Literatura

Gerrak zer arrakala sortzen dituen familietan

Idoia Santamaria itzultzaileak Maja Haderlap idazlearen 'Ahanzturaren aingerua' ekarri du euskarara. Bigarren Mundu Gerrak Austriako familia bateko zenbait belaunalditan utzitako arrastoak azaltzen dira lanean, alaba gazteenaren ahotsetik kontatuta.

Maja Haderlap idazlea, 2016an Bostongo Unibertsitatean emandako hitzaldi batean. BOSTONEKO UNIBERTSITATEA
Maja Haderlap idazlea, 2016an Bostongo Unibertsitatean emandako hitzaldi batean. BOSTONEKO UNIBERTSITATEA
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko urriaren 5a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maja Haderlap idazleak (Eisenkappel-Vellach, Austria, 1961) ez du bere iragana ahaztu nahi. Are, ahaideen iragana ere ez du ahaztu nahi, hura aipatzeak eta azaltzeak duen garrantziaz jabetuta. Austria hegoaldean dagoen herri batean jaioa da, Karintia eskualdean. Nahiz eta Austrian egon, Esloveniako kultura eta hizkuntza dituen komunitate batekoa da Haderlap. Bigarren Mundu Gerraren garaian nazien errepresioa jasan zuen komunitate horrek; hain zuzen, errepresio hori jasan zutenetako bat izan zen Haderlapen amona bera. Idazleak betidanik jaso izan ditu amonaren testigantza eta bizipenak, baina, aldi berean, beste belaunaldi batzuk iragan hori nola ezkutatzen saiatu diren ere ikusi du. 

Hori izan zuen abiapuntu Im Kessel kontakizuna idazteko orduan. Karintian bizi den familia esloveniar bat du protagonista, eta hark Wehrmacht-en aurrean —nazien Indar Armatuak— egindako erresistentzia azaltzen du. Eta kontakizun hori bera izan zen Engel des Vergessens (2011) nobelaren abiapuntua. Idoia Santamariaren itzulpenari esker, euskaraz irakurtzeko aukera dago aurrerantzean, Ahanzturaren aingerua izenarekin. Pamiela argitaletxeak plazaratu du eleberria, eta asteartean aurkeztu zuten, Donostian. 

Karintiako landa eremuko etxalde bateko familia bat da eleberriko protagonista, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik bertako hainbat belaunaldik bizitakoak kontatzen dira, alaba gazteenaren ahotsean. Bi ataletan banatuta dago istorioa, 70eko hamarkadan hasi eta 2000. urtera arte. Lehenengoan, neskatoa haur bat besterik ez da, eta amonarekin duen harremanak gidatzen du kontakizunaren haria. Amona kontzentrazio esparru batean egon zen gerrak iraun bitartean —Ravensbrücken—, eta bertan bizitakoaren inguruan hitz egin nahi dio bilobari, hura ahaztu ez dadin. Bigarrenean, narratzailea hazi egin da, eta herritik alde egin beharko du, institutura lehenengo, eta unibertsitatera —Vienara— gero. «Geroz eta kontraesan gehiago izango ditu; bai familiarekin, bai herrialdearekin, bai eta hizkuntzarekin ere», azaldu du Santamariak. Beñat Sarasola idazle eta itzultzaileak eleberriaren edizioan parte hartu du, eta esan du liburuaren «alde konplexuena» dela hori bera: «Ahotsa transformatu egiten da».

Itzultzaileak kontatu du Bigarren Mundu Gerraren oihartzuna «oso presente» dagoela liburu osoan. Hori dela eta, haren esanetan, pertsonaiak argi-ilunez beteta daude. Holokaustoak berak utzitako arrastoak aipatzen dira; bai familietan, bai auzoetan, bai eta jendearen haurtzaroan ere. Sarasola: «Letra larrizko biolentzia ageri da; nahiko gordin, edulkoratu gabe». Eta ez da Bigarren Mundu Gerraren inguruko ohiko kontakizun bat, esloveniarrek jasandako zapalkuntza azaltzen baitu. Bestalde, gatazka zuzenean bizi izan ez duen belaunaldi batek hitz egiten du gatazka hartaz. «Post-memoria ariketa bat da», gaineratu du.

