Georg Baselitz pintore alemaniarra hil da, 88 urte zituela

Pintorea, marrazkilaria, grabatzailea eta eskultorea izan zen, bai eta neoespresionismo alemaniarraren ikono handienetako bat ere.

Georg Baselitz. GUGGENHEIM MUSEOA
Georg Baselitz. GUGGENHEIM MUSEOA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko apirilaren 30a
20:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hans-Georg Kern 1938an jaio zen, Deutschbaselitzen (Alemania). Gerora, hain zuzen, bere jaioterriaren toponimotik hartu zuen izen artistikoa: Georg Baselitz. Pintorea izateaz gain, marrazkilaria, grabatzailea eta eskultorea ere izan zen. Gaur hil dela jakinarazi du Ropac arte galeriak, eta zera azpimarratu dute: «Eragin nabarmena izan zuen bere garaikideengan, baita ondorengo artistengan ere». Iaz haren obra bildu zuen Bilboko Arte Ederren museoak; Baselitzek 2014tik hona landutako 49 lan jarri zituzten ikusgai Bilboko Arte Ederren museoaren 1970eko eraikina berriz ireki zutenean. 

Bigarren Mundu Gerrak bete-betean harrapatu zuen Baselitz, baita ondorengo Gerra Hotzak ere. Hala, orduko Berlin ekialdean hasi zuen bere trebakuntza artistikoa, bertako Arte Ederren Akademian, 50eko hamarkadan. Baina bota egin zuten, «heldugabetasun soziopolitikoagatik», eta mendebaldera lekualdatu zen 1958an. Bost urteren ondoren bere bakarkako lehen erakusketa aurkeztu zuenean, haren bi obrek eskandalu publikoa sortu zuten. Horietako bat mutil gazte bat masturbatzen erakusten zuen autorretratu bat zen. 

Figura distortsionatuek eta espresionismo basati batek ardaztu zuen Baselitzen lana. Hastapenetan, gizartearekin hautsi nahian, Pandemonium izeneko erakusketak antolatu zituen Berlin mendebaldean, Eugen Schonebeck pintorearekin batera. Nolabaiteko manifestu bisual probokatzaile batzuk osatu zituzten, Berlin ekialdeko errealismoa kritikatu baina baita mendebaldeko formalismoarekin hausteko ere. Arte gordin, adierazkor eta asaldatzailearen alde egin zuten. 

1969an hasi zen bere obretako figurak alderantziz margotzen. Ikuslea arreta jartzera behartzen zuen horrek: formari begiratu eta mezua alboratzera. Hala, urteen poderioz, neoespresionismo alemaniarraren ikono garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, bere burua inon sailkatzea gustatzen ez bazitzaion ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA