Literatura

Gaur hasiko da Booktegi jaialdia, «literatura zentzu zabalean ospatzeko»

Igandera bitarte, literatura zaleen topagune izango da Usurbil, Booktegi jaialdiaren bosgarren aldian. Bea Salaberri, Harkaitz Cano, Lizar Begoña eta Iñigo Satrustegi izango dira gonbidatuen artean. Ruper Ordorikak kontzertua emango du.

Ruper Ordorikak solasaldi batean parte hartuko du gaur, eta kontzertua emango du bihar, jaialdiaren barruan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ruper Ordorikak solasaldi batean parte hartuko du gaur, eta kontzertua emango du bihar, jaialdiaren barruan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urriaren 30a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harro eta pozik kontatu du Aritz Branton Booktegi jaialdiaren antolatzaileak: «Duela gutxi pertsona batek kontatu zidan irakurtzeari utzi ziola, eta iaz jaialdira etorri ondoren berriro irakurtzeari ekin ziola. Urtebetean 37 liburu irakurri ditu». Zehazki, Booktegi jaialdiak irakurzaletasuna bultzatzea du helburuetako bat, eta Usurbilen (Gipuzkoa) zenbait jarduera antolatzen dituzte urtero, asteburu batez. Aurtengoa bosgarren aldia izango da, eta gaurtik igandera bitarte egingo dute. «Pertsona horrek egindakoa urtero hamar aldiz errepikatuko bagenu, aparta izango litzateke», gehitu du Brantonek.

Booktegi literatur webgunetik sortutako ekitaldia da izen bera daraman jaialdia. Hain zuzen, euskal idazleen liburuak denen eskura jartzen ditu webgune horrek, doan, jendea irakurtzera animatzeko asmoz. Baina jaialdirako ez dituzte literaturarekin erlazionatutako ekitaldiak soilik programatzen: solasaldiak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta beste ere izaten dira. «Kontakizunaren jaialdia da Booktegi; adibidez, abestiek zerbait kontatzen dute, poesiak ere bai... Literatura zentzu zabalean ospatzen dugu», adierazi du antolatzaileak. Ekitaldi gehienak Sutegi aretoan egingo dituzte, baina bada Zumarte musika eskolan egingo dutenik ere.

Ruper Ordorika musikariarekin egingo duten solasaldiarekin hasiko da aurtengo programazioa; gaur izango da, 19:00etan. Itxaro Borda idazleak eta Brantonek elkarrizketatuko dute Ordorika; Borda haren letretan zentratuko da bereziki, eta Branton, berriz, musikan. Booktegiko bazkideek idatzitako galderak ere egingo dizkiote musikariari. Ordorikak abestiren bat ere joko du, hurrengo egunean izango duen emanaldiaren aurrerapen gisa. Izan ere, biharamunean Ruper Ordorika & Mugalariak entzuteko aukera izango da, 19:00etan —sarrera guztiak salduta daude jada—. 

Musikariak protagonista

Ordorika iaz antolatutako jardueretako baten protagonista izan zen. Rupertorio izan zen ekitaldi hori, eta, bertan, jendeak musikariaren abesti bat aukeratu eta horren inguruko hausnarketa bat plazaratu zuen; izan abestiak sentiarazten zionaz, abestiaren bertsio bat eginez, bere iritzia plazaratuz... bakoitza bere modura. Aurten, berriz, Anarirekin errepikatuko dute; Anariketa deitu diote ekitaldiari. Igandean egingo dute, 12:00etan. Branton: «Uste dugu oso formatu ederra dela, eta esango nuke musikariei egindako omenaldi bat ere badela».

«Kontakizunaren jaialdia da Booktegi; adibidez, abestiek zerbait kontatzen dute, poesiak ere bai...»

ARITZ BRANTONBooktegiren sortzailea

Bestalde, urtero errepikatzen duten jardueretako bat da Elkarri irakurriz izeneko solasaldia. Aldiro, idazle batzuei hitz edo gai baten inguruko ipuin bat idazteko eskatzen diete; ipuin hori Booktegiren webgunean publikatu, eta, gero, solasaldi batean gai horren inguruan mintzatzen dira. Sei idazlek hartu dute parte aurten: sotoa izan dute abiapuntu Bea Salaberrik, Iñigo Satrustegik eta Harkaitz Canok; eta ganbara, berriz, Amaiur Epherrek, Lizar Begoñak eta Agustin Arrietak. Solasaldian ipuinak izango dituzte abiapuntu idazleek, baina beste gai batzuei ere helduko diete. Irati Zubiak gidatuko du saioa; Epherrek ez du joaterik izango, eta Ugaitz Agirrek ordezkatuko du. Larunbatean izango da solasaldia, 10:30ean, Zumarte musika eskolan.

Egun berean, 17:00etatik aurrera, Urdangarin ikastolako ikasleek liburuak gomendatzeko egindako bideoak egongo dira ikusgai. Gero, Arbaso Eguna izeneko mahai jokoan jolasteko aukera egongo da. Brantonen esanetan, sormena pizten du jolas horrek, eta jendea parte hartzera animatu du. Bestalde, iaz Booktegiko lan taldeak egindako proiektu bat aurkeztuko dute igandean: Mihise taldearen kontzertu bat grabatu zuten, eta emaitza ikusteko aukera egongo da Sutegin, 11:00etan.

Bazkideen beharra

Datorren urtean hamar urte beteko ditu Booktegi webguneak, eta, denbora horretan, ia bostehun liburu plazaratu ditu; «ia-ia astero liburu berri bat», esplikatu du Brantonek. Haren hitzetan, mota guztietako liburuak daude eskuragarri atarian, egileen eskuzabaltasunari esker. Baina Booktegiren jardunak jarrai dezan, beharrezkoa da bazkideen ekarpena. Webguneak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen, eta bazkideek egindako ekarpen ekonomikoari esker sustengatzen da. «Webgunea kudeatu, liburuak plazaratu, bideoak grabatu... dena bazkideei esker egiten dugu». Gaur-gaurkoz, ehun bazkide inguru dituzte. Egindako ekarpena eskertzeko, bazkideek eduki esklusibo batzuk eskura izaten dituzte. «Baina ez da hainbeste eskaintza berezi bat jasotzea, baizik euskal kulturaren aldeko ekarpena egiten dutela jakitea».

Brantonek kontatu du «oso modu xumean» abiatu zela Booktegi, eta segituan hasi zirela ekitaldiak antolatzen; gaur egun egitasmoa egonkortuta dagoela iruditzen zaio. «Ez dut esango hori ona denik ere; batzuetan iraultza txikiak komenigarriak dira». Booktegiko antolatzaileak jakin badaki literatura eta irakurzaletasuna ez daudela garairik onenean, baina haiek hasierako helburu berarekin jarraituko dute lanean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA