Genealogia feminista baten bideak

Aktibismo feministak Euskal Herriko musika mugimendu kontrakulturaletan egin duen bideaz aritu da Udane Barinagarrementeria, Kanterrin. Emakumeek jasandako bazterketa mekanismoak ugari izan direla ondorioztatu du.

Udane Barinagarrementeria, gaur, Oiartzunen emandako hitzaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Udane Barinagarrementeria, gaur, Oiartzunen emandako hitzaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
mikel lizarralde
Oiartzun
2026ko uztailaren 3a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer leku izan du praktika feministak punk eszena autogestionatuan? Izan al da emakumerik kontrakulturari lotutako guneetan? Nola justifikatzen da oholtzan leku bat izan dutenean ere emakumeek eta genero disidenteek gizonezkoek baino ikusgarritasun txikiagoa izatea? Galdera ugari egin ditu Udane Barinagarrementeriak gaur eguerdian Oiartzunen (Gipuzkoa) emandako hitzaldian, eta haiei ere erantzun die, feminismoak Euskal Herriko musika eszena kontrakultural eta punkean egin duen bidea ulertzeko gako batzuk eman nahian. Kanterri ikastaroan eman du Barinagarrementeriak Errebolta baten genealogia feministak: aktibismo feminista Euskal Herriko musika kontrakulturalean hitzaldia. Aurretik, Ione Expositok euskal musikagintzaren gaineko hausnarketa feminista bat egin du.

Barinagarrementeria gaiari buruzko tesia egiten ari da, eta aitortu du nerabezarotik izan dituen bi interesek bat egin dutela bertan: «Feminista eta musikazalea izan naiz, baina ohartzen nintzen bi kezka horiek ez zirela gurutzatzen. Eszena alternatiboan mugitzen nintzen, baina absentzia asko nabaritzen nituen, eta ikusten nuen zer jarrera nagusitzen ziren». Interes horiek bultzatuta erabaki zuen jaialdi antolakuntzan parte hartzea, Ikasketa feministak eta generoa masterra egitea, eta orain, berriz, musika autogestionatuaren barruan praktika feministak duen lekuaren inguruko tesia lantzea.

Euskal Herriko punk eszena autogestionatu eta kontrakulturala 1980ko hamarkadan eratu bazen ere, azken urteetan baino ez dira ikusgarri egin eszena horren barruan garatutako praktika feministak. Horrek ez du esan nahi, Barinagarrementeriaren iritziz, izan ez direnik. «Ez dakigu zer egon den, eta ematen du ez dela ezer egon, baina ez da egia». Horri lotuta, nabarmendu du ezjakintasuna zenbaitetan «sortu» egiten dela: «Ezjakintasuna ez da ezagutzaren hutsunea; sortu egiten da, eta zapalkuntza adierazten du. Eta ez da beti pasiboa; botere harreman batzuen ondorioa da, eta interes batzuei erantzuten die». Hori pribilegioei eusteko edo deserosotasuna saihesteko modu bat ere izan daiteke, Barinagarrementeriaren ustez. «Adibidez, RRVri buruzko errelatoetan, nork galdetzen du, eta zeri buruz galdetzen du? Eta horrela ematen du erabat maskulinoa zela eszena».

«Ezjakintasuna ez da ezagutzaren hutsunea; sortu egiten da, eta zapalkuntza adierazten du. Eta ez da beti pasiboa; botere harreman batzuen ondorioa da»

UDANE BARINAGARREMENTERIA Ikerlaria

Baina batzuetan ezjakintasuna kontzientziarik gabekoa ere izan daiteke: «Ez dakigu ez dakigunik ere. Euskal Herrian ere iruditeria kolektibo batzuk sortu dira, eta naturalki ulertu dugu gizonak bakarrik egon direla eszena horretan. Ez da galdetu ere egin emakumerik edo genero disidenterik egon den».

Eta egon, egon dira. Baita 1980ko hamarkadan ere. Oholtza gainean (Vulpess, Belladona, Tarratada, Matraka, Pleyade...), baina baita hortik kanpo ere, eszena agertokia baino gehiago baita: «Ekosistema oso bat da: kontzertu eta jaialdi antolatzaileak, irrati libreak, egunkarietako musika kritikariak... Hor emakume pila bat egon dira, baina ez zaie begiratu». Eta haietako batzuk zerrendatu ditu: Ines Menendez, Bilboko Gaueko aretoan kontzertuak antolatzen ibili zena; Marivi Ibarrola, RRVren garaian prentsarako argazkiak egin zituena; Lourdez Madow Alguno me moskea fanzinearen egileetako bat... «Egon, egon dira».

