«Azukre gutxirekin». Aukeran, halako kafea du gustuko Jabier Muguruza musikari eta idazleak. Donostiako Botanika kafetegian egin ditu adierazpenok, hain zuzen, egunero hamarnaka kafe zerbitzatzen diren lekuan. Ez dira kasualitatea izan ez adierazpena, ez eta hura egiteko aukeratutako lekua ere. Izan ere, bere liburu berria aurkeztu du gaur goizean: Café Mokka. Izen bereko taberna batean girotuta dago istorioa, eta horregatik aurkezpena bera ere taberna batean egiteko hautua. Muguruzaren lehen eleberria da, eta Alberdania argitaletxearekin plazaratu du.
Irunen dago Cafe Mokka; egilearen hitzetan, «taberna klasiko bat» da. Alberto da bertako jabea, musikari ohia. Kide zen taldea desegin ondoren erabaki zuen ostalaritzara salto egitea. Jende desberdina joaten da Albertoren tabernara: langileak, euskaltegiko ikasleak, lagunak, gazteak... Hain zuzen, bertan abiatzen dira liburuan jasotzen diren solasaldi eta elkarrizketetako asko. «Hitzaren erreibindikazioa dago liburu osoan zehar; elkarrizketa sakonarena, bai eta hitz eta pitz aritzekoarena ere», gaineratu du egileak. Taberna eleberriaren erdigunea den arren, badira handik kanpo jazotzen diren gertakariak ere.
«Hitzaren erreibindikazioa dago liburu osoan zehar; elkarrizketa sakonarena, bai eta hitz eta pitz aritzekoarena ere»
JABIER MUGURUZA Idazlea
Albertok bezeroen iritzi, iruzkin eta kezkak entzungo ditu liburuan zehar, baina izango du bere iritzi propioa emateko aukera ere. Muguruzak aipatu duenez, protagonistaren gogoetek «presentzia handia» dute. Hala ere, eztabaida sustatzea da idazleak izan duen helburuetako bat: «Irakurleak ez du topatuko ez bakarrizketarik, ez egia borobilik ere. Gaien inguruan solastatu egiten da, ikuspegiak trukatu, kontrastatu».
Gai zahar eta berriak
Eta, zeren inguruan hitz egiten dute, bada, Mokkako bezeroek? «Gaur egun pil-pilean dauden gaiak dira», kontatu du Miren Mujika editoreak. Muguruzak eman du zehaztapena: batzuk «klasikoagoak» dira —bakardadea, hizkuntza eta familia motak, esaterako—, baina gai «berriagoei» ere heldu die; esaterako, heziketaren bilakaera maitasuna, eta «sexuen arteko gerra». Gai berriei dagokienez egin du lanketa handiena: «Bereziki azken urteetan landutako begirada izan da».
Gai zerrenda luzea izanik ere, den-denek ez dute pisu bera liburuan. Musikak, esaterako, protagonismo handia du: Alberto musikari ohia izanda, beti du musika jarrita tabernan, jazza batez ere. Osasun mentalaren auzia ere aipatu du Café Mokka-ko egileak, suizidioarena bereziki —bi testu daude horren inguruan, eta haietako bat «oso gogorra» dela kontatu du—. Maitasunari ere garrantzia eman nahi izan dio, batez ere Albertok maitasunean sinesten duelako. «Zirikatu nahi izan dut, baina zalantzak planteatuta», laburbildu du Muguruzak. Eta zirikatzeko bide horretan, bidelagun izan ditu bai umorea, baita ironia ere.
«Deskribapenez bete gabe azaltzen da nolakoa den tabernako giroa. Zein usain darion ere imajina daiteke»
MIREN MUJIKA Editorea
Mujikaren ustez, Muguruzak Cafe Mokkara sartzeko gonbidapena egin die irakurleei: «Deskribapenez bete gabe azaltzen da nolakoa den tabernako giroa. Zein usain darion ere imajina daiteke». Hala ere, nork bere taberna imajinatuko duela gaineratu du.
Bide horretan laguntzeko asmoz, Lorena Martinez Oronoz ilustratzaileak hainbat irudi egin ditu. Horietako bat azalean bertan topatu daiteke. Martinez Oronozek, Irungoa izanda, ezagutzen zuen Muguruza, baina ez pertsonalki: «Bera eta nobela batera ezagutu ditudala esango nuke. Kafe askoren bueltan ezagutu dugu elkar». Irakurlearen imajinazioan ez du gehiegi eragin nahi izan, eta, hori dela eta, hark egindako ilustrazioak ez dira oso deskriptiboak. Azaldu duenez, irudiak bikoteka doaz, eta biko horiek zerbait iradokiko dute. «Azaleko irudiak badu bere bikotea liburuaren barruan; irakurleak aurkitu beharko du».