Opera

Gehien taularatu dituen operetako baten bermearekin abiatuko du OLBEK 75. denboraldia

Larunbatean hasiko da Bilboko operaren 75. denboraldia Euskalduna jauregian, eta hiru urte iraungo duen ospakizun programa ere abiatuko du. 'La Traviata' obra taularatuko dute, eta urriaren 20an, 23an eta 26an ere eskainiko dituzte saioak.

Giuseppe Verdiren 'La Traviata' operaren irudi bat. OLBEK UTZIA
Giuseppe Verdiren 'La Traviata' operaren irudi bat. OLBEk utzita
2026ko urriaren 14a
16:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

1953ko abenduren 30ean taularatu zuten lehenengoz Giuseppe Verdi konpositorearen La Traviata Bilbon. Urte hartan eratu zuten Operaren Lagunen Bilboko Elkartea (OLBE), eta erakunde horren babespean antolatutako lehen denboraldian jada entzun ahal izan ziren haren ariak. OLBEko kideek adierazi dutenez, obra horrek «balio sinboliko» berezia du horregatik, eta harekin emango diote hasiera 75. denboraldiari. Larunbatean izango da hori, Euskalduna jauregian, eta, gero, beste hiru emanaldi ere eskainiko dituzte: urriaren 20an, 23an eta 26an.

OLBEk bereziki kuttuna du La Traviata, eta, lehen urte hartan ez ezik, gerora ere beste hainbatetan eman dute Verdiren obra hori. Are gehiago, egunotako emanaldien ostean, guztira, haren 30 emanaldi eskainiak izango ditu OLBEk, eta, hala, erakundearen historian gehien eskaini diren lanetan hirugarrena izango da. Oraingoan, Jessica Pratt sopranoak interpretatuko du Violettaren rola, eta Javier Camarena tenorrak Alfredorena. Hain zuzen ere bi pertsonaia horien arteko maitasun istorio ezinezkoa da piezaren muina, baina pertsonaia gehiago ere badira haien inguruan. Gabriele Viviani baritonoak, esaterako, Giorgio Germont Alfredoren aitarena egingo du. Euskadiko Orkestrak ere hartuko du parte, eta Francesco Ivan Ciampak zuzenduko du.

Hiru urteko ospakizuna

La Traviata-rekin batera, beste lau obra izango dira Bilboko 2026-2027ko opera denboraldian: Rossiniren Sevillako bizargina, Wagnerren Walkiria, Donizettiren Roberto Devereux eta Pucciniren Manon Lescaut. Bost opera horien bidez, «maitatzeko beste hainbeste modu» erakutsiko ditu OLBEk.

Nortasun handiko opera izango du 75. denboraldiak lelotzat, eta hiru urte iraungo duen ospakizun programa baten lehen urratsa ere izango da. Aurten hasiko dutena izango baita 75. denboraldia batetik, baina 2028an beteko direlako erakundea sortu zutenetik beste hainbeste urte, eta, beraz, bi data horien arteko hiru denboraldiak omenaldi programa beraren barruan kokatu dituzte antolatzaileek. Zenbait programa berezi sortu dituzte horregatik, eta La Traviata-ren kasuan ere igarriko da hori. Besteak beste, opera horri buruzko hainbat doako jarduera antolatu dituzte bai Bilbon, bai eta Donostian ere. Urriaren 15ean, Kontzertua desordena zuzeneko podcasta entzuteko aukera izango da, EHUko Bizkaia aretoan, Bilbon, eta, egun berean, La Traviata-ri buruzko hitzaldia izango da Donostiako Orfeoiaren egoitzan. Eta urriaren 16an, 18:30ean, beste hitzaldi bat izango da Deustuko Unibertsitatean. 

BOS-ek omenaldia egingo dio MENARI BIHAR ETA ETZI

Bilboko Orkestra Sinfonikoak bi omenaldi kontzertu eskainiko dizkio Juanjo Mena zuzendariari. Bihar eta etzi izango dira saioak, Bilboko Euskalduna jauregian. Menak bederatzi denboraldiz zuzendu zuen BOS, eta lan horri aitortza egiteko baliatuko dute ekitaldia.
Aurreko urtean, alzheimerra zuela jakinarazi zuen zuzendariak, eta martxoan iragarri zuen urte amaieran erretiratu egingo zela. BOSen omenaldiak haren ordezkapen musikala eta Bilboko Orkestrarekin duen harremana izango ditu ardatz. Haren anaia Carlos Mena izango da bi emanaldien buru, eta harekin batera Asier Polo biolontxelo jotzailea ere izango da oholtzan. Besteak beste, Guridi, Carl Philipp Emanuel Bach, Faure eta Mozarten obrez osatutako programa eskainiko dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA