Heldu da ikasitakoa praktikan jartzeko eguna: bi hilabetez prestaketan aritu ostean, Herritarren Abesbatza osatu duten 132 hautatuek gaur dute estreinaldia Euskadiko Orkestrarekin. Iruñeko Baluarte auditoriumean izango da kontzertua, baina ez da bakarra izango. Bihar, larunbata, Bilboko Euskalduna jauregian arituko dira, eta martxoaren 16an eta 18an, berriz, Donostiako Kursaalean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira, eta Riccardo Frizza maisu italiarra izango dute zuzendaria. Antonio Vivaldiren Gloria, Pablo Sorozabalen Euskalerria eta Georges Bizeten Carmen piezekin emango diote hasiera saio bakoitzari.
Urtarrilaren 14az geroztik, 132 kideak astero aritu dira entseguan, Gorka Miranda zuzendariarekin. Bestalde, Easo abesbatzako 40 kide izan dituzte laguntzaile, eta haiek ere eszenatokian izango dira kontzertuotan. Aldiko ehun ahots batuko dira, Easo abesbatzako kideak barne, eta hamabost minutuko saioak egingo dituzte, batez beste. Bestalde, herritar bakoitzak bina kontzertu emango ditu.
Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekinaldiaren emaitza da Herritarren Abesbatza, eta musika herritarrengana hurbiltzeko xedea du. Abesbatza osatu duten 132 kideak zozketa bidez aukeratu zituzten 2025eko abenduan. Baldintza apalak ezarri zizkieten hautagaiei: gutxieneko musika prestakuntza izatea, partiturak irakurtzen jakitea eta aurreikusitako hamar entseguetara ahalik eta gehien joatea. Eta, besteak beste horregatik, 600 lagunek baino gehiagok eman zuten izena. Ahots soprano, mezzosoprano, kontralto, tenor eta baxuen arteko oreka aurkitzea izan da zailena antolatzaileentzat. Sexuari ere erreparatu diote —parte hartzaileen %48 dira emakumeak, eta %52 gizonak—, baita belaunaldiei ere: gazteenak 20 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 77.