Bere ibilbideko bigarren lana du Federico Veirojek (Montevideo, 1976) La vida útil, zinemaren munduari egindako omenaldi xumea.
Filmean hasieratik ohartarazten da, istorioak ez duela benetan zerikusirik Uruguaiko Zinematekarekin eta bertako langileekin, baina garrantzitsua zen ingurumari horretan kokatzea?
Hasieran esaten da filmak ez duela filmotekaren istorioa kontatzen, baina horrek ez du esan nahi antzekotasunik ez dagoenik. Nerabe nintzenetik filmak ikusi ditut zinematekan, eta gero gainera, han egin nuen lan, eta ezagutu nuen bertako jendea eta giroa. Beraz, naturala zitzaidan kokagune gisa zinemateka hartzea.
Protagonista nagusia zinema kritikaria da. Zergatik hautatu zenuen zinema kritikari bat, eta zer ekarpen egiten dio filmari?
Neurri handi batean, protagonista zinema kritikari bat izatea halabeharrak eragindakoa da. Gidoi tankerako bat idatzia nuenean ezagutu nuen Jorge Jellinek kritikaria, Acné nire aurreko filmarekin elkarrizketa bat egin zidalako. Ezaugarri egoki asko zituen pertsonaia nagusiaren rolerako. Batetik, zinemateka bera eta zinemaren mundua ondo ezagutzen zituen, eta, bestetik, fisiko berezia du, eta egokia iruditzen zitzaidan. Bera ezagutu ostean gidoia moldatu nuen, beregan pentsatuz.
Zinemaren mundua etengabe agertzen da filmean. Zinema usaina du alde orotarik. Zinema izan liteke baliagarri bizitzarako?
Bai, zinemari buruzko ipuin moduko bat da, azken finean. Zinema bizitzarako baliagarri den ez dakit, egunero egiten diot galdera hori neure buruari. Urte asko daramatzat filmak ikusten eta mundu honetan sartua, baina oraindik ez dakit bizitzarako baliagarri den. Jarraitu nahi nuke zinemarekin sentitzen diren gauza ederrak sentitzen, hori bai. Gehien-gehiena ikusle izatea gustatzen zait, filmak ikustea, istorio horiek bizitzea, gaur egungoak eta lehengoak, baita gerokoak ere.
Pertsonaiak paradoxa bitxi bat bizi du. Urteak daramatza zinematekan lanean buru-belarri, eta lan hori amaitzen zaionean askatuko da, orduan biziko du bere filma...
Bai, pertsonaia hori energia bateria moduko bat da, jardun baterako agortu zaio energia hori, baina energia eraldatu egiten da, eta beste zerbaitera bideratzen du... maitasuna bilatzera, esaterako.
Zuri beltzean dago filmaturik lana. Gaur egun askok jotzen du horretara berriro.
Pantaila batean nik ikusi nahi nukeena filmatu dut. Zenbait jenderi irudi dakioke zerbait berezia edo bereizgarria, baina nik ezagutu dudan zinema ederrena zuri beltzekoa da, eta beste baliabide bat baino ez da.
Federico Veiroj. 'La vida útil' filmaren zuzendaria
«Gehien-gehiena ikusle izatea gustatzen zait»
'Acné' estreinakoarekin Zinemaldian izan zen duela bi urte, Horizontes Latinos sailean; Zabaltegin aurkeztu du aurten Uruguaiko Zinematekako langile baten istorioa kontatzen duen lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu