Geografia jakin batek «oso baldintzatutako» bi eleberri

«Harreman anbiguo» bat du ardatz Joxean Agirreren 'Ispiluak eta itsasoak'-ek. Aramotzen kokatu du izen bereko lana Iñaki Irasizabalek

Iñaki Irasizabal eta Joxean Agirre, aurreko astean, beren liburuen aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Nobela bat bukatzen duen bakoitzean, halako «larridura edo egonezin» bat sartzen zaiola azaldu du Joxean Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949), eta ez duela gainditzen harik eta hurrengoaren hasiera polit bat edo egitura prest izaten duen arte. Iaz kaleratu zuen Goldsmithen ikaslea, eta,idazlearen esanetan, gaiz eta estiloz aldatzeko gogoa sentitu zuen hura amaitutakoan. Hala, dekadentzian datorren dandy aristokratiko baten eta neska gazte baten arteko harremana kontatu du Ispiluak eta itsasoak (Elkar) eleberrian.

Zestoako bainuetxean abiatu du kontakizuna, 1920ko hamarkadan, belle époque garaian. Han ezagutzen dute elkar Monsieur Perrin dandyak eta Maria Garrastazu bainuetxean lan egiten duen 16 urteko gazte baserritarrak. «Istorio honen interes nagusia da harreman horren anbiguotasuna, dandy horri mutilak gustatzen zaizkiola badakigu, baina badirudi neskak ere baietz; bat zaharra da, bestea gazteegia...».

Ispilu enpresa bateko akzioduna eta saltzailea da dandya, eta Parisen lana eskaintzen dio gazteari. Aizarna auzoko baserria utzi eta Biarritzen geldialdi bat egin ostean, Parisera doaz elkarrekin. «Ispiluek, modak eta argazkiek bidea ematen dute gizartearen egituraren argazkia egiteko». Agirreri asko interesatzen zaion beste gai bat ere badago istorioaren atzean: talasoterapia eta termalismoa. «Kostako turismoa hona beranduago iritsi zen, baina termalismoa Gipuzkoan oso inportantea zen, hamar bat bainuetxe zeuden ur beroekin. Baina dandyak, noski, bere suitean hartzen ditu bainuak».

Aurreko astean aurkeztu zuen Agirrek Ispiluak eta itsasoak, eta,ekitaldi berean, kaleratu berri duen Aramotz (Elkar) lanari buruz aritu zen Iñaki Irasizabal (1969, Durango). Xabier Mendiguren editorearen esanetan, oso ezberdinak dira bi liburuak, baina badute ezaugarri komun bat ere: «Geografia batek oso baldintzatutako bi liburu dira».

Itxita, naturaren erdian

Hain zuzen, Aramotz aukeratu du Irasizabalek istorioa garatzeko, Zornotza (Bizkaia) inguruan dagoen mendialde itxi bat. «Premisa batekin hasi nintzen: hiru ezezagunek elkarrekin bizi behar dute, gau eta egun. Eta eraikin batean itxi ordez, mendi zabalean ixtea pentsatu nuen. Han egon beharra daukate». Eta idazlearen ustez, ezkutuan egoteko, ez dago Aramotz baino toki hobeagorik.

Thriller itxurako nobelak idatzi izan ditu Irasizabalek, baina kasua argitzeari adinako garrantzia ematen dio gizartea deskribatzeari eta pertsonaiak eraikitzeari. Hala egin du Aramotz-en ere.Bi neska gaztek gorde behar dute beren burua paraje mortu horretako txabola batean, Saioak eta Edyk, Bilboko pisu batean droga erosten ari direnean, gauzak konplikatu eta nesketako batek saltzailea hiltzen baitu.

Txabolara joan-etorrian ibiliko da hirugarren pertsona bat ere. «Hiru ezezagunek elkarrekin bizi behar dute, eta, ezezagunak direnez, ez dakite zer asmo dituzten beste biek». Pista bat ere ematen du egileak: «Garrantzi handikoa da hiru gazte horietatik bi garai batean behintzat psikiatriko batean egondakoak direla. Hirurak ez, bi egon dira, eta horrek azalduko ditu batzuen eta besteen jokabide batzuk». Lau kapitulu ditu eleberriak, eta haietako bakoitzaren hasieran bigarren mailako pertsonaia bati egindako elkarrizketa laburra ageri da, jarraian datorrenari buruzko zertzelada batzuk emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.