Literatura

Gazteen Poesiako Espainiako Miguel Hernandez saria irabazi du Ane Zubeldia Magriñak

'Kontra' poema liburuan erakusten duen «ezohiko intentsitate plastikoagatik» eta «arrazoiaren logika iraultzeko darabilen hizkuntza esperimentalagatik» egin dio aitortza Espainiako Kultura Ministerioak.

Ane Zubeldia Magriña, aurtengo apirilean. GORKA RUBIO / FOKU
Ane Zubeldia Magriña, aurtengo apirilean. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko irailaren 28a
17:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ane Zubeldia Magriña idazleak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) irabazi du 2026ko Gazteen Poesiako Espainiako Miguel Hernandez saria. Kontra poema liburuagatik (Susa) egin dio aitortza hori Espainiako Kultura Ministerioak. Zubeldia Magriñak 30.000 euro jasoko ditu.

Epaimahaiak poetaren «ezohiko intentsitate plastikoa» goraipatu du, bai eta «arrazoiaren logika iraultzeko darabilen hizkuntza esperimentala» ere. Honako hau ere nabarmendu dute epaimahaikideek: «Zubeldia Magriñak heldutasun handia erakutsi du erritmo sinkopatuen, errepikapenen eta onomatopeien erabilera zailean, eta, horri esker, zentzu berriak sortu ditu gaur egungo minei eta konplexutasunei heltzeko». Poetak ura metafora gisa baliatzeko duen modua txalotu dute, besteak beste: «Haren bertsoetan, uraren irudiek isiltasuna ekartzen dute gogora, eta izaki kontzientearen abandonuaren metafora bihurtzen dira». Kontra hitzari buruz ere mintzatu dira: «Idazketaz harago, gaur egungo munduaren trinkotasunaren aurkako erresistentziaren motor poetiko gisa ageri da».

Lehen poema liburua du Ane Zubeldia Magriñak Kontra; 2025ean eman zuen argitara, Susa argitaletxearekin. Poesiaz gainera, landu du beste literatur generorik ere. 2024an, Igartza literatura beka irabazi zuen Datorren udan ez gara hemen biziko nobela idazteko; aurtengo apirilean eman du argitara.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA