Asfaltoaren gainean eraikitako zementuzko etxebizitza erraldoiek hartu dute hiria, eta, horiei izkin egiten, 30 urte inguruko pertsona bat, farolek apenas argiztatzen dituzten kaleetan barrena atzera eta aurrera, bakarrik. Kalea nola, pertsona hala sentitzen da batzuetan, bakarrik eta noraezean, izandakoaren eta izan nahiaren arteko kontraesanean. Hori da Jon Iturregiren Oroiminaren hirietan aldaroka poesia liburuaren abiapuntua (Erein). Bizipen pertsonaletatik abiatuta, Z belaunaldiaren errealitatea islatu du liburuan, hiriak berak asfaltozko eszenatoki izateari utzita, eta errutinan eta azkartasunean murgildutako istorioaren parte bihurturik.Â
Iturregiren lehen liburua da. Ingeles Ikasketetako gradua amaituta, Literatura Viktoriar eta Modernoko Masterra ikasi zuen Canterburyko Unibertsitatean, eta ordutik hezkuntzan ibili da irakasle. Iaz Bilboko Udalaren XVIII. Blas de Otero Angela Figuera saria irabazi zuen, eta orain aurkeztu du Erein argitaletxearekin batera ondutakoa: bost atalean banatutako 68 poemako liburu bat.
Azken bospasei urteetan idatzitako poemak dira, masterreko garaian hasi eta gaurdaino idatzitakoak. Horiek nola lotu pentsatzen hasi zenean otu zitzaion hiriaren ideiarekin jolastea Iturregiri: «XX. mendeko literaturan eta literatura garaikidean askotan erabili izan da hiria bizitzaren atze oihal gisa, baina zenbait autorerentzat hiria ez zen dekoratu soila. Aipatzen zituzten hirietan bazegoen urperatutako halako beste hiri bat, eta hori bakoitzaren isla zen». Hala sortu du berea Iturregik, behinola Itxaro Bordak edota Jennifer Grotzek egin bezala, gogoratu duenez.
«Gaztaroko ametsak, helduaroko errealitatea eta horien bien arteko talka erakusten dira, baita prekaritatearen zama edota porrotaren sentipena ere»
INAZIO MUJIKAEditorea
Adreiluekin eta garabiekin eusten zaion hiri baten magalean, idazleak eguneroko estresa, bakardadea, egonezina eta harremanen hausturak jaso ditu. «Hiria gure buruaren ispilua da; hiriaren bidez belaunaldi bat ezagutu daiteke», esan du Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak. Liburua «gaur egungo bakardadearen kronika» da, Mujikaren hitzetan, garraio publikoan edota kalean gertatzen diren eszenetan oinarrituta, «belaunaldi baten kontraesanak eta zauriak» biltzen baititu. Â
Bidaia bat
Lau poema laburreko hitzaurreak irekitzen du liburua, eta, ondoren, lau ataletan dago banatuta. Goraintziak haurtzaroari, Oroiminaren hirian eta Alferrikako ihesa dira lehen hiru atalen izenburuak. Horietan, idazleak, gaztaroaren gaineko nostalgiatik abiatuta, gaur egungo errealitatearen iluntasunean murgiltzera darama irakurlea. «Gaztaroko ametsak, helduaroko errealitatea eta horien bien arteko talka erakusten dira, baita prekaritatearen zama edota porrotaren sentipena ere», azaldu du editoreak.Â
Azken atala, berriz, Itzulera da, izan norbanakoaren etxera, izan norbanakoarengana berarengana. Izan ere, poemek oroiminetik edaten badute ere, ez da «iragan idealizatu baten nostalgia», baizik eta «galdutako harremanen, bizitako lekuen edo izan gintezkeenaren falta». Honela dio, hain justu, azken ataleko River Great Stour poemak: «Ez duzu inoiz herriminik nozitu/ ibai elkorraren urtegi mugikorraren/ bakardadean/ arratsaldeak/ telefono deiez luzatu arte». Bidaia bat proposatzen du Iturregik, egonezinetik itzulerara, «norbanakoak bere buruaren bila» eginiko bidaia bat.
Musika inspirazioÂ
Hizkera jasoan idatzitako poemak dira, eta gaur-gaurko elementuak azaltzen dira. Adibidez, Amazon banaketa enpresa, Spotify musika plataforma eta eskuko telefonoak aipatzen dira, gaur egungo gizartearen errutinaren parte direnak. Bizipen pertsonaletan oinarritu da Iturregi poemak idazteko, baina liburuak fikzioa ere baduela zehaztu du, eta hala, «belaunaldi oso baten taupada» islatu duela, zehazki Z belaunaldiarena, Iturregirena berarena, 1997an jaiotakoa baita. «Nire bizipenetatik abiatu naiz, baina poema horietatik askok, nolabait, Z belaunaldia islatzen dute».
«Nire bizipenetatik abiatu naiz, baina poema horietatik askok, nolabait, Z belaunaldia islatzen dute»
JON ITURREGIIdazlea
Hain justu, Leire Vargas eta Lizar Begoña idazle eta belaunaldikideak izan ditu erreferentzia liburua idazteko, baina baita Itxaro Borda, Joseba Sarrionandia, Raymond Carver eta Christopher Marlowe ere. Dena den, musika izan du inspirazio nagusi idazterako orduan, eguneroko bizipenez gain; konkretuki, «indar handiko letrak dituzten abestiak». Besteak beste, Tatxers eta Fountain DC musika taldeen hitzek abiatzen dituzte poemetako asko. «Asko estimatzen ditut letrari berebiziko pisua ematen dioten artistak».Â