Georges Bizeten 'Carmen' ezagunak lau saio izango ditu Euskaldunan

Hilaren 18an izango da lehena, eta Carolyn Sebron mezzosopranoa izango da ijitoaren rolean

ERREDAKZIOA
2003ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Aurrera darama OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak 2003-2004ko denboraldirako zehaztutako programazioa; Georges Bizeten Carmen opera aurkeztuko du urriaren 18an, 21ean, 24an eta 27an, Bilboko Euskalduna jauregian. Emilio Sagi zuzendari dela, Madrilgo Teatro Real-ek ekoitzitako 1875. urteko lan klasikoa eskainiko du OLBEk.

Carmen ijitoa, Jose kaboa eta Micaela baserritarra dira Bizet musikagile frantziarraren lan bikaineko protagonista nagusiak. Amodio istorio nahasia eta korapilatsua sortu zuen Bizetek Carmen lanean.

Kanadan hezitako Irina Mishura moldaviar mezzosopranoa zen Carmen antzeztekoa, baina zehaztu gabeko arazoak direla medio, Carolyn Sebron iparramerikar mezzoak ordezkatuko du; Sebron arduratuko da Carmen ijitoari ahotsa ipintzeaz. Placido Domingorekin batera Sanson eta Dalila interpretatu zuen Sebronek Madrilgo Teatro Real-en, orain lau urte. Jose kaboaren rolean, berriz, Cesar Hernandez puertoricar tenorra izango da; Inva Mula albaniar sopranoak egingo du Micaelarena, eta Christophe Fel baxuak Escamilo pertsonaiarena.

Hungariako Szegedeko Orkestra Sinfonikoa ariko da, Alain Guingalen gidaritzapean. Halaber, Bilboko Opera Abesbatzak ere hartuko du parte OLBEk Bilbora ekarriko duen lanean. Ezbairik gabe, arrakastatsu izateko baldintzak ditu Carmen-ek; aurtengo denboraldian OLBEk egindako ekoizpenik konplexuenetakoa da muntaiari dagokionez, eta zailenetakoa interpretazioari dagokionez .



Prospero Merimee idazlearennobela batetik idatziriko libretotik sortu zuen Bizetek Carmen. Espainian egindako egonaldiaren ondoren idatzi zuen Prospero Merimeek bere nobela. 1875ean estreinatu zuten Carmen, eta egun duen arrakasta ez zuen berehalakoan lortu; jendeak harrera txarra egin zion, Bizeten okerrerako. Urteak igaro ahala lortu du Bizeten maisulanak egun duen sona.

Musikagile handiekin ikasi zuen Bizetek Parisen

1838. urtean sortu zen Georges Bizet, Paristik gertu dagoen Bougival izeneko herrian. Alexandre Cesar Leopold Bizet da haren benetako izena. Jacques Halevy musikagile frantziarrarekin ikasi zuen musika Parisko kontserbatorioan. Halaber, pianoa jotzen ikasi zuen Antoine Marmontel piano jotzaile ezaguna izan zenarekin.

Bere operarik ezaguna Carmen da, baina beste batzuk ere sortu zituen Bizetek: Les pecheurs de perles (1863), La jolie fille de Perth (1867) eta Djamileh (1872), beste batzuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.