta... Hainbeste eman digun herriari, Gernikari, halako despedida bat egin nahi izan genion, zeren gernikarrak bete-betean aritu izan dira gure ondoan, hasieratik, eta guk, eskertzeko, halako kontzertu bat eman nahi genuen Gernikan, eta grabatu ere bai. Emaitza ikusi genuen, gustatu zitzaigun, eta publikatzea erabaki genuen.

Durangoko Azokan ere izan zarete diskoa aurkezten, eta aurtengoa berezia izango zen. Beste era batera hurbildu zaizkizue zaleak?

Bai, erabat, erabat. Guretzat azken azoka izan da, eta hor egon nahi genuen; gainera, gure diskoaren aitzakiarekin. Eta zaleak erabat desberdin hurbildu zaizkigu: asko negarrez etorri ziren, negarrez hasi ziren gurekin hitz egitean, argazkiak ateratzean, hau eta beste komentatzean... hunkitu ziren, eta askok negar egin zuten, eta gu ere negarrari eutsiz, bestela halako kate erreakzio bat sortuko zen azkenean, eta ez genuen hori nahi.

25 urteko ibilbidean Durangoko Azokan kasik urtero izan zarete, lan batekin edo beste batekin...

Bai, nik uste dut 22 edo 23 azoka egin ditugula jarraian, bai.

«Guretzat azken Durangoko Azoka izan da, eta hor egon nahi genuen. Eta zaleak erabat desberdin hurbildu zaizkigu; asko negarrez etorri ziren»

Bi ordu eta erdi inguruko kontzertua izan zen joan den asteburukoa, eta hainbat gonbidatu izan ziren oholtzan. Izango dira oraingoan ere? Zer aurreratu dezakezue?

Kontzertuak desberdinak izango dira, gonbidatuek beren kontzertuak eta lanak baitauzkate, eta ezin dira konprometitu hiruretara etortzera. Gainera, ez litzateke naturala ere. Orduan, kontzertu bakoitzean gonbidatu desberdinak egongo dira; ahal izan dugun bezala egin dugu, eta naturaltasunez.

Baina batzuk egongo dira, batean edo bestean, edo bietan...

Zeozer egongo da, bai, sorpresak egongo dira, egon lasai horregatik [irriz].

Gitarra berezi batekin ariko zara zu. Nondik nora sortu da aukera hori?

Bai, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolakoek Guitar Stream izeneko proiektu bat daukate; ingeniaritzako alor ezberdinetako ikasleak aritzen dira, eta, beste batzuek kotxe bat egiten duten bezala, haiek gitarra elektrikoak egiten dituzte. Gonbidapena helarazi zidaten niretzat gitarra bat egiteko, eta gitarra hori gure azken kontzertuetan erabiltzeko, abestiren batean behintzat, unibertsitateari eta haien proiektuari halako keinu bat egitea polita izango litzatekeelako. Eta ni pozik, plazera izan da niretzat.

Zuretzat espresuki diseinatu dute, beraz, gitarra. 

Bai, bai. Galdetu zidaten nolako espezifikotasunak nahi nituen, eta niretzat espresuki diseinatu dute. Egia esan, ohore hutsa izan da halako eskaintza bat izatea. Asteartean joan nintzen aurkezpenera, eta han ikusi nuen lehen aldiz; harekin jo nuen, probatu nuen, eta oso pozik nago, lan bikaina egin dute.

Beraz, kantaren batean edo bestean, agertuko da gitarra hori oholtzan...

Noski! Bai, bai.

Gatibuk mende laurdeneko ibilbidea izanik, hainbat belaunalditako zaleak bilduko dituzue kontzertuetan. Nola bizi duzue hori?

Oso pozgarria da; azkenean, aitona-amonak, gurasoak eta bilobak ikustea ikaragarria da, eta hori askotan gertatu izan zaigu. Eta bada seinale zure musika unibertsala dela edo, ez dakit nola esan... Guk ez dugu musika egiten entzuleria konkretu batean pentsatuz, egiten dugu guri gustatzen zaigun musika, gu asebetetzeko eta gu gustura sentiarazteko, eta horrek jendearekin konektatu du nolabait. Ez dakigu zer dela eta, baina hola izan da, zortea eduki dugu, hori tokatu zaigu, eta hainbat belaunalditako jendearekin konektatu du; hori niretzako kristoren saria da, kristoren oparia.

«Sinistuta gaude azken kontzertuak izango direla, nahiz eta gero oholtzan hunkitzen garen, badakigulako azken akordeak izango direla. Baina bai, nik uste dut hoberena hor goian uztea dela»

«Hor goian» zaudetela utzi nahi izan duzue taldea, eta esan izan duzue kosta zaizuela sinistea azken kontzertuak izango zirela. Sinistu duzue dagoeneko?

Bai, sinistuta gaude, bai, nahiz eta gero oholtza gainean hunkitzen garen, badakigulako azken akordeak izango direla. Baina bai, nik uste dut hoberena hor goian uztea dela.

Damurik erabakiarekin?

Ez dago damurik, ez, aurrera.

Argi eta garbi.

Bai, bai.

Hemendik aurrera, baduzue proiekturik buruan, elkarrekin edo bakarka?

Momentuz ez; momentuz, atseden hartu, musika entzun, kontzertuetara joan, ikusi ea nola dagoen gure gogoa eta beste gauza batzuk artikulatzeko ahalmena, ez baita hain erraza talde bat muntatzea berriro... Ez, lasai hartuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.