Gaurtik ostiralera arte egingo dute Gasteizko film laburren nazioarteko IV. jaialdia, Vital fundazioa kulturgunean. Iazkoarekin alderatuta parte hartzaile gutxiago izan dituen arren, epaimahaiak izan du non hautatua. Izan ere, 915 film labur aurkeztu dituzte, eta horietatik 30 hautatu dituzte sail ofizialean lehiatzeko.
Sail ofizialean lehiatzeko hautatu dituzten filmen erdiak emakumeren batek zuzenduak edo ekoitziak izan dira. Astelehenetik ostiralera izango du ikusleak sail horretako filmak ikusteko parada, 19:30ean. Gainera, proiekzio horietako batzuen osterako, mahai ingurua edo solasaldia antolatu dute antolatzaileek, sortzaileekin batera. Nazioarteko filmen kasuan, berriz, beste lehiaketa batzuetan saritu dituzten filmak proiektatuko dituzte. Ostiralean izango da hori, itxiera ekitaldiarekin batera.
Aurten, gainera, bi berritasun izango ditu jaialdiak. Alde batetik, Bagare izeneko atala sortu du antolakuntzak. Asteazkenean izango da hori, hilaren 8an, 17:30ean, eta Gasteizekin eta inguruarekin loturaren bat daukaten film laburrak proiektatuko dira bertan.
Bestetik, jaialdia aurrera doan bitartean bat-bateko film laburren maratoia filmatuko dute Gasteizen bertan. Atal berri horrekin, antolakuntzaren helburua da ikus-entzunezkoetako, arte ederretako eta artearen historiako ikasleek parte hartzea. Laburbilduz, parte hartzeko gonbita egin diote zinemaren munduan interesa duen orori.
Sarrerak Vital fundazioaren webgunean daude eskuragarri. 12 euroan erosi daiteke festibal osorako abonua. Egun bakarreko sarrerak, berriz, 3 euroan salduko dituzte. Egun bakarreko saioetarako sarrerak leihatilan ere eskura daitezke, proiekzioa hasi baino ordubete lehenagotik.