Gaur hasiko da Beldurrezko Astea, 'Livide' filmarekin

Bustillo eta Maury zuzendarien lana etxe misteriotsu batean dago girotuta; altxorraren bila ariko dira hiru gazte

Alexandre Bustillo eta Julien Maury zuzendariak Livide filmaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea gaur jarriko da abian. Livide filmak (Frantzia , 2010) egingo dio ongietorria, lan horrekin zabalduko baitute zinema jaialdia. Antzoki Zaharrean izango da emanaldia, 19:45ean. Alexandre Bustillo eta Julien Maury zuzendarien filmak ohikoa ez den egitura narratiboa du oinarri. Etxe misteriotsu batean kokatu dute filma; hasierako protagonistak, hil zorian dagoen adineko emakumea eta hura zaintzera doan neska gaztea dira. Fantasmaz, disekatutako animaliaz eta manikiz betetako etxean, ordea, ba omen da zerbait baliotsua: ezkutuko altxorra. Bere lagun Ben eta Wilsonekin batera, Lucie gaztea gauez sartuko da emakumearen etxera; jolas gisa hasten den horretan, ezusteko bat baino gehiago izango dute.

Elkarrekin lan egiten esperientzia duten bi zuzendarik zabalduko dute astea. 2007an À l'intérieur filma egin zuten Bustillok eta Mauryk, eta hainbat jaialditan arrakasta lortu zuen, Torontokoan (Kanada), esaterako. Livide-rekin batera, The Orphan Killer (AEB, 2011), eta The Devil's Rock (Zeelanda Berria, 2010) film luzeak emango dituzte gaur, biak Antzoki Zaharrean, 00:30etik aurrera.

Horiez gain, haurrentzako Ordezko andereñoa (Danimarka, 2007) eta The Prodigies 3D animazio filma (Frantzia, 2010) ere ikusi ahal izango dira. Zatoz eta begira zikloak Seul contre tous (Frantzia, 1998) eta The Clock Work Orange (Erresuma Batua, 1971) eskainiko ditu.

Filmez gain, beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte gaurko. Deabru Beltzak Bulebarrera irtengo dira arratsaldean, kale ikuskizuna emateko. Steve Schofielden Land of Free erakusketa eta Arantza Sestayoren komikiak ere ikusgai daude, Fnac aretoan eta Liburutegi Nagusian, hurrenez hurren.

Bihar, bost film

Bihar ere egongo da zerekin gozatu, bost film egongo baitira aukeran. Troll Hunter (Espainia, 2010), The Theatre Bizarre (Alemania, 2010), Tomie Unlimited (Japonia, 2011), Karate-Robo Zaborgar (Japonia, 2011) eta Hobo With a Shotgun (Kanada, 2011) film luzeak emango dituzte. Urteko zikloakCannibal Holocaust (Italia, 1980) eskainiko du.

Asteburuan emango dituzten lanen artean, hiru lehiatuko dira film luze onenaren ikuslearen saria lortzeko: The Prodigies, The Theatre Bizarre eta Troll Hunter.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.