Zinema. Estreinaldiak

Gerraostean girotutako konspirazioak

Iban Garate gaztea da Imanol Uriberen 'Miel de naranjas' film berriko protagonista nagusia

Iban Garate eta Angela Molina, Imano Uriberen Miel de naranjas filmean. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Imanol Uribe epaimahaikide izan zen 2009an Julio Alejandro gidoi zinematografikoen lehiaketan. Remedios Cresporen Miel de naranjas izeneko gidoiak eskuratu zuen lehen saria, eta Uribe guztiz txundituta gelditu zen Espainiako gerraostean girotutako istorioarekin. Gidoia beretzat hartu, eta hura pelikula bihurtzea erabaki zuen.

50eko hamarkadan dago girotuta istorioa. Beste behin ere oroimen historikoaren inguruko hausnarketa egin nahi izan du Uribek. Aspaldian Madrilen dagoen arren, azken urteotako euskal zinemagilerik emankorrenetakoa da. 1979an, El proceso de Burgos-ekin hasi zuen ibilbidea, eta, orduz geroztik, beste hamaika film egin ditu. Orain arteko azkena, 2007ko La carta esférica, Arturo Perez-Reverte idazle espainiar arrakastatsuenaren liburu batean oinarrituta.

Imanol Uribe ez da Miel de naranjas-ek duen Euskal Herriko ordezkari bakarra. Protagonista lanetan, Iban Garate dago. Aukera handia da aktore gaztearentzat. Haren ondoan, Blanca Suarez dago, azken garaiotan oso ezagun egin den aktore espainiarra, eta Don Eladioren rola egiten, Karra Elejalde Euskal Herriko aktore eskarmentuduna.

Andaluzian dago girotuta Miel de naranjas; Enrique eta Carmen gazteak, elkar ezagutu, eta maiteminduko dira. Enriquek soldaduskara joan behar du, baina Carmenek bere ondoan nahi du, eta hiriko epaitegian betetzea lortuko du. Bertan, Enrique egunero gertatzen diren bidegabekeria askoren lekuko izanen da.

Ezin du egoera hori jasan, eta hitzetatik ekintzetara pasatzea erabakiko du. Hortik aurrera, bere bizia arriskutan jarriko du, baita hainbat lagunena ere.

'MIEL DE NARANJAS'

Zuzendaria: Imanol Uribe.

Aktoreak: Iban Garate, Blanca Suarez, Karra Elejalde, Eduard Fernandez, Carlos Santos.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2012.

Iraupena: 100 minutu.

Estrenaildia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.