Musika

Gaur egungo eta etorkizuneko luthier ofizioan eginen du azpimarra aurtengo NAK festibalak

Bihar hasi eta irailaren 13ra eginen dute Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiaren 11. aldia. Hemezortzi jarduera antolatu dituzte, eta osotara 27 obra estreinatuko dituzte haietan. Besteak beste, Edurne Arizuk eta Xoan-Xil Lopezek hartuko dute parte.

Xoan-Xil Lopez artista, 'Organscape / Organismo' izeneko soinu instalazioan lanean, artxiboko irudi batean. NAK
Xoan-Xil Lopez artista, bizkarrez, 'Organscape / Organismo' izeneko soinu instalazioan lanean, artxiboko irudi batean. NAK
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko irailaren 1a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskulangileengana zuzendu du begirada NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak aurten. Musika instrumentuak egiten dituzten eskulangileengan jarri du arreta, edo, zehatzago, batera edo bestera musika sortzeko eta jotzeko bide ematen duten zernahi gailu edo artefakturen egileengan. Izan ere, jaialdiko zuzendaritza taldeak osteguneko aurkezpenean iradoki gisara, luthierren jarduna  nekez kabiarazi liteke jada molde zurrunetan. Artisautzaren adar tradizionalagoaren aldamenean, algoritmoek, adimen artifizialak eta automatek ere hartu dute tokia, eta, horregatik, horiei guztiei, antzinako bideei baina batez ere modernoei so eginen diete NAK jaialdiaren 11. aldian. Bihar hasiko da, eta, hilaren 13ra bitarte, hemezortzi jarduera izanen dira guztira. Kontzertuak ez ezik, formakuntza saioak ere bildu dituzte egitarauan.

Jarduera guztiak Iruñean eginen dituzte, Baluarten, Kondestablearen jauregian, Civican aretoan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Donapea institutuan, eta, kasuan-kasuan, sarrera doakoa edo ordainpekoa izango da —festibalaren webgunean eskuragai dago informazio guztia—. Programazioa zabaltzeko, solasaldi bat eginen dute bihar, 19:00etan, Civicanen —doakoa da—, aurtengo aldiaren gai nagusia aletzeko.

Jaialdiko zuzendari artistiko Yolanda Camposen esanetan, musika tresnei dagokienez berebiziko garrantzia du bai atzera eta bai aurrera begiratzeak. Hori hala, herentzian jasotako jakintzari gorazarre eginen diote NAKen, baina garapen teknologiei ere bai. «Programazioan jaso dugu gaur egungo musika egiteko teknologia berriak erabiltzen dituzten luthierren sentsibilitatea, betiere azpimarratuz ikerketa xehea egiten dutela, tentuz eraikitzen aritzen direla, biziki zaintzen dituztela detaileak, eta gorpuztasunari eusten diotela, hori baita ofizioaren funtsa».

«Programazioan jaso dugu gaur egungo musika egiteko teknologia berriak erabiltzen dituzten luthierren sentsibilitatea, betiere azpimarratuz ikerketa xehea egiten dutela, tentuz eraikitzen aritzen direla»

YOLANDA CAMPOS NAKeko zuzendari artistikoa

Hain zuzen, argi erakusteko asmoz luthierren jarduna nolakoa den, instrumentuak egiten erreferente diren hainbat musikari gonbidatu dituzte Iruñera. Besteak beste, Reyes Oteo konpositorea, Edurne Arizu konpositore, akordeoi jotzaile eta Hemendik At taldeko kide izandakoa, eta Carles Marigo pianista eta konpositorea izanen dira jaialdian. Kontzertu tematikoak emanen dituzte hiru-hirurek: Oteo irailaren 5ean ariko da, Arizu 11n eta Marigo 12an.

(ID_17567270518845) Edurne Arizu
Edurne Arizu akordeoi jotzailea, artxiboko irudi batean. NAK

Bestalde, Xoan-Xil Lopez artistaren emanaldia nabarmendu dute zuzendaritzako kideek. NAKen aurtengo aldiko artista egoiliarra da, eta hark emanen du festibaleko azken kontzertua —irailaren 13an ariko da, 20:00etan, Baluarten—. Lopez musika jotzeko gailu elektronikoak sortzeagatik da ezaguna batik bat, eta, hain zuzen, horren erakustaldia eginen du emanaldi horretan. Garaikideak zentroko musikariak eta konpositoreak sortutako automata batzuk kontzertu berean ariko dira, elkarren ondoan.

Festibaleko arduradunek adierazi dutenez, automata horiek gai dira «mundu naturalarekin lotutako soinu errepertorio zabal bat» aireratzeko, konposizio musikaletara egokiturikoa. Zehazki, kontzertu horretan joko dituzten obra guztiak estreinaldiak izanen dira, festibalerako propio sortuak: Yolanda Camposen, David Cantalejoren, Ignacio Fernandez Galindoren, David Johnstonen eta Xoan-Xil Lopezen beraren lanak interpretatuko dituzte musikari eta robotek.

Jaialdiko azken emanaldian bakarrik ez, bestela ere parte hartuko du Lopezek egitarauan. Batetik, Organscape / Organismo izeneko instalazioa jarri du ikusgai Civicanen, eta, hura inauguratzeko, jendaurrean aurkeztuko du, 20:00etan. Instalazioak aitortza jaso zuen 2021eko Prix Ars Electronia sariketan, eta ikerketa bat du oinarrian, barroko garaiko organo batzuen erregistroei eta haiek naturako hainbat soinu —trumoi hotsak eta txoriak, esaterako— imitatzeko daukaten gaitasunari buruzkoa. Bestalde, irailaren 12an Lopezek hitzaldia emanen du Kondestablearen jauregian, 18:00etan hasita.

Estreinatzeko eta irakasteko

Osotara, jaialdiak egitarauan bildutako hemezortzi jardueretan, 140 musikarik parte hartuko dute: Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Alemaniakoak, Japoniakoak, Greziakoak, Australiakoak eta Kubakoak dira. Eta beste datu bat ere bada nabarmentzekoa aurtengo aldian: oholtzaratuko dituzten lanen arteko 27 erabateko estreinaldiak dira.

Gainera, beste behin, pedagogiari arreta berezia jarri nahia nabarmendu dute jaialdiko kideek. Horren isla da egitarauan formakuntza saioei emandako garrantzia. Besteak beste, Javier Ukar Amsia artistak hardware musikalari buruzko bi tailer emanen dizkie Donapea institutuko ikasleei, eta, iragan urteetako ohiturari eutsiz, NAK Txiki izeneko atala antolatu dute aurten ere. Haurrentzako eta familientzako jarduerak biltzen dituzte horretan. Oraingo honetan, David Ardanaz artistaren soinu performance bat kabiarazi dute programan: irailaren 11n izanen da, Civicanen. Emanaldia inprobisazioan oinarritua da, eta asmoa da naturako elementuak baliatzea musika instrumentuak in situ eraikitzeko. Doakoa da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea —hamabost lagunentzako tokia dago—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.