Geroa asmatu zuen idazlea

Zientzia fikziozko literaturaren aitak, Herbert George Wells idazle ingelesak, 150 urte beteko zituen gaur. XX. mendeko asmakizun eta gertakari asko iragarri zituen bere nobelen bitartez.

James Whale zinemagileak iruditara eraman zuen Wellsen Gizon ikusezina nobela. BERRIA.
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Herbert George Wells idazle modernoa izan zen. Haren garaikideak magiaz baliatzen ziren kontatzen zituzten gertakari fantastikoak justifikatzeko, baina berak dena frogatu nahi zuen, idazten zuen guztia. Horrela, teoria zientifikoak bere liburuen gertaerak baieztatzeko baliagarri zituen. Halere, nahiago zuen susmoekin jolastu, gerta zitekeenarekin arduratuta baitzegoen. Irakurleak harritu nahi zituen idazleak, baina, bereziki, mundu errealaren satirizazioa egitea bilatzen zuen.

Etorkizunarekin kezkatuta, denbora zuen obsesio, geroak zer ekarriko zuen beldur. «Denok ditugu gure denbora-makinak. Atzera eramaten gaituztenak oroitzapenak dira, eta aurrera bultzatzen gaituztenak ametsak», zioen H. G. Wellsek. Halere, bera ez zen irudimenarekin bidaiatzearekin konformatu, eta ezinezkoa zena egin zuen posible: denboran atzera eta aurrera egiteko makina asmatu zuen. Horregatik, agian denboraren makinan egiten zituen bidaiak direla eta, iragarri zituen XX. mendeko asmakizun eta gertakari asko: hegazkina, tankea, bonba atomikoa, Europa berri bat, etxe prefabrikatuak, «munduko burmuin» bat deitu zuena: Internet izan daitekeena, iraultza sexuala edo mundu gerrak. Gerrak iragarri, eta bizi, bai Lehen Mundu Gerra, bai bigarrena. Beste iragarpen batzukez zituen ezagutu, 1946ko abuztuaren 13an hil baitzen, Gerra Hotzaren hasieran.

Ikusmen handiko idazlea izan zen eta bere aurreikuspenek liburu ezberdinetan izan zuten isla. Zientzia fikziozko izendapena existitu ez, eta aurrerapen literatura izendatu zen haren obra: munduan gerta zitekeenaren inguruan idazten zuen gertaera zientifikoetatik abiatuz. Wellsek 1895etik 1901era idatzi zituen bere obra garrantzitsuenak. Horrela, The Time Machinekaleratu zuen 1895. urtean. Gizakiek betidanik izan duten kezka islatzen zuen liburuak: denboran atzera-aurrera bidaiatzea. Istorioaren protagonista zientzialari bat da, eta laugarren dimentsioaren teorian oinarrituz asmatzen du denboran bidaiatzeko gailua. 802.701. urtera arte bidaiatuko du.

Handik gutxira, 1897an, Gizon ikusezina argitaratu zuen. Haren lana irakur daiteke euskaraz Miren Arratibelek 1997an itzulitako liburuan (Ibaizabal). Zientzia aurkikuntza berria aurkezten da istorioan: izaki bizidunak eta objektuak ikusezin bilakatzeko antidotoa topatzen du. 1901ean, The War of the Worlds eman zen ezagutzera. Bere laugarren nobelan-aurretik The Island of Doctor Moreau kaleratu zuen— martetarren inbasioa aurkezten zen. Martetarrek, zibilizazio goren batetik etorriak, Lurra konkistatzera etorri dira. Baina ezezaguna zaien zerbaitek geldiaraziko ditu: birusak.

Obren ekarpenak

Liburuan oinarritutako irrati programa batek izua eragin zuen New Yorken eta Ameriketako Estatu Batuetako beste hiri batzuetan. 1938ko Halloween eguna ospatzen zen, eta Orson Welles idazle eta ekoizleak martetar inbasioarenberri eman zuen irratian. Notizia, noski, ez zen benetakoa.

Errealitate sozialarekin konprometitua, emakumearen emantzipazioan interes handia izan zuen. Ann Veronica nobela da horren isla. Bizitza propioa izateko eskubidea aldarrikatzen duen emakume baten istorioa da: bere erabakien jabe izan nahi du.

Munduak barne borroka eragiten zion idazleari: itxaropentsu zegoen mundu hobe bat lortuko zelakoan, baina gizateriaren ekintzek ikara sortzen zioten une oro. Iragarpen gehienak teknologia suntsitzaileei buruzkoak ziren; izan ere, Hiroshima eta Nagasakiren garai atomikoa ezagutu zuen. Teknologiaz kezkatuta, berak uste zuen etorkizunaren aukerak aurreikusi zitezkeela, eta horiekin zentzuzko erabilera egiteko estutzen zuen jendea.

Baina bere testuek itxaropena islatu beharrean, izua sustatzen zuten; are gehiago, Wellsek bilatu gabe, ekarpena egin zion etorkizun beltzari, errealitatera eraman zitezkeen ideien inguruan idatziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.