1980ko hamarkadan, eta baita aurretik ere, emakumea musika molde batzuekin lotu dela ere aipatu du Barinagarrementeriak: «Ez da gauza bera musika leuna eta gogorra egitea. Gogorraren iruditegia maskulinitateari lotuta egon da: abiadura, ahots zartatua... Kontrakalean, musika leuna, melodikotasuna, feminitatearekin lotu izan dira». Eta iruditeria hori arrakalatzen laguntzen duen bideo bat ere erakutsi du. Musikaria: Amaia Zubiria. Lekua: Doneztebeko Bordatxo dantzalekua. Urtea: 1996a. Kantua: Amonaren mengantza. Eta egoera: Zubiria publiko artean abesten eta dantzatzen, eta haren inguruan amama (eta baita aitaita ere) asko pogo moduko bat egiten.  

Udane Barinagarrementeriaren hitzaldia
Udane Barinagarrementeriaren hitzaldia, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Bazterketa mekanismoak

Mugimendu kontrakulturaletan eta eszena alternatiboetan boterea «kontu instituzional» gisa ikusten da Barinagarrementeriaren iritziz, baina eszena horietan ere «bazterketa mekanismo oso aktiboak» izan direla uste du. «Nagore Garciak ikertu du Espainiako Estatuko punk eszena, eta erresistentzia mugimendu gisa ageri da. Baina generoari eta arrazari dagokionean, huts egiten du eszena horrek». Barinagarrementeriaren arabera, emakumeen ahotsa zapaldu edo ezkutatu egin da, nahiz eta hori ez den modu formalean gertatu: «Baina praktika eta estrategia batzuk egon dira, eta kanon maskulino bat unibertsal gisa aurkeztu da». Are, emakumeek eszenan parte hartzeko «modu legitimoak» ezarri dira: «Emakume izanda, oholtza gainean, abeslaria edo bigarren ahotsa izan zintezkeen, baina emakumeen trebetasun teknikoa zalantzan jarri da». 

Horiek horrela, ezjakintasun horri buelta emateko eta gabezia bat osatzeko, hainbat ikerketa egin dira azken urteotan. «Zer dakigu, eta zer ez dakigu? Inportantea da ez bakarrik genealogia egitea, baita ere genealogia feminismoaren ikuspegitik egitea». 

XXI. mendearen hasieratik hona emakumeek leku handiagoa hartu dute musika eszenan, eta gune maskulinoak ziren horietan parte hartzeko estrategia ezberdinak hartu dituzte. Nagore Garciak identifikatutako hiru ekarri ditu gogora Barinagarrementeriak: «Lehena eszena horretara egokitzea da, aldatu gabe. Bigarrena, berriz, birjabetzea eta diskriminazio elementuak zalantzan jartzea; eta hirugarrena, ahalduntzea. Ahalduntze indibiduala batetik, punkak baduelako gauzak auzitan jartzeko nahia. Punkak esaten du ez dela ezinbestekoa ikasia izatea, ondo jotzea; eta jakintza hori ez duenak zilegitasuna izateko bide bat ireki du. Eta emakumeak ere horren parte dira». Eta, bestetik, ahalduntze kolektiboa ere izan da: «Lehen lerroak berreskuratzean, elkarrekin dantza egitean oholtza aurrean».

«Emakumeak ere ezberdinak dira euren artean, baina zein emakumeri buruz ari gara hizketan? Euskal Herrian jaiotako ahots eta gorputzak ekarri ditugu, baina zer gertatzen da migratu duten emakumeekin? Edo ijitoekin?»

UDANE BARINAGARREMENTERIA Ikerlaria

Eta halere, oraindik ere hutsuneak daudela deritzo Barinagarrementeriak. Eta zalantzan jarri behar direla hainbat kontu. «Emakumeak ere ezberdinak dira euren artean, baina zein emakumeri buruz ari gara hizketan? Euskal Herrian jaiotako ahots eta gorputzak ekarri ditugu, baina zer gertatzen da migratu duten emakumeekin? Edo ijitoekin?». Eta kontrakultura bera zer den ere auzitan jar daiteke hala. «Kontrakulturaz hitz egitean rockari buruz hitz egin izan dugu, baina kontrakulturaren indarra ez dagokio musika estilo jakin bati».

Eta aurrera begira eskuratu beharreko guneez ere hitz egin du Barinagarrementeriak. Izan ere, azken hamabost urteotan musika kolektibo feminista ugari sortu dira, teoria feminista musikara eramateko ahalegina egin dutenak (Nesken Gauak, Harrikada, Eskina Feminista, Mefsst...), eta erakutsi dute jaialdien antolakuntza «leku pribilegiatua» dela eszenan eragiteko. «Hor egon behar du feminismoak: oholtzan bai, baina baita txosnetan eta jai batzordeetan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA