kultura

Gaurtik igandera bitarte, 45 talderen 47 emanaldi ikusgai Leioako Umore Azokan

45 taldeetatik hamalau Euskal Herrikoak dira. Emankizunez gain, arte eszenikoen sektorearen inguruko jardunaldi bat eta argazkilaritza erakusketa bat ere antolatu dituzte.

2012ko maiatzaren 17a
09:45
Entzun

Kolore, doinu, mugimendu eta beste zenbait elementu bilduko dira Leioan (Bizkaia), gaurtik igandera bitartean. Umorea da kale artistez osatutako Leioako Umore Azokaren ezaugarri nagusietakoa bat. Herrira etorritakoek ondo pasatzea gura du Eneko Arruebarrena Leioako alkateak. "Lau egunetan bertan egongo garen guztiok barre eginez gozatzea desio dut", esan du Arruebarrenak.

Aurten hamahiru urte beteko ditu Leioako azokak. Garai hartan gizarte eragileen bilgune eta artisten erakusleihoa zen nagusiki. Egun, hori baino askoz gehiago da, alkatearen ustez: "Orain ekitaldi garrantzitsua da". Izan ere, 400 taldek baino gehiagok egin dute azokan parte hartzeko eskaria. Eskakizun guztiak aztertu ondoren 45 talde hautatu dituzte. Horiek 47 ikuskizun — horietako 22, aurreneko aldiz— eta 120 emanaldi egingo dituzte.

Leioan izango diren 45 taldeetatik hamalau Euskal Herrikoak direla aipatu du Ana Lopez Umore Azokako zein Leioako Kultura eta Gazteria saileko zuzendariak. Ane Mirenek bihurketa ariketak egingo ditu, Matrioska taldeak Motel Matrioska ikuskizuna eramango du Leioara, Trapu Zaharrak-ek Ametsetan bizi! eta Teatro Salitreren Amor Ciego dira ikusi ahal izango diren beste batzuk.

Egitarau oparoa osatzeko, baina, nazioartetik etorritako zenbait talde gehitu behar zaizkie. Kataluniako bederatzi talde eta Valentziako beste bi izango dira. Eta Espainiatik ere hainbat konpainia bilduko dira. Italiako Marco Carolei, Alemaniako Djuggledy, Argentinako Circo Claxon, Erresuma Batuko Bowjangles eta Belgikako Doble Mandoblek ere parte hartuko dute Leioako jardunaldietan.

Barre egiteko xedeaz gain, beste hainbat helburu ditu azokak. "Kaleko ikuskizunak sendotu nahi ditugu, eta taldeek sortutako lana ikusteko aukera eman", azaldu du alkateak. Ikuslea kaleko artistengana gerturatzea ere bilatzen du. Era berean, parte hartzaileentzat diru iturri izan daiteke. "Erreferentzia izan dadin nahi dugu, eta honetatik bizi eta negozioa egiteko aukera eduki dezatela", dio Arruebarrenak.

Jardunaldia eta argazkiak

Emankizunez gain, gogoetarako abagunea ere badago. Horretarako, jardunaldi bat antolatu dute, biharko. Arte eszenikoen sektorearen inguruan mintzatuko dira arloan adituak diren bost kide. Trebakuntza, sorkuntza, ekoizpena eta banaketa izango dituzte hizpide.

Argazkigintzak ere tartea izango du. Asier Bastida getxoztarraren Clowntrait deitutako erakusketa egongo baita. Astelehenean hasi zen, eta ekainaren 17an bukatuko da. Berrogeita hamar lanez osatuta dago.

Urteroko ohiturari jarraituz, 2012ko Umore Azokak bi sari banatuko ditu. Bata, Euskal Herriko taldeen ikuskizun onenari dagokio. Bestea, kanpotik etorritakoei. Epaile lanetan jardungo dute arte eszenikoen munduan adituak diren sei gizon-emakumek. Hori guztia antolatzeko, berriz, 300.000 euro behar izan dituzte. Aurrekontuaren %70 Leioako Udalak jarri du. Orain jendearen erantzunaren zain gelditzen dira arduradunak. Iaz 40.000 herritar bildu ziren, eta urtez-urte kopuruak gora egiten duela adierazi du Eneko Arruebarrena alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.