Zehar-kontakizuna

Alemaniako inperioak sortutako plan bat da Mitteleuropa, zeinak Europa erdialdeko herrialdeen hegemonia kulturala lortu nahi baitzuen. Lehen Mundu Gerraren garaian hasi ziren aurrera eramaten. Urteen poderioz, kontzeptu geografiko gisa erabiltzera iritsi dira —besteak beste, Alemania, Austria, Kroazia, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Polonia daude bertan—, baina hori baino gehiago ere bada. Plana martxan jarrita, Alemaniak herrialde horiek ustiatzen eta menderatzen zituen, eta egoera horrek ahots propioa eman zien herrialde horiei —tartean Haderlapen sorterria—; eta literatura eta kontatzeko modu propioa garatu zuten. Santamariaren hitzetan, zehar-kontakizuna gailentzen da Mitteleuropako literaturan, eta Ahanzturaren aingerua ez da salbuespena. 

Eleberrian presentzia handia du mugak. Besteak beste, Eslovenia, Austria eta Jugoslaviaren artekoa nabarmentzen da. Muga fisikoaz gain —protagonistek behin baino gehiagotan zeharkatu behar izaten dute—, muga horiek herritarren hizkuntza eta ohituretan duten eragina ere aipatzen du egileak lanean. Jatorrizko nobela alemanez dago idatzita, eta Haderlapek eslovenierazko hitzak eta kantuak jaso ditu bertan, Karintiako aniztasuna islatze aldera.

Egileak 2023ko Frankfurteko liburu azokan emandako hitzaldi batean eman zituen alemanez plazaratzeko hautuari buruzko zenbait azalpen, eta itzultzaileak gogora ekarri ditu orain: «Alemanez hitz egiten den eremu batean Karintiako gutxiengo esloveniarra nola bizi zen azaldu nahi zuen, eta alemanak distantzia handiagoa ematen zion istorioa kontatzeko». Liburua kaleratu zen urte berean, Ingeborg Bachmann saria lortu zuen Haderlapek, Austriako literatur saririk entzutetsuenetako bat. Hori dela eta, sona handia lortu zuten bai eleberriak, baita idazleak ere. 

Naturaren deskribapenak

Nobela deskribapenez josia dagoela kontatu du itzultzaileak, eta horrek hainbat buruhauste eman dizkiola: «Deskribapenak arriskutsuak dira, adjektiboak traidoreak dira eta. Asmatuz gero, kontakizuna erraz doa, baina bestela paragrafo batek kartoizkoa dirudi». Naturarekin lotutako deskribapenak gailentzen dira batez ere. Familia protagonistaren etxaldea Austriako Alpeetan dago, eta han garrantzi berezia du basoak. Bestalde, lehenengo atalean batez ere, narratzaileak —haur bat da— eta amonak erabiltzen duten hizkerarako tonu egokia topatzea ere erronka izan da Santamariarentzat.

Azkenaldian literatura alemaneko autoreak itzultzen ari da Santamaria: Ingeborg Bachmannen Aldibereko (Erein, 2019) —euskarazko itzulpenaren Euskadi saria lortu zuen—, Winfried Georg Sebalden Austerlitz (Igela, 2022) eta Karl Marxen Luis Bonaparteren brumairearen hemezortzia (Igela, 2023). Ahanzturaren aingerua-ren kasua izan da gaur egun bizirik den egile baten liburua itzuli behar izan duen lehen aldia. Euskaratzerako orduan, atal batean testuaren tonua zein zen ongi asmatu ezin, eta Haderlapi berari eskatu ahal izan dio aholkua. «Austriarrentzat erraz ulertzen ziren esamolde batzuk beste hizkuntza batean hain erraz ulertzen ez zirela konturatu zen». Idazlearekin hartu-eman hori izatea bereziki interesgarria egin zaio itzultzaileari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.