Zinema

Gaur hasiko da Cannesko Zinemaldia, Pierre Salvadoriren 'La Venus Electrique' filmarekin

Hamabi egunez dozenaka film proiektatuko dituzte jaialdian, eta horietatik 22 Urrezko Palma irabazteko lehiatuko dira. Aurten, Peter Jacksoni eta Barbara Streisandi emango diete Ohorezko Urrezko Palma.

Cannesko Zinemaldiaren 79. aldiko epaimahaia, gaurko prentsaurrekoan. KATE GREEN / POOL / EFE
Cannesko Zinemaldiaren 79. aldiko epaimahaia, gaurko prentsaurrekoan. KATE GREEN / POOL / EFE
Odile Bourguignon Goñi
2026ko maiatzaren 12a
18:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidaia bat errepidean, eta bi emakume askatasunaren bila. Susan Sarandon eta Geena Davis dira Thelma & Louis filmaren protagonistak, baita aurtengo Cannesko Zinemaldiaren kartelaren protagonistak ere. Jaialdia antolatzen duten 79. aldia da, eta Pierre Salvadoriren La Venus Electrique filmarekin hasiko da hamabi egun iraungo duen zinemaldia; gaur hasi, eta hilaren 23an bukatuko da. 

Urrezko Palma nork eramango, hor dago Cannesko Zinemaldiaren koska. Guztira, 22 film hautatu dituzte jaialdiko sari nagusiagatik lehiatzeko —inaugurazioan proiektatuko duten Salvadoriren filma lehiaz kanpo emango dute—. Horietatik hamasei europarrak dira —bost frantziarrak eta lau espainiarrak—, beste bost asiarrak, eta beste bat Ipar Amerikakoa. Hautagaien artean dauden 22 film horietatik bost zuzendu dituzte emakumeek. 

Jada lortua dute ospea saria jasotzeko hautagaien zerrenda osatzen duten film batzuen egileek. Horien artean dago Cristian Mungiu errumaniarra, zeinak Fjord obra aurkeztuko duen; zinemagileak Urrezko Palma jaso zuen 2007an, 4 luni, 3 săptămâni si 2 zile filmagatik. Pawel Pawlikowskik, 2018ko jaialdian, Zuzendari Onenaren saria jaso zuen Cold War lanagatik, eta oraingoan Fatherland filmarekin itzuli da. Halaber, Hirokazu Koreeda japoniarrak Sheep in the Box estreinatuko du, Na Hong Jin korearrak Hope, Asghar Farhadi irandarrak Parallel Tales, eta Pedro Almodovar espainiarrak Amarga navidad

Urrezko Palma jasotzeko hautagaien artean daude beste film hauek ere, besteak beste: Minotaur (Andrey Zvyagintsev), El ser querido (Rodrigo Sorogoyen), Moulin (Laszlo Nemes), Gentle Monster (Marie Kreutzer), Sudden (Ryusuke Hamaguchi) eta Histoire de la nuit (Lea Mysius).

Bai inaugurazio ekitaldia, bai alfonbra gorriaren pasarela zuzenean ikusi ahal izango dira zinemaldiaren webgune ofizialean eta haien Youtubeko kanalean. Bertatik pasatuko dira, besteak beste, Scarlett Johansson, Adam Driver, Cate Blanchett, Javier Bardem, Michael Fassbender, Alicia Vikander, Peter Jackson eta Barbara Streisand.

Hain zuzen ere, azken bi horientzat izango da aurtengo Ohorezko Urrezko Palma; lehena, Jacksonentzat, eta bigarrena, Streisandentzat. Jackson zinemagile zeelandaberritarrak zuzendu eta ekoitzi zuen munduan horren ezaguna den Eraztunaren jauna zinema trilogia. Ordutik, sari ugari jaso ditu, eta gaur beste batekin handituko du bilduma; hain zuzen, Elijah Wood aktore estatubatuarrak emango dio Ohorezko Urrezko Palma gaurko irekiera ekitaldian. Aldiz, Streisandek zinemaldiaren itxiera ekitaldian jasoko du aitortza, eta, horrekin batera, 60 urte baino gehiagoko haren ibilbide zinematografikoa omenduko dute. 

Donostiako Zinemaldia mintzagai

Park Chan-Wook zinemagile korearra da aurtengo epaimahaiaren burua. Orotara, bederatzi dira epaimahaikideak: bost gizon eta lau emakume. Thierry Fremaux Cannesko jaialdiko zuzendariak prentsaurreko batean esan duenez, egungo zinemaren egoera «errespetatu» nahi izan dute, epaimahaikide gazteak hautatuz, bai eta beteranoen presentzia bermatuz ere. Horren adibide dira Diego Cespedes zinemagile txiletar gaztearen eta Stellan Skarsgard aktore suediarraren parte hartzea. Emakume eta gizonei dagokienez ere, Fremauxek gauzak «asko aldatu» direla baieztatu du: «Historikoki gizon frantsesak besterik ez ziren izaten epaimahaikide». 

Dena den, Un Certain Regard izeneko sailean beste zazpi film ariko dira elkarren artean lehian. Sail hori gazteen talentua aintzat hartzeko asmoz sortu zuten, bai eta lan berritzaile eta ausartak sustatzeko ere. Bestalde, hainbat film ikusi ahal izango dira lehiaketaz kanpo, tartean Cannes Premiere sailekoak eta gauerdian proiektatuko dituzten beste hainbat ere. 

Hollywoodeko Akademiak aldaketa baten berri eman du orain gutxi: aurretik zinemaldi jakin batzuetan garaile irtendako lanak zuzenean sailkatu ahal izango dira Nazioarteko Film Onenaren Oscar sarietarako. Zehazki, sei zinemalditako garaileak: Cannesen Urrezko Palma irabazten dutenak, Venezian Urrezko Lehoia lortzen dutenak, Berlingo Urrezko Hartzaren jabe egiten direnak, Hego Koreako jaialdiko Busan saria jasotzen dutenak, Sundanceko sariaren irabazleak eta Torontoko Platform sariaren garaileak. Orain arte, sariok irabazita ere, film horiek Oscar sarietarako sailkatzeko herrialde batek izendatu behar izaten zituen. Horren haritik, Fremauxek Donostiako Zinemaldiaren falta sumatu du, eta Europako zinemaldien artean Donostiakoa nabarmendu du. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria omentzeko tartea ere hartu du, eta gogoratu, hain zuzen, Donostiakoa «zinemaldi bikaina» dela. Rebordinosek aurtengoa izango du Zinemaldia zuzenduko duen azken urtea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA