Literatura

Gauzatu gabeko maitasun istorioei behatu die Joxean Agirrek nobela berrian

'Mio marito deitzen zion' nobela ondu du idazleak, eta zahartzaroan memoriak azaleratzen dituen istorioez aritu da. Adineko idazle bat eta bera baino dezente gazteagoa den BERRIAko kazetari bekadun bat dira protagonistak. Elkarrek argitaratu du lana.

Joxean Agirre 'Mio marito deitzen zion' liburuaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Joxean Agirre 'Mio marito deitzen zion' liburuaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko martxoaren 10a
18:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nobela diferente bat egin nahi nuen», aitortu du Joxean Agirrek. Ez zuen topatzen «erdibidean galdutako maitasunen kontaketarik. Andre Aciman idazlearen esaldi bat topatu zuen orduan: «Gerta zitekeena eta inoiz gertatu ez zena gogoratzen dugu ondoen». Acimanen Homo irrealis liburuan topatu zuen esaldia idazleak, eta adin batetik aurrera hala gertatzen dela iruditu zitzaion, hala gertatzen zaiola berari behintzat. «Are, kontua maitasunaren esparrura eramanda, ez dizkiegula bueltak ematen gure bizitzan ardatz izan diren maitasun istorioei; eta kontrara, periferikoak izan diren edo bidean gelditu diren maitasun istorio horiek gogoratzen pasatzen dugula denbora».

Gauzatu gabe geratutako maitasun istorioei buruz idatzi du, bada, Agirrek Mio marito deitzen zion nobela berrian. Ironia eta umorea baliatu ditu, eta aipatu du istorioak badituela «kamuflatutako autobiografia» baten trazuak. Agirre bera idazle eta kazetari izaki, nola edo hala, bi jardun horiekin bat egiten duten bi protagonista aukeratu ditu: adinagatik erregresioak dituen Agirrezabal izeneko idazle bat eta BERRIAko kazetari bekadun bat. Idazle protagonista iraganeko amoranteak gogoratuz bizi da, eta kazetari gazteak elkarrizketa bat egin nahiko dio egunkarian argitaratzeko. Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek editatu du liburua, eta «maitasunaren nahiz sedukzioaren jolasa» igarri dio istorioari.

Bi protagonista

Emaztea baduen arren, gogoak Parisko emakume batengana eramango du Agirrezabal, eta beste bi maitasun istorio biziko ditu: bata, Egin egunkariaren garaiko Donostiako galerista batekin; bestea, «bailaora» flamenko dantzari batekin. Hala, flamenkoaren eta bertsolaritzaren arteko antzekotasunetan ere arakatu nahi izan du Agirrek: «Antzekotasun handia dute eta erabat diferenteak dira: guk dena barrurantz egiten dugu, eta haiek min guztiak agerian uzten dituzte. Baina badauzkate antzekotasunak, finean biak ala biak periferikoak edo bazterreko kulturak direlako».

«Ez dizkiegu bueltak ematen gure bizitzan ardatz izan diren maitasun istorioei; periferikoak izan diren edo bidean gelditu diren maitasun istorio horiek gogoratzen pasatzen dugu denbora»

JOXEAN AGIRRE Idazlea

Bestalde, idazlearen esanetan, BERRIAko zuzendari ohi Martxelo Otamendik oso begiko duen kazetari bekaduna da bigarren protagonista. «Mutil koldarra da, baina ordenagailuaren aurrean izugarri ausart bilakatzen da; egia esan, niri ere beti pasatu izan zait hori», kontatu du Agirrek. BERRIAko kazetariak ere erdibidean utzitako maitasun istorio bat izango du gogoan, eta, gazte izanik ere, Agirrezabalekin alderatuko du bere patua. Dena den, Agirrezabal idazlearen emazteak ere hartuko du nobelan rol protagonista; izan ere, Agirrek dioenez, artisten kasuan behintzat, «maiz emakumeek gehiago jakiten dute senarrari buruz, senarrak berak baino».

Umorea eta ironia

Agirrek joera du bere nobeletan beste hizkuntzetako hitzak erabiltzeko. Hala nabarmendu du Mendigurenek idazlearen bibliografiari errepaso eginda: Romain zen bere izena (Elkar, 2003), La lutte finale (Elkar, 2008) eta Zwei Frauen (Bi emakume) (Elkar, 2011), besteak beste. Oraingoan italiera aukeratu du Agirrek: zaharren egoitzako langileak mio marito esaten dio idazle protagonistari, eta maitemindu egingo da harekin ere. Aurreratu du, hala ere, amaiera tristea duela nobelak: «Zahartzaroa beti izaten da tristea».

J. M. Coetzee idazle hegoafrikarra ere aipatzen da liburuan, eta Agirrek erreferentziatzat erabili du; izan ere, Coetzeeren nobelak autobiografiatzat hartu izan dira, baina Agirrek, izatekotan, «kamuflatutako autobiografiak» direla iritzi dio. Kontzeptu hori baliatu du bere lanarentzat ere: «Norbaitek liburua irakurrita esaten badit: 'Bazekiat hi zeinekin maitemindu hintzan', ba, jakin dezala ezetz, nobelan ageri diren pertsonaiak kamuflatuta daudela». Hortaz, egiazko datuak kontatu dituen arren, nobelan ageri diren pertsonaien fikziozko izaera defendatu du.

«Norbaitek liburua irakurrita esaten badit: 'Bazekiat hi zeinekin maitemindu hintzan', ba, jakin dezala ezetz, nobelan ageri diren pertsonaiak kamuflatuta daudela»

JOXEAN AGIRRE Idazlea

Gertukoak suertatzen zaizkion gizonei buruz idazten du Agirrek, eta albo batera uzten ditu «zalantzarik ez duten edo beren buruengan uste osoa duten gizonak». Nolabait, «galtzaileen alde» egiten du bere liburuetan, eta umorea ezinbesteko zaio horretarako: «Umorea beti da defentsa moduko bat, adibidez, izaten ditugun traumei aurre egiteko —eta ez dut uste trauma handiegirik dudanik, baina baten bat badut—; estalgarri moduan funtziona dezake». Halere, irakurleak nobelan «maskulinotasun eredu diferenteen aldeko diskurtsorik» topatuko ez duen arren, idazleak ziurtatu du «zeharka» presente dagoela gai hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA