Gaur irekiko dute Nafarroako Liburutegi Nagusi Berria

Iruñeko Mendebaldea auzoan dago 25,7 milioi euroko gastua izan duen eta 19.000 metro koadro dituen eraikina

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Liburutegi Nagusi Berria du Nafarroak. 2007an hasi ziren eraikuntza lanak, atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta gaur hasi da martxan. Iruñeko Mendebaldea auzoan eraiki du Nafarroako Gobernuak 19.000 metro koadroko eraikina. Lau solairu ditu, eta Nafarroako Filmoteka eta Nafarroako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua (INAAC) ere hartuko ditu bere baitan. 25,7 milioi euroko gastua izan dute, guztira, eraikuntza lanek.

Unea «historikotzat» deskribatu zuen Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, eta gune berriaren beharra azpimarratu zuen Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak atzoko ekitaldian. Orain arte San Frantzisko plazan zegoena txiki gelditua zen, eta beharrezkoa zen Sanzen ustez Mendebaldeakoa eraikitzea. «Hau ez da soilik gaur egungo beharrei erantzuteko liburutegi bat; etorkizuneko Nafarroako Liburutegi Nagusi eta Filmoteka da, batez ere».

Hasieratik izan da proiektu hau lehentasuna Gobernuarentzat, eta horregatik sartu zuen Nafarroa 2012 izeneko plan estrategikoaren baitan. Bukatu gabe zegoela ere ez dira gutxi izan prozesuaren nondik norakoa aztertzeko egin dituzten bisitak. Eraikuntza lanak bukatuta, iazko irailaz geroztik liburuen lekualdatze lanak zirela eta etenda egon da Liburutegi Nagusiaren mailegu zerbitzua, eta kexa azaldu dute horregatik hainbat erabiltzailek. Orain arte liburutegi nagusi izandako San Frantzisko plazako liburutegia Alde Zaharreko auzo liburutegi izango da hemendik aurrera, bestalde, eta elkarretaratzeak egiten ari dira aldaketa hori salatzeko zenbait iruindar.

Proiekzio aretoa

Milioitik gora dokumentu har ditzake bere baitan eraikin berriak, eta eskura izango dituzte kontsultarako 145.000 bat erabiltzaileek gaurtik aurrera. Proiekzio aretoa, erakusketa gunea eta ikertzaileentzako guneak ere izango ditu Mendebaldeako liburutegiak. Horrez gainera, mailegu sistema automatikoa izango da martxan.

Liburutegiaren inguruko lanak ez dira bukatu, ordea. Besteak beste, musika kontserbatorio profesionala hartuko duen Nafarroako Musikaren Hiria izeneko egitasmoa eraikitzen ari dira oraindik, eta datorren urtean irekitzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.