Derya eta Aziz artistak Ankaran bizi dira, Ezgi 13 urteko alabarekin. Bizimodu gozoa daramate, harik eta beren obra berriaren estreinaldian gertakari hutsal batek estatuaren jopuntuan jarriko dituen arte. Lana, etxea eta ohiko bizimodua galduko dituzte, eta dilema bati egin beharko diote aurre: egoera onartu eta beren ideiei uko egin, edo borrokatzen segitu. Krisi betean den familia baten erretratua egin du Ilker Çatak zinemagile turkiar-alemaniarrak Gelbe Briefe filmean. Eta lan horrek irabazi du Berlinaleko Urrezko Hartza.
Wim Wenders zinemagilea izan da zinema jaialdiaren 76. aldiko epaimahaiburua. Eta haren ustez, filmak argi agertzen du totalitarismoaren lengoaia politikoaren eta zinemaren lengoaia enpatikoaren arteko kontrastea. «Politikaren presio eltzean dagoen familia bat erakusten digu, zehaztasun ikaragarriz, jaialdiaren hamar egunotan ikusi ez dugun modu batean. Hotzikarak sorrarazi zizkigun. Bihozkada beldurgarri baten gisan ikusi genuen filma, gure herrialdeetan etorkizun hurbilean ere gerta litekeen zerbaiten gisan». Horregatik, Wendersen hitzetan, filma mundu osoan ulertuko da: «Ez izenik ez lekurik aipatzen ez bada ere, denok dakigu nor diren».
Zinemagilea bere lantaldearen babesean igo da oholtzara gaur iluntzean, jaialdiko sari nagusia jasotzera. Eta ekoizleetako batek filmeko eszena bat aipatu du, zeinetan intelektualak eta artistak eztabaidan agertzen diren. «Jaialdian egunotan bizi izandakoak ekarri dizkit gogora: zinemagileak zinemagileen aurka. Baina ez gara etsaiak, aliatuak gara. Benetako mehatxua ez dago gure artean, hor kanpoan baizik». Eskuin muturreko alderdiak eta «faxismo berriak» aipatu ditu segidan, eta dei bat egin du: «Ez gaitezen gure artean borrokatu, borrokatu dezagun haien aurka».
Palestinarren aurkako genozidioaren aurrean isilik geratzea eta haren kontra altxatutako ahotsak isilarazten saiatzea egotzi diote egunotan jaialdiari. Bada, hainbat zinemagilek genozidioa gelditzeko eskakizuna ozentzeko baliatu dute festibala ixteko ekitaldia.
Epaimahaiaren Sari Nagusia izaten da jaialdiko beste aitortza nagusietako bat, eta Emin Alper zuzendariaren Kurtulus lanak jaso du. Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Grant Gee zinemagilearentzat izan da, Everybody Digs Bill Evans filmagatik.
Lance Hammerren Queen at Sea filma izan da 76. jaialdiko beste garaile nagusietako bat; Epaimahaiaren Saria emateaz gain, Tom Courtenay eta Anna Calder-Marshall taldeko aktoreen lana nabarmendu du epaimahaiak.
Protagonistaren rolean egindako antzezpenik onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Sandra Huller aktorearentzat izan da, Rose drama historikoan egindako interpretazioagatik.