'Gaua' filmak zabalduko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Urriaren 31n proiektatuko dute Paul Urkijok zuzendutako hirugarren film luzea. Azaroaren 7ra bitarte egingo da 36. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea.

'Gaua' filmeko fotograma bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA
'Gaua' filmeko fotograma bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA
edurne begiristain
2025eko irailaren 16a
11:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaua Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarraren hirugarren film luzeak irekiko du aurten Donostiako 36. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Urriaren 31n proiektatuko dute pelikula, Kursaalean. Hain justu ere, urriaren 31n hasiko dira zinema astearen proiekzioak, eta azaroaren 7ra arte iraungo du programazioak. Donostiako Antzoki Zaharrean, Viktoria Eugenia antzokian eta hiriko beste hainbat agertokitan emango dituzte pelikulak.

Urkijoren aurreko lanen modura —Errementari (2017) eta Irati (2022)—  fantasia eta errealitate historikoa uztartzen ditu Gaua filmak ere. Oraingo honetan, XVII. mendean girotutako euskal mitologiaren gauaren munduan murgildu da zuzendaria, izakien mundu mitologikoari eta euskal sinesmenen iruditeriari protagonismoa emanez. Misterioz, emozioz eta epikaz betetako unibertsoa eratu du Urkijok lan berrian.

Euskal Herrian girotuta dago filma, XVII. mendean. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egiten du, eta baserritik alde egiten du gauaren erdian. Basoaren ilunpean galduta, presentzia bat sumatzen du bere atzetik. Bidean, hiru emakumerekin topo egiten du, eta haiek, ibaiaren ondoan arropa garbitzen ari direla, beldurrezko ipuinak eta herriko zurrumurruak kontatzen dizkiote elkarri. Kattalin ohartuko da bera ere tartean dela istorio horietan.

Irusoin, Ikusgarri Films, Vilaut Films eta Gaua AIE etxeek ekoitzi dute Gaua, eta Sitgeseko Zinemaldian estreinatuko dute, Sail Ofizialean. Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastortza ditu protagonista, eta azaroaren 14an estreinatuko dute zinema aretoetan. 

Hainbat film aurreratu dituzte

Urriaren erdialdera arte ez dute jakinaraziko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen egitarau osoa, baina dagoeneko aurreratu dituzte film batzuen izenak. Besteak beste, pelikulak hauek lehiatuko dira: The Creeps (Marko Makilaakso, Finlandia), The Curse (Kenichi Ugana, Japonia-Taiwan); Deathstalker (Steve Kostanski, Kanada-AEB); Decorado (Alberto Vazquez, Espainia-Portugal); Dog of God/Dieva Suns (Raitis Abele eta Lauris Abele, Letonia-AEB); Dracula: A Love Tale (Luc Besson, Frantzia); New Group (Yuta Shimotsu, Japonia); Other (David Moreau, Frantzia-Belgika); Que ma volonté soit faite (Julia Kowalski, Frantzia-Polonia); Redux Redux (Kevin McManus eta Matthew McManus, AEB); A Useful Ghost (Ratchapoom Boonbunchachoke, Thailandia-Frantzia-Singapur-Alemania); La Virgen de la tosquera (Laura Casabe, Argentina-Mexiko-Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.