Euskal literaturaren eta nazioarteko literaturaren «funtsezko» eragileen lana aitortzeko: Bilboko Gutun Zuria literatur jaialdiak helburu horrekin banatzen ditu festibalaren izen bereko sariak. 2022an eman zituzten lehenengoak, eta aurtengoan, Gerediaga elkartea eta Valerie Miles idazle estatubatuarra izango dira saridunak. Otsailaren 24tik 28ra egingo dute hemeretzigarren aldia, eta literaturaren arloko makina bar sortzaile bilduko ditu egitarauak.
Antolatzaileen esanetan, Gerediaga elkarteak «Durangaldeko bizitza kulturala egituratu du» sortu zenetik, eta euskal kultura garaikidearentzat beharrezkoak diren proiektuak ere bultzatu dituela uste dute. Aipamen berezia egin diote Durangoko Azokari. 60 urteren ondoren, azoka euskal kulturaren urteroko topagune handia dela esan dute hedabideei zabaldutako oharrean. «Historia eredugarria ez ezik, gure literaturaren eta kulturaren iragana, oraina eta etorkizuna ulertzeko proiektu bizia, konprometitua eta funtsezkoa ere bada».
Valerie Miles (New York, 1963) literatura konparatuan doktorea da, baita idazlea eta editorea ere. Granta en español aldizkaria sortu zuen 2003an, eta haren zuzendaria da. Bertan, hainbat euskal idazleren lanen gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak bultzatu ditu, hala nola Harkaitz Canorenak, Eider Rodriguezenak, Karmele Jaiorenak eta Uxue Alberdirenak. The New Yorker, The New York Times eta The Paris Review hedabideetan kolaboratzen du. Gutun Zuria jaialdiko lan taldearentzat, nazioarteko literatura edizio garaikideko «figura nabarmenetako bat» da.
Aurtengo jaialdiko egitarauaren xehetasunak datozen asteetan zabalduko dituztela adierazi dute oharrean, baina, aurrerapen gisa, 30 bat profesionalek parte hartuko dutela azaldu dute.