Ingeles Filologiako ikasketak egiten ari zela irakurri zuen Rafa Santxitz-Muxika itzultzaile eta irakasle ohiak lehen aldiz George Orwellen Down and Out in Paris and London (1933). «Gogoan dut 18 urte nituenean, eta Franco hil berria zela, liburu honek harrapatu egin ninduela eta zer pentsatua ere eman zidala», azaldu du, orduan irakurritako ale hori bera esku artean duela. Sentipen horrek Orwellen beste lan batzuk irakurtzera bultzatu zuen, eta baita lehen aldiz irakurritako hori bere kabuz itzultzera ere. «Mantso-mantso» ekin zion lanari, inongo presarik gabe. Behin erretiroa hartuta, ordea, lan horri denbora gehiago eskaini ahal izan dio. Gaur aurkeztu du lan horren emaitza: Lur jota Parisen eta Londresen. Igela argitaletxeak plazaratu du eleberria.
1903an jaio zen Orwell, Indian, eta Eric Blair zen haren jatorrizko izena. 2 urte besterik ez zuenean, Ingalaterrara itzuli ziren, bertakoa baitzuen familia. Ikasketak amaitu ondoren, Indiako Polizia Inperialean lanean aritu zen, Birmanian, eta Inazio Mujika Igelako ordezkariaren esanetan, lan horrek «inperialismoarekiko gorrotoa» sorrarazi zion. Iragan horretatik ihes egiteko asmoz-edo, lana utzi, eta Parisera joan zen bizitzera 1927an, idazle izateko. Orduan erabaki zuen George Orwell ezizena erabiliko zuela aurrerantzean. Eta, hain zuzen, aurrena Parisen eta geroago Londresen bizitakoak kontatzen dira orain euskaraz kaleratu den eleberrian, egileak bere ezizenez kaleratu zuen lehen lanean.
«Lan baldintza txarrak, bazterkeria, prekaritatea eta beste bizi behar izan zituen Parisen zen bitartean», adierazi du Santxitz-Muxikak Orwelli buruz. Idazleak etxerik gabe bizi behar izan zuen, pobrezian. Besteak beste, hoteletako sukaldeetan aritzen zen lanean, platerak garbitzen. Parisko monumentu garrantzitsuenak agertu beharrean, ostatuak, lantokietako nagusiak eta askotariko jendea jasotzen direla kontatu du Igelako ordezkariak. Bere egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, idazlea Londresera itzuli zen. Mujika: «Bizi izandakoaren erreportaje bizia da eleberria».
Hitanoa, aniztasunerako
Askotariko ostatu, lan eta tokietan ibilitakoa izanik, jende askorekin topo egin zuen bizialdian Orwellek: asiarrekin, errusiarrekin, irlandarrekin... Eta pertsonaien arteko hizketaldiak kaleko hizkeran idatzi zituen egileak jatorrizko bertsioan. Baina, nola ekarri haiek euskarara? Hitanoa erabili du horretarako Santxitz-Muxikak. «Sorterri bakoitzerako hitano mota bat erabili dut. Hibrido samar geratu da», garatu du azalpena. Adibidez, pertsona irlandar batek Debagoiena eskualdeko hitanoa erabiltzen du; frantses batek, berriz, lapurteraren antzekoa den beste bat. Kalean bizi den jendeak hika hitz egiten du; gainerakoek, ordea, zuka. Horrela, protagonisten arteko arrakala adierazi nahi izan du itzultzaileak.
«Profetikoa da [George] Orwell. Gizakien arimara doan narratiba konprometitua du»RAFA SANTXITZ-MUXIKAItzultzailea
Santxitz-Muxika erretiroa hartutakoan hasi zen berriro eleberria euskarara ekartzen, eta, denbora pasea zenez, beldur zen liburuaren gaia ez ote zen zaharkituta geratuko. Baina segituan baztertu zuen kezka: «Ez dago zaharkiturik, profetikoa da Orwell. Gizakien arimara doan narratiba konprometitua du». Orwell jendearen bizimoduaz kezkatzen zela ere gaineratu du. Dioenez, horren erakusle da haren idazteko modua ere; haren esanetan, argia, zuzena eta apaindurarik gabea du idazkera, baina lortzen zuen bere ingurua ongi erretratatzea. Liburua argitaratu zenetik ia ehun urte igaro badira ere, idazleak deskribatutako egoera batzuk hortxe daude gaur egun ere: «Bere liburuak abisu zorrotzak dira; eta betetzen ari dira, zoritxarrez».
Irakurlearen balizko esperientziaz hitz egiteko, nobelaren jatorrizko bertsioari erreparatu dio itzultzaileak atzera. Izan ere, uste du ingelesezko lana hizkuntza hori erabiltzen duen orok irakur dezakeela, «erraz». Baina, eleberria euskaratu duenean, euskarazko irakurleak itzulpenera erakartzea izan du helburu. «Irakurle euskaldunok euskaraz irakurtzera ohituta al gaude?», egin du galdera Santxitz-Muxikak. Bestalde, Itxaropena inprimategiaz ere oroitu dira gaurko aurkezpenean, bertan inprimatutako azken liburua izan baita.