Gerardo Naranjoren 'Miss Bala'-k jarriko du abian Horizontes Latinos saila

Zinemaldian lehenago ere parte hartuak dira zuzendarietako batzuk; Sebastian Cordero eta Carlos Moreno, adibidez

Sebastian Corderoren Pescador filmaren fotograma bat. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Besteak beste Gerardo Naranjo, Sebastian Cordero, Carlos Moreno eta Christian Jimenezen azken lanak ikusteko aukera emango du Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailak aurten. Argentina, Mexiko, Txile, Ekuador, Brasil, Uruguai eta Kolonbian ekoitzitako filmak batuko ditu, hamahiru guztira, Horizontes saria irabazteko lehian. Saileko filmen zuzendarietako batzuk aurreko Donostiako Zinemaldi batzuetan parte hartuak dira, dela Horizontes Latinos sailean, dela Zinema Eraikitzen sailean.

Saileko aurreneko emanaldia Gerardo Naranjoren Miss Bala filmarena izango da. Mexikon ekoitzia da lana, eta Cannesko aurtengo zinemaldiko Un Certain Regard sailerako hautatu dute. Edertasun lehiaketa batean miss aukeratua izateko lehian parte hartuko duen neska gazte bat gaizkile taldeen arteko gatazka gordinean nola nahasten den erakusten du Naranjoren filmak. Malachance (2004), Drama/Mex (2006) eta Voy a explotar (2008) filmen zuzendaria da Naranjo. Azken horrekin Tesalonikako (Grezia) zinema jaialdiko Fipresci saria eta Guadalajarako (Mexiko) zinema jaialdiko hiru sari eskuratu zituen.

Sebastian Corderok Pescador ekarriko du aurten Donostiara, bere ibilbideko laugarren film luzea, Ekuadorren ekoitzia eta ustekabean narkotrafikatzaile bihurtutako arrantzale baten istorioaren kontaketan oinarritua. Zinemaldiaren Horizontes sailean parte hartu zuen Corderok 2004an, Crónicas-ekin, eta epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen, gainera. Nolanahi ere, Corderoren filmen artean oihartzun handiena Rabia-k izan du; Tokio, Guadalajara (Mexiko) eta Malagako (Espainia)jaialdietan saritu zuten eta zinema aretoetan oso harrera ona izan zuen. Iazko Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos saileko epaimahaiburua izan zen Cordero.

Iaz, Zinema Eraikitzen sailean

Carlos Morenoren Todos tus muertos filmak (Kolonbia) Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen iazko zinemaldian, artean amaitu gabe eta laguntza beharrean zela, sail horretan parte hartze duten film guztiak bezala, eta aurten, dagoeneko amaituta, Horizontes Latinos sailerako hautatutakoen artean dago. Perro come perro filmaren egilea da Moreno —2008ko ekitaldian Horizontes Latinos sailean emana—, eta Todos tus muertos lan berriarekin Sundance eta Rotterdamgo zinemaldietan parte hartu du, Donostiara iritsi aurretik. Bere lur sailetan ezustean hilotz mordoa aurkituko duen nekazari bat da filmeko pertsonaia nagusia.

Christian Jimenez zuzendariak 2008an hartu zuen parte Zinema Eraikitzen sailean, eta hurrengo urtean Horizontes Latinos sailean, Ilusiones ópticas lehen film luzearekin. Aurten, Bonsái ekarriko du Horizontes Latinos sailera, Txilen ekoitzitako film bat. Bi gazteren arteko maitasun istorio tragikomikoa kontatzen du Bonsái-k. Okzitaniako Tolosako Rencontres zinema jaialdiko Zinema Eraikitzen saileko saria irabazi du, eta Cannesko jaialdiko Un Certain Regard sailerako hautatu dute.

Honako hauek dira Horizontes Latinos sailean emango dituzten gainerako bederatzi filmak: Abrir puertas y ventanas (Milagros Mumenthaler, Argentina), Las acacias (Pablo Giorgelli, Argentina-Espainia), Anónimo (Renato Perez, Txile), Asalto al cine (Iria Gomez Concheiro, Mexiko), Entre la noche y el día (Bernardo Arellano, Mexiko), Historias que só existen quando lembradas (Julia Murat, Brasil), Girimunho (Clarissa Campolina, Brasil), Porfirio (Alejandro Landes) eta Ulises (Oscar Godoy, Txile-Argentina).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.