Liburu aurrerapena

Gaupasa kluba

Irati Jimenezek 'Gaupasa kluba' bere lehen ipuin liburua aurkeztuko du astelehenean. Literaturaren aldeko «maitasunezko manifestu bat» da lana, literaturak argia egiteko duen gaitasunari egindako omenaldia. 'Maldan behera' ipuinaren hasiera da hau.

Gaupasa kluba liburuaren azala. IVAN LANDA
Gaupasa kluba liburuaren azala. IVAN LANDA
2026ko azaroaren 6a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
Oraindik sortu ez dena imajinatzeko lehenik eta behin isiltasuna imajinatu behar da. Isil-isilik dagoen isiltasun handi bat. Eta imajinatu behar da iluntasuna, ilunpe ilun-ilun bat. Mende bat ilun, mende ilun bi, hiru, lau, bost, sei mende ilun. Imajinatu hamar mende, ilun baino ilunagoak. Imajinatu iluntasunezko hamaika mende beltz, ezer ikusi, ezer entzun gabe. Gizaldi bat isilik, bi gizaldi isil, hamar, hogei, ehun gizaldi, zein baino zein isilago. Imajinatu den-dena ilun, den-dena isil. Eta imajinatu halako batean, hain isiltasun isilean norbait, arnasa hartzen, eztarria garbitzen, zeure ondoan. Imajinatu ezagutzen duzun edo ez duzun norbait bizirik dagoela, zurekin, ilunpean; eta sentitu egiten duzula norbait hori mugitzen, eta entzun egiten duzula zarata bat, kas-kas, iluntasun isilean, isiltasun ilunean, kas-kas, zarata txiki bat, kas-kas, norbait deika, kas-kas. Eta imajinatu iluntasun horretan ate bat zabaltzen dela eta atearen beste aldean etxe bat dagoela, suak piztuta dituen etxe bat, eta etxe horretatik datorren argitasunak zauri bat egiten diola iluntasunari, eta zauri horrek argitu egiten duela kas-kas ateari deika zure ondoan dagoena, eta etxe barruko argiak orain arte ikusi ez duzun lagun hori iluminatu egiten duela, eta ikusi egiten duzula nola sartzen den, iluminatuta eta bizirik, bere zain zegoen etxe horretara.
 

***

Etxe barruan sua piztuta dago.
Klaustro bat dirudien etxearen sarrerako patioan.
Ez da su handi bat. Argitasun handi bat ematen duen su txiki bat. Inoiz iraungitzen ez dena.  Irudiak egiten ditu hormetan, sutara hurbiltzen diren guztiei otsoen uluak gogora ekartzen dizkienak, eta leize-zuloetako arbasoek elkarrekin asmatu zituzten legenda zaharren memoria urruna.
Txingarretan dago eta berotasun atsegina ematen du.
Ez da etxe barruko su bakarra.
Atetik sartu den gizonak berea ekarri du. Bere baitan dagoena. Garretan.
—Sartu, sartu, hor kanpoan hotz egiten du eta –dio ahots batek lehenbiziko gelatik.
Eta gizona sartu egin da, iluminatuta eta sutan, literaturaren etxera.

***

Etxe gehienetan bezala, literaturarenean ere pilatu egiten dira sarrerako kakoetan neguko eta udako jantziak, jakeak, jertseak, amerikanak, txamarrak, berokiak. Zapatak lurrean, apurtutako aterkiak bazter batean.Gizonak horman dagoen mozolo itxurako kuku erloju itsusiari begiratzen dio. Gaztea da, garaia, galaia. Begi argiak, betaurreko beltz lodiak. Lanerako jantzita dator, bulegotik zuzenean. Traje marroia, ez oso iluna. Goizean goiz jantzitako alkandora zuria, zimurtua. Aldizkari bat besapean. Barruan bilduta, goizean erositako egunkaria, bi liburu, libreta bat. Larri dator, orduagatik kezkatuta. Lanpetuta ibili omen dira. Ezin izan omen du lehenago atera.
—Oso berandu nator –dio.
—Lasai, gizona. –Poeten artean, goiztiar ugari ezagutu ditu, eta beharbada goizegi zetozen batzuk ere bai. Baina berandu zetorren poetarik existitu bada, ez du halakorik ezagutu. Literatura hor ibiltzen da, erlojuari begira. Batzuetan aurreratuta, batzuetan atzeratuta. Baina poesiak ez dauka erlojurik. Bere denbora propioa dauka–. Zeure orduan zatoz.
Herriak konbokatuta datozen poeta guztiak bezala.

***

—Gauza laburra izango da.
Atetik sartu denean apur bat lotsatia iruditu zaio, baina hobeto begiratuta urduri dagoela iruditzen zaio, beste gabe.
Denak egoten dira apur bat urduri, hasieran. Ikaratuta ere bai, batzuk. Atezainak badaki ez dela bere lana baina ezin izaten dio idazleak lasaitzeko gogoari eutsi. Laster hartuko dituztela esaten die, paper kontuak direla, ez dutela urduri egoteko motiborik. Gela batetik bestera joango direla, konturatu baino lehen bukatuko dutela. Egia da.
Ez egia osoa.
Baina tira.
Hitz egiteko denbora askorik ere ez da egoten.
Halako batean, zabaldu egiten da pasilloaren bukaeran dagoen atea. Idazleak zutik jartzen dira, erne. Harreran dauden aulkietatik altxatzen direnean, atezainak agurtu egiten ditu eta ikusi egiten du aterantz nola doazen, eta ate hori zeharkatuta nola sartzen diren literaturaren etxe barrura.
Aulkia eskaini dionean, betaurrekodun gizona ez da eseri. Atea zabaltzen denean, zutik dago poeta.
—Zain dituzu, gazte.
Une batez begira geratu zaio. Zerbait galdetu nahiko balio bezala. Baina ez, antza. Eskerrak eman eta badoa, pasilloan barrena, segundo bat lehenago, zalantzatan zegoenean zirudiena baino abiadura biziagoan. Hain doa azkar, atezainari ia ahaztu egin baitzaio izena eskatzea, erregistro libururako.
—Barkatu, gazte! Izena?
Bide erdian dago poeta atezainaren galdera entzuten duenean, eta irribarrez, buelta ematen duenean eta bere galderari erantzuten dionean. Atezainari inork bere izena eman ez dion moduan.
Ez behin, ezta birritan ere.
Lau aldiz baino.
Halakorik.
Lehendabizikoan, abizena, izenik gabe. Gero izena, abizenik gabe. Izen-abizenak ondoren. Eta bi abizenekin gero.
Eta esaten duen bakoitzean zerbait gertatzen zaio begiradan, zerbait gorputzean, zerbait umorean. Energiaz betetzen da, suspertu. Gizontzen da apur bat, eta apur bat nerabetzen bere izena esaten duen bakoitzean. Bukatzen duenean, ez dirudi lotsa izpirik geratzen zaionik eta urduritasuna zegoen lekuan beste zerbait agertu zaio. Poztasun bat, gazteago, umeago egiten duen euforia zoro bat. Atezainak bere izena apuntatzen bukatu baino lehen zeharkatzen du atea Gabriel izeneko gizonak, lehen abizenez Aresti, bigarrenez Segurola. Eta horrela, arin-arin eta poz-pozik, txirrina entzun ondoren jolas-ordura ateratzeko irrikaz dagoen haurra bezala, literaturaren etxera sartzen da Gabriel Aresti Segurola izeneko poeta.

'gaupasa kluba'

Idazlea: Irati Jimenez.


Argitaletxea: Erein
Generoa: narrazioa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA