Musika

Gaztetasuna eta askotariko doinuak Andoaingo rock jaialdian

Bihar, larunbata, egingo dute festibalaren 17. aldia. EZEZEZ, Amor Liquido, Holiday Ghosts, The Black Wizards, Dummy eta A Place to Bury Strangers ariko dira oholtza nagusian, Nafarroa plazan.

A Place to Bury Strangers taldeko hiru kideak. ANDOAINGO ROCK JAIALDIA
A Place to Bury Strangers taldeko hiru kideak. ANDOAINGO ROCK JAIALDIA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko ekainaren 6a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Rock doinu askotarikoen zaleek hitzordua izaten dute urtero Andoainen (Gipuzkoa), ekainean. Udalak eta Bloody Mary disko dendak elkarlanean antolatzen dute Andoaingo Rock jaialdia, eta bihar egingo dute, larunbatean, 17. aldiz. Ohi bezala, denetariko taldeak ariko dira lau oholtzatan, eta doakoak izango dira kontzertu guztiak. Eguerdian Aperitif saioak izango dira, eta 18:00etatik aurrera egingo dituzte emanaldi nagusiak. «Musika generoak nahasten dituen programazio anitza eta gaztea defendatzeko konpromisoa» agertu dute antolatzaileek.

Guztira, hamar talde ariko dira: Ameriketako Estatu Batuetako bi, Europako hiru eta Euskal Herriko beste bost. Euskal taldeek izango dute goizean goizetik giroa berotzen hasteko ardura. 12:00etan entzungo dira lehen doinuak, Zumea plazan, Lukiek taldearen eskutik. Mungiako taldea herriz herri dabil kaleratu berri duten #3 izeneko diskoa aurkezten. Haien atzetik ariko da Gori-Gori bikoa (13:00etan, Plaza Morean), eta musika emanaldi batetik harago doan saioa egiteko asmoa dute. Eta Marte Lasarte ariko da ondoren (14:00etan, Goiko plazan), udazkenean argitaratutako Ez Da Besterik lehen lana zuzenean emateko. Horren ostean, eta emanaldi nagusiak abiatu aurretik, musika jarriko dute Melenas DJ Seteko kideek; 15:00etan hasiko da saio hori, Goiko plazan.

 

Emanaldi nagusiak

Nafarroa plazako emanaldiak 18:00etan abiatuko dira, eta bata bestearen atzetik igoko dira taldeak oholtzara, goizaldera arte. Hona hauek dira agertoki horretan ariko diren sei taldeak: EZEZEZ, Amor Liquido, Holiday Ghosts, The Black Wizards, Dummy eta A Place To Bury Strangers.

EZEZEZ taldeak sona handia izan du azken urteetan. 2022an argitaratu zuten lehen diskoa, When I Think Something is Funny, I Smile, eta handik urtebetera bigarrena: Katuzaldia. Punk doinuak dira nagusi Bilboko taldearen kantuetan, baina badute rocketik, grungetik eta psikodeliatik ere.

 

Amor Liquido talde madrildarrak bost urte daramatza ekinean, baina duela urtebete eskas plazaratu zuten taldearen izen bera duen lehen diskoa. Konplexurik gabeko lana da, eta Carolina Durante, Cage the Elephant eta Hotwax taldeetan inspiratu dira diskoa grabatzeko, besteak beste. Bertan, elkar maitatzea «ekintza iraultzailea» dela defendatzen dute.

Garagea, janglea, rock-and-rolla, indiea, punka, popa... estilo horiek denak uztartzen ditu Ingalaterrako Holiday Ghosts laukoteak. Taldea sortu zenetik hona Erresuma Batuko eta Europako agertoki handietan jo dute, eta haien melodiak bolo-bolo zabaldu dira. Bost lan argitaratu dituzte 2017tik; azkena, iaz: Coat of Arms.

Portugalgo The Black Wizards taldea ere Andoaingo oholtza nagusian ariko da. 2015ean abiatu zuten ibilbidea, eta Europan zehar jotzen ibili dira. Soul eta fuzz doinuak dira nagusi Portoko taldearen melodietan, baina psikodelia zantzuak ere badituzte. Hiru lan argitaratu dituzte: Lake Of Fire, What The Fuzz! eta Reflections.

AEBetako bi talde arduratuko dira egunari ginga jartzeaz: Dummy eta A Place to Bury Strangers. Los Angelesko lau gaztek osatzen dute Dummy taldea. Eszenan tokia egiten ari dira indie-pop doinuekin, eta iaz argitaratu zuten Free Energy diskoa aurkeztuko dute Andoainen. Haien ondoren ariko da New Yorkeko A Place to Bury Strangers (APTBS). Hogei urte pasatxoko ibilbidea du taldeak, eta rock psikodelikoa, shoegazea eta rock espaziala tartekatzen dituzte. Urtebete ere ez da Synthesizer izeneko azken lana kaleratu zutenetik, eta bertako doinu gogorrekin itxiko dute aurtengo Andoaingo Rock jaialdia.

EMANALDIAK

  • 12:00. Lukiek (Zumea plaza).
  • 13:00. Gori Gori (Plaza Morea).
  • 14:00. Marte Lasarte (Goiko plaza).
  • 15:00. Melenas DJ Set (Goiko plaza).
  • 18.00. EZEZEZ (Nafarroa plaza).
  • 19:05. Amor Liquido (Nafarroa plaza).
  • 20:10. Holiday Ghosts (Nafarroa plaza).
  • 21:50. The Black Wizards (Nafarroa plaza).
  • 23:05. Dummy (Nafarroa plaza).
  • 00:30. A Place to Bury Strangers (Nafarroa plaza).